Asier Etxenike.
EZTABAIDA GELA

Egokitzaldian

2018ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Egokitzaldi fasean gaude eskola askotan, hezitzaile edo bidelagun, ume eta guraso. Politika instituzionalean ere horretan daudela esango nuke. Azken urteetan, eta ez bakarrik Euskal Herrian, politikan mugimendu handiak izaten ari dira. Aldaketa sozialen eraginak politikara iritsi dira, eta mendebalde honetan dena hankaz gora dagoela sentsazioa zabala da. Badirudi, gainera, jendartean ezagutzen dugun egonkortasun falta hori, politikan ere ezartzen ari dela; beraz, egokitzaldiak etengabekoa izan beharko du.

Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan politikoki hobekien gauden eremua dela dirudi. Frantziako politika eta gobernuko gorabeherei pultsu edo agenda propioarekin erantzuten ari dira, eta horrek egonkortasun, ziurtasun eta indar irudia ematen du. Egitura instituzional oso bat eraikitzen ari da, eta suposatzekoa da tentsioak sortuko direla, baina orain arte erakutsitako kultura politikoren eskutik, tentsio horiei aurre egiteko gaitasuna eta determinazioa alde guztietatik badagoela ematen du.

Hegoaldea Estatuan ematen ziren gorabeherei begira egon da denbora luzez. Podemos zela, Kataluniako prozesua zela, Hauteskunde orokorrak zirela, aurrekontu negoziazioak, gobernu aldaketak…

Nafarroa Garaian aurreko legegintzalditik zetorren olatuari eutsi eta aldaketaren zikloa ireki dute. Hor ere tentsio handiak egon dira, eta esango nuke bai Geroa Baik Nafarroako gobernuan, bai EH Bilduk Iruñakoan, batak bestea izan duela bazkide serio eta arduratsuena, gorabeherak gorabehera. Aurten, ordea, hauteskunde urtea da, eta Geroa Baik bere hasierako asmoei eusten diela erakutsi du, PSNri keinuak eginez. Aldaketaren iraunkortasuna zalantzan dago, aldaketak eta erregimenak indarrak nahiko parekatuak dituzte. Geroa Bairen estrategia egokia izan daiteke bloke batetik bestera bozkak eramateko, PSNren hautesleria erakarriz eta aldaketaren aldeko indarrak indartuz. Estrategia horrek aldaketaren eremuko indarren artean zatiketa eragingo badu, aldaketa bera oso baldintzatua geratuko litzateke. Ziurgabetasun hori ikasturte osoan mantenduko dela esango nuke, hauteskunde gauean eta hurrengo egunetan ere.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lau urte eta erdi joan dira autogobernu ponentzia idazteko lantaldea martxan jarri zenetik. Orduan UPyD zegoen eta Podemos ez zen existitzen. Aldaketa horiek bazter utzita, inor gutxik esango zuen orduan EAJ eta EH Bildu adostasunera iritsiko zirenik, erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta, Estatutu bat idazteko. Dena dela, ikusten ditut hainbat ahuldade aurrera begira, bereziki herritarren babesa eta bultzada jasotzeari dagokionez. Eusko Ikaskuntzak egindako saiakera bat kenduta, orain arte, oso maila instituzionalean landu da dena, eta herritarrek, interes gehiago edo gutxiagorekin, oso urrutitik ikusi dute prozesu osoa. Estatutu honekin urrats sendoak eman nahi badira, herritarrak Estatutu berria bere sentitzea ezinbestekotzat dut. Horretarako, bi zailtasun nagusi ikusten ditut: bata, pragmatismoaren izenean Madrilgo oniritziaren esperoan eta haiekin ezer negoziatzen hasi aurretik, hemendik Estatutua erabat «zepilatzea». Horretarako, iruditzen zait transbertsalitatea ezin dela aitzakia gisa erabili; izan ere, EAJk eta EH Bilduk inork baino aniztasun handiagoa biltzen dute, 620.000 pertsonena baino gehiagorena, hain zuzen (eta boto baliagarrien %58). Zer esanik ez, Podemosekin adostasuna lortuko balute. Beste zailtasuna, Estatutu hau independentziarako bidean «jokaldi taktiko» huts gisa ikustea herritar sektore zabalek, eta, ondorioz, ondo ateratzeko ez gogorik ez ilusiorik ez izatea, prozesu hau lehenbailehen amaitzeko gogoz, «benetako» prozesuaren zain egonik.

Batzuk eta besteak egoera eta interes ezberdinetara egokitu beharko dira, bereziki hauteskunde urte honetan, baina Euskal Herriko eremu guztietan badira arduraz jokatzera behartzen duten elementuak. Garai interesgarriak datoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.