Retabet Bilbo Basket 73-85 Bartzelona

Bilbo Basket finalerdietatik kanpo geratu da

Hortzak erakutsi dizkio Bartzelonari, baina aurkariaren kalitatea eta jokalari kopuru handiagoa erabakigarriak izan dira azken laurdenean

Aitor Manterola Garate.
2020ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Retabet Bilbo Basket. Rousselle (11), Serron (8), Rigo (7), Cruz (3) eta Balvin (9) —hasierako bostekoa—; Miguel Ruiz, Rafa Martinez (5), Sergio Rodriguez (9), Sulejmanovic (11) eta Lammers (10).
Bartzelona. Hanga (2), Higgins (12), Claver, Oriola (23) eta Tomic (13) —hasierako bostekoa—, Heurtel (8), Kuric (7), Abrines (6), Smits eta Davies (14).
Markagailua. 16-19, 33-34 —atsedenaldia— 56-61, 73-85. Epaileak. Calatrava, Castillo eta Garcia Ortiz.

Unicajaren aurka jokatuko du bihar Retabet Bilbo Basketek denboraldi berezi honetako azkeneko partida. ACB ligako azken fasean, finalerdietarako sailkatzeko aukerarik gabe geratu da, atzo Bartzelonaren aurka galdu eta gero.

Niko Mirotici atseden emanda, lasai atera ziren kataluniarrak, eta Bilbo Basketek ondo baliatu zuen aukera aurretik jartzeko. Baina kataluniarrak joan ziren aurretik laurden horren amaieran (16-19). Bigarrenean, berriz hartu zuen aginte makila Bilbo Basketek, eta zazpi puntuko koska ere eragin zuen laugarren minutuan (28-21). Baina Bartzelona, lana erdizka eginez, gai izan zen berriz ere aurretik joateko laurdenaren amaieran (33-34).

Hirugarren laurdenean, ihes egin zion aurkariak, jokaldi berean epaileek bi teknika adierazi zizkiotelako Balvini eta Mumbruri, eta gainera 2 eta 1ekoa ere gauzatu zuelako Bartzelonak. 41-49 zen emaitza orduan, baina, gero, bilbotarrek lortu zuten aurretik jartzea ere: 50-49. Hala ere, azkeneko laurdenari zazpi puntu azpitik ekin zioten.

Laugarrenean, Bartzelonak estutu egin zuen zaintzako lana, jokalari kopuru handia baliatuz. Bilbo Basketek, berriz, ezin horrelakorik egin, eta, nekeak erasanda, eta Pierre Oriola pibotaren lan handiari aurre egin ezinda, atzean geratu zen; azkenean, hamabi punturen aldeagatik galdu zuen. Baina, Alex Mumbruk gero adierazi zuenez: «Dena ez da galtzea edo irabaztea, eta oso harro nago jokalarien lanarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.