«Protesta ibiltaria»

LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko ekintzailea da aspalditik Megan Rapinoe AEBetako jokalaria. Azken egunetan eztabaida izan du Donald Trumpekin. Erdilariak haren politikak eta neurriak salatu ditu.

Megan Rapinoe AEBetako jokalaria, pentsakor, duela egun batzuk egindako entrenamendu batean. PETER POWELL / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Zelaian bezala kanpoan ere aho bilorik gabe mintzatu ohi da Megan Rapinoe Ameriketako Estatu Batuetako selekzioko izarra (Redding, AEBak, 1985). Argi esan zuen Munduko Kopa hasi aurretik emandako elkarrizketetako batean: «Protesta ibiltari bat naiz betidanik». Aspalditik ari da LGTBI kolektiboaren eskubideak aldarrikatzen, eta Donald Trump AEBetako presidentea arlo horretan egiten ari den politika salatzen. «Arrazista, homofoboa, gaiztoa, zekena eta misoginoa da».

Hala, Munduko Kopa irabaziz gero Trumpek egingo dien harrerara joango den galdetu ostean, hauxe erantzun zuen jokalariak Espainiaren aurkako final-zortzirenetarako lehiaren biharamunean: «Ez naiz Etxe Zuri puta horretara joango». AEBetan gizon eta emakume futbolarien artean dagoen soldata arrakalaren aurka ozenen mintzatu diren futbolarietako bat ere bada.

AEBek gaur jokatuko dute finalerdietako neurketa Ingalaterraren aurka (21:00), eta begi guztiak Rapinoeri begira egongo dira, bi arrazoiengatik. Batetik, zelaian egin dezakeenagatik: final-zortzirenetako eta final-laurdenetako partidetan berak sartu zituen AEBei sailkapena eman zieten golak —bost daramatza Munduko Kopan—. Gaur, gainera, ez du erronka erraza, txapelketako beste izarretako bat izango duelako aurrean: Lucy Bronze eskuin hegaleko atzelaria.

Bestetik, azken egunetan Trumpekin izan duen eztabaidagatik ere bada ikusmina. 2012an jakinarazi zuen Rapinoek lesbiana zela, eta makina bat keinu egin ditu harrezkero LGTBI kolektiboaren alde. Adierazgarriena da partiden aurretik ez duela abesten ereserkia, eta ez duela eskua bihotzean jartzen taldekideen gisara. Hori eginez, AEBetan bazterkeria eta jazarpena jasaten duten kolektiboen egoera azalarazi nahi du. Colin Kaepernick futbol amerikarreko jokalaria hasi zen hori egiten 2016an, eta Rapinoek babestu egin zuen. «Emakumea eta homosexuala izanda, badakit zer den baztertua eta jazarria izatea, eta ezin naiz isilik egon».

Horrek Trumpen haserrea eragin du, eta duela egun batzuk Twitter bidez mezu bat bidali zion jokalariari. «Keinu hori errespetu falta bat da gure herrialdearentzat. Harro egon beharko zenuke ordezkatzen duzun banderaz. Gainera, harrera egiteko, irabazi egin beharko duzue lehenbizi».

Frantziaren aurkako final-laurdenetako neurketan, Rapimoek ez zuen eraman kapitainaren besokoa, eta zabaldu zen AEBetako Futbol Federazioaren zigorra zela, Trumpekin izandako eztabaidarengatik. Baina ez berak eta ez Jill Ellis hautatzaileak ez dute hitz egin horri buruz.

Baina LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko eguna zela gogoratu, eta hau adierazi zuen partida amaieran Rapinoek. «Ezinezkoa da txapelketa bat irabaztea zure taldean homosexual bat ez badago». Gainera, barkamena eskatu zuen Trumpi erantzuteko erabilitako hitzengatik. «Amari ez zitzaion gustatu nik puta hitza erabiltzea. Baina esan nuena pentsatzen segitzen dut. Ez naiz joango harrerara».

Selekzioko bi kidek babesa azaldu diote publikoki Rapinoeri: Ali Kriegerrek eta Alex Morganek. Kriegerrek mezu garbia idatzi zuen Twitterren bertan, Trumpi zuzenduta. «Badakit ez dituzula gustuko kontrolatu ezin ditzakezun emakumeak, baina ni Rapinoerekin nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.