Ion Azpiroz. Mendi korrikalaria

«Lehen hamarren artean amaitzearekin egiten dut amets»

PEIO FADRIQUE.
Unai Ugartemendia.
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Bere kirol ibilbideko sasoi onena egiten ari da Ion Azpiroz (Berastegi, Gipuzkoa, 1980): irabazi egin ditu Euskal Herria Mendi Erronka eta Goierriko Bi Handiak lasterketak, baita marka lortu ere. Iazko arantza atera nahi du UTMBn.

Denboraldi bikaina daramazu. Espero al zenuen halakorik?

Urte hasieran, lan istripu baten ondorioz, denbora luzea igaro nuen korri egin ezinik. Hori dela eta, ez nuen itxaropenik udaberrian halako sasoian egoteko. Baina denborak erakutsi dit atseden horrek mesede egin didala.

Euskal Herria Mendi Erronkaeta Goierriko Bi Handiak irabazi dituzu, eta hamargarren izan zara Espainiako Ultra Txapelketan. Ezin gehiago eskatu.

Denboraldiko lehen zatia itzela izan da emaitzei dagokienez. Gustura nago egindako lanarekin. Gainera, bi garaipen horiek bereziak izan dira, Euskal Herrian, etxean, izan baitira. Horri, gainera, euskal selekzioarekin debuta eginda emaitza ona lortu dudala erantsiz gero, ezin hobeto joan da sasoia.

Sasoiko al zaude UTMBrako?

Iazkoarekin alderatuta, koska bat beherago nago. Hala ere, oraindik bada denbora zerbait hobetzeko. Garrantzitsuena da lesiorik ez dudala. Gogotsu nago.

Lehenik ere egina duzu UTMB. Nola gogoratzen duzu estreinako hura?

2015ean izan zen; distantzia horretako lehen ultra izanik, amaitzera irten nintzen, eta hamahirugarren postuan sailkatu nintzen. Iaz, sasoi onean nengoenez, helburu handiagoekin irten nintzen, eta, 28 kilometro falta zirela eta lehen hamarretan sartzeko lehian nengoela, erretiratu egin nintzen. Pena handia izan zen.

Beraz, iazko arantza ateratzeko asmoarekin al zoaz?

Arantza hor dago, eta kentzea gustatuko litzaidake, baina burua galdu gabe, Aurtengo helburua besterik ez dut buruan.

Eta zein da helburu hori? Lehen hamarren artean sartzea?

Iaz ikusi nuen lehia horretan sar nintekeela. Hala ere, nire helburu nagusia nire denboraren bueltan ibiltzea da. Horrek ekar diezadake lehen hamarretan sartzea.

Zerekin amesten duzu?

Amets on eta luze baten bukaera izango litzateke lehen hamarretan artean sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.