HILBERRIA. Mark E. Smith

The Fall-i zutik eutsi zion oinarri ankerra

MARTA PEREZ / EFE.
Maider Galardi
2018ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
«Haserre egotea garrantzitsua da niretzat. Gaitasuna dut taberna bat nik nahi dudanean husteko. Talentu bat da». Gordintasun horrekin erantzun zion Mark E. Smith The Fall musika taldeko abeslariak The Guardian egunkariak joan den udazkenean egindako azken elkarrizketari. Ez zuen alferrik irabazi anker ospe hori. Iaz bete zituen 40 urte The Fall taldean, eta guztira 66 musikari igaro dira taldetik. Zaila omen zen Smithekin lan egitea. Misantropotzat ere hartu zuten askok. Amorruz egiten zuen kantu, eta horrek bilakatu du akaso post-punkaren erreferente nagusienetako bat. Smith izan da The Fall taldea zutik mantendu duen ezinbesteko zutoina. Hil egin da, 60 zituela, udatik gaixo egon ostean, arnasketa arazoak zirela eta.

1957an jaio zen, Broughtonen (Ingalaterra), baina haren familia segituan joan zen Mantchester ingurura. Gaztaroan ezagutu zuen hiriko musika giroa, eta, Sex Pistolsen kontzertu bat ikusi ostean, The Fall taldea osatu zuen, 19 urte zituela, 1976an. Hainbat musika adituk aitortu dute garai hartako punk estiloa errotik hartu eta iraultza egin zuela; azpimarratu ohi dute post-punkaren sortzaile nagusietakoa dela.

Hala ere, taldeak musikariz bezainbeste aldatu du estiloz. Horretan ere ausarta izan dela esan dute. Rock alternatiboan lehenik, eta indiean ondoren, The Fall lehen mailako taldea izan da gaur egun arte. Horretarako, Marc Riley DJa ere ezinbestekoa izan da. Egun BBC irratian dabil lanean, baina hasieratik jarraitu du hurbiletik Smithen ibilbidea.

Literatura zalea, poeta eta politikaren jarraitzailea izan da Smith, eta ongi islatuta geratu da hori haren kantuen hitzetan. Kritika soziala eta satira gailendu dira haren lan ezagunetan: besteak beste, azpimarratzekoak dira Dragnet (1979), Totale's Turn (1980) eta Cerebral Caustic (1995). Taldearen izenerako inspirazioa, berriz, Albert Camusen La Chut (Erorketa) nobela irakurri ostean aurkitu zuen.

Taldekideekin eta beste zenbait musikarirekin izandako gorabeherek eta zeukan alkohol mendekotasunak ez zuten eten haren arrakasta, eta iazko irailean AEBetan bira egitekoa zen, harik eta osasun arazoen ondorioz ospitaleratu egin behar izan zuten arte. Eztarriko arazoak eta arnasteko ezintasuna zituela argitu zuten orduan.

Gaixo zegoela egin zuen azken kontzertua, urrian, Londresen, gurpil aulkian. Azken hatsera arte The Fall-en lider eztabaidezina izan zen post-punkaren sortzaile ankerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.