Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Filipinak: iraganerako itzulera

Filipinetako Hauteskunde Batzordearen aurkako protesta bat, herenegun.
Filipinetako Hauteskunde Batzordearen aurkako protesta bat, herenegun. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Urkia -

2022ko maiatzak 15

Astelehenean Filipinetan autokraziarako bidean murgildu ziren. Eginak zituzten lehen urratsak, duela sei urte Rodrigo Duterte boterera iritsi zenean, eta, orain, pentsaezina zena gertatu da: Marcos diktadorearen semea presidente hautatu dute hauteskundeetan.

Duterteren agintaldi gogorrak ekarri dituen urteak ikusi eta hala ere gehiengoak egin duen aukerarekin argi geratu da bide horretatik jarraitu nahi dutela. Duterteren alabak eta Marcos diktadorearen semeak sortutako aliantza da garaile handia.

Oraindik ofizialki irabazlea baieztatu ez duten arren, botoen kontaketak ez du dudarako lekurik uzten: astelehenean 76 milioi pertsona inguruk bozkatu zuten, eta botoen %60 baino gehiago lortu du hogei urtez herria kontrolatu zuen diktadorearen semeak. Erreleboa ekainaren 30ean hartuko du.

Bi ziren hauteskundeetan faboritoak: Bongbong Marcos, izen bereko diktadorearen semea; eta Leni Robredo, azken urteotan presidenteorde eta Duterteren etsai nagusi izan den abokatu progresista. Zuria edo beltza; Duterteren jarraipena edo erabateko bira: adituek diote hauteskunde hauek Filipinak izan dituen polarizatuenak izan direla.

Belaunaldi gazteek ahaztu duten kapitulua

Hauteskunde egunean eta lehenago kanpainan ere, protesta ugari izan dira Asiaren hego-ekialdeko herrialdean. Batez ere belaunaldi helduetakoen artean egonezin handia sortu du diktadura Filipinetara iristearen arriskuak. Marcos diktadoreak ekarri zuena oroitarazten saiatu diren arren, ezin izan dute autokraziarako joera hori geldiarazi.

1986. urtean diktadurarekin nekatuta zeuden herritarrek iraultza hasi eta Marcos diktadorea boteretik kanporatu zuten; 35.000 bat tortura kasu eta ustelkeria leporatuta, herrialdetik alde egin behar izan zuten hark eta haren senideek. Bada, orain, 36 urte geroago, Filipinen lidergoa hartzeko gertu dago Bongbong ezizenez ezaguna den 64 urteko semea.

Imajinatu estatuan Francoren biloba bat presidente hautatua izan eta herritarrek sentituko luketena. Bada, ñabarduretatik haratago, agian horrelako zerbait da orain Leni Robredori botoa eman dietenek sentitzen dutena.

Batzuetan beti aurrera goazela pentsatu, eta alerta maila jaitsi ondoren, bat-batean iraganera egiten dugu jauzi. Manilak erakutsi du hori gertatzen dela. Adituen arabera, pentsaezina zena nola gertatu den azaltzeko Filipinetako hezkuntzari begiratu behar zaio: batez ere, azken urteetan historiaren bertsioa aldatu eta autokraziaren nostalgia eta idealizazioa bultzatu direla salatzen dute. Ondorioz, belaunaldi gazteek ahaztu dituzte Marcosekin izan ziren tortura eta epaiketarik gabeko hilketa guztiak. Orain, Filipinetan, sare sozialetan asko dira Marcos diktadorearen 20 urte horiek urrezko garai bezala deskribatzen dituzten testu eta bideoak.

Segurtasuna, agintzeko estilo autoritarioaren aitzakia onena

Duterteren azken sei urteek ez dute herria gehiegi beldurtu, indarraren abusu guzti horrek ez du balio izan autokraziaren ideia erromantikoa ahultzeko.

2018an, Manilan, galdetu nien taxi gidariei, hoteletako langileei, irla desberdinetako biztanleei... Duterteren inguruan pentsatzen zutena. Eta gehiagok esan zidaten gustuko zutela kontrakoa baino.

