Italiako Giroa

Hautagai ugari eta argitzeko dauden zalantza asko

2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Oso irekia izango den itxura du Giroaren 104. aldiak. Izan ere, maila paretsuko txirrindulari asko ageri dira faboritoen zerrendan. Horietako bat da Mikel Landa (Bahrain). Hirugarren izan zen 2015ean, laugarren 2019an, eta garaipenarekin egiten du amets orain. Sasoiko iritsiko da: hirugarren izan zen Tirreno-Adriatikon, eta zortzigarren Euskal Herriko Itzulian.

Hautagaien artean, Simon Yates (Bike Exchange) iritsiko da pedal kolperik onenarekin. Alpeetako Itzulian aise nagusitu zitzaien Giroan aurkari izango dituenetako hainbati. 2018ko arantza atera nahi du: maglia arrosak azken txanpan egin zion ihes, ordura arte jaun eta jabe izan eta gero.

Beste faborito batzuk zalantza gehiagorekin iritsiko dira, arazo fisikoak tarteko. Horietako bat da Egan Bernal (Ineos). 2019ko Tourreko irabazleak oraindik ez du bizkarreko arazoen mamua uxatu. Fin hasi zuen sasoia, baina bi hilabete daramatza lehiatu gabe. Bederatzi igaro dira Remco Evenepoelek (Deceuninck) dortsala azkenekoz jantzi zuenetik, Lombardiako Giroan pelbisa apurtu ondoren. Vincenzo Nibalik (Trek) eskumuturra hautsi zuen apirilean.

Evenepoelen bilakaera ikusi bitartean, Joao Almeidak izango du Deceunincken lema. Ezustean, laugarren izan zen iaz, eta hamabost egunez jantzi zuen maglia arrosa. Aleksandr Vlasov (Astana) izango da gertutik jarraitu beharreko beste gazteetako bat.

Ikusteko dago, halaber, esprintetan nola moldatzen den Dylan Groenewegen (Jumbo Visma), Fabio Jakobsen bizi-arriskuan jarri zuen istripuaren ondorioz bederatzi hilabeteko zigorra bete eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.