(Auto)ezagutza, gure iraultza!

Enara I. Dominguez
2018ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Hilekoaren (edo obulazioaren) zikloaren istorioa ez da batere polita, mendeetan zehar gutxietsia eta ikusezin bilakatutako prozesua izan da. Azken finean, emakume izatearen ezaugarritzat hartu ohi da, eta medikuntzak soilik gorputz normatiboak aztertu izan ditu; beraz, bulba daukagun gorputzen inguruan eta gure prozesuez oso gutxi dakigu. Bigarren mailako garrantzia eman zaion heinean, patologizazio jarraitu bat sustatuta izan da, eta bizi osoko medikalizazioak aukera bakarra dirudi. Ondo legoke gogoratzea guztiak hilero gertatzen den (eta obulazio) prozesu baten ondorioz gaudela hemen!).

60ko eta 70eko hamarkadetan pilula antisorgailua iraultza izan zen. Ulertzekoa (eta, nire ustez, oso beharrezkoa), kontuan izanda sexu askatasun garaia bizi zela eta, behingoz, emakumeek haurdunaldia ekiditeko zerbait bazegoela. Urteak pasatu arren, pilulek dituzten eraginak behatzeko asmoarekin egindako ikerketak oso urriak dira oraindik ere. Eta, hala ere, pilula horiek erabiltzen jarraitzen dira, ez soilik haurdunaldiak ekiditeko, baita hormonen edo hilekoaren edozein desoreka kudeatzeko ere.

Aitortzen dut hilekoaren zikloaren inguruan ezer jakingo ez banu tentaldia izango nuela hilekoa desagertzeko edozein gauza hartzeko. Ondo dakigun bezala, gizarte honetan gorputz ez-normatiboa izatea ez da erraza, eta, gainera, zaila da odoletan (eta kasu askotan minduta) egoteak gehi munduak eskatzen digun abiadura eramatea. Baina informazioa behar dugu horrelako tratamendu bat gomendatu edo hartzea erabaki aurretik, eta pilulen inguruan daukagun informazioa ez da nahikoa, ezta lasaigarria ere.

Eztabaida «pilula bai edo pilula ez» baina sakonagoa da, nire ustetan ezinbestekoa da zalantzan jartzea nondik edo zergatik errezetatzen diren, nori egiten dion onura eta, esan bezala, zein izango diren gure gorputzetan nabari ditzakegun gertakariak. Ondo dago kontuan edukitzea ziklo sintetikoak (hormona propioak ordezkatzen dituztenak) obulazioa ezabatzen dutela; beraz, gure dantza propioa desagertzen da, eta hilekoa bera edukitzeari uzten diogu. Obulazioa ezinbestekoa da osasuna mantentzeko, eta