Gau batean taxian gindoazela gidariak esan zigunaz oroitzen naiz: «Duterte iritsi baino lehen ez nuen inoiz gauez lan egiten, arriskutsuegia zen-eta; kalea drogazale eta kriminalez beteta zegoen. Orain, aldiz, taxian alde batetik bestera gaueko ordu txikietan ere ibiltzen naiz beldurrik gabe; erabat aldatu dira kaleak, Manilak beste hiri bat dirudi». Hiriburuan ez, baina irla txikiagoetan, Koron-en adibidez, pare bat gaztek bai, esan zidaten ez zitzaiela Polizia inoiz gustatu, baina azken urteetan beldur handiagoa zietela.

Baina askok, taxi gidariak bezala, nahiago du abusua eta indarkeria Poliziaren eskuetan egotea; indarkeria horren biktimak drogazale edo kriminalak direla pentsatu eta beren burua leku horretatik urrun ikusten dutelako.

Pentsatzen dute askatasun gehiegi izanda kriminalitatea, eta, aldiz, agintari zorrotz baten eskutan jarrita herrialdeak diziplina, garapena eta oparotasuna izango dituela.

Robredoren aurkako kanpaina

Autokraziarantz bidea hasita, ez da erraza izango bira egitea. Duterterekin urratsak hasi eta zaila egin zaio bere etsai Leni Robredori joera hori geldiaraztea. Abokatu eta ekintzaileak ustelkeria amaitu eta giza eskubideak errespetatzea agindu duen arren, ez du lortu botoen %30 ere.

Hauteskunde hauetan tranpa asko egin dela ere salatzen dute. Auzo txiroenetan botoak erosi omen dira (200 euro ere eman dituzte boto baten truke), eta, batez ere, Robredoren aurkako desakreditazio kanpainan dirua ere jarri da: erakunde terroristekin harremana izatea leporatzeaz gain, pertsonalki erasotu diote, besteak beste esanez maitaleak dituela edo ez dela presidente izateko behar adina adimentsu. Ukitu misoginoa izan dute, hortaz, bere aurkako erasoek, eta ez da sorpresa Duterterekin landu den modelo atzerakoi, matxista, zakar hori ikusita.

Orain, Filipinek drogazaleak bere eskuekin hil dituela esatera iritsi den presidentearen alaba eta 20 urtez herrialdea hustu zituen diktadorearen semea izango dituzte agintari gutxienez beste sei urtez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Gazte batek hainbat lagun hil ditu Texasko ikastetxe batean

18 urteko gazte batek gutxienez hemeretzi haur eta bi heldu hil ditu Texasko ikastetxe batean

Paulo Ostolaza

Uvalde hirian izan dira hilketak, AEBetako hegoaldean. Hiltzaileak bere amonari egin dio tiro eskolan sartu aurretik, eta Poliziak han bertan hil du. Bidenek gogor hitz egin du armen lobbyaren aurka: «Zergatik da gurea halako sarraskiak gertatzen diren herrialde bakarra?».

Preso egon ziren politikarietako batzuk, artxiboko irudi batean. ©SUSANNA SAEZ / EFE

Gorenak iritzia aldatu du, eta Kataluniako presoen indultuak aztertuko ditu

Ander Perez Zala

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak immunitate parlamentarioa itzuli die Puigdemonti, Comini eta Ponsatiri, behin-behinean

Anthony Albanese (Australia), Joe Biden (AEB), Fumio Kishida (Japonia) eta Narendra Modi (India), atzo, Tokion egindako bileraren ondoren ©ZHANG XIAOYU / EFE

Asia-Pazifikoan Txinari aurre egiteko neurriak adostu ditu Quad aliantzak

Igor Susaeta

AEBek, Indiak, Japoniak eta Australiak egozten diote Pekini Indopazifikoan 'statu quo'-a aldatu nahi izatea. Ohartarazi dute eskualdean ezin dela Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren «antzekorik» gertatu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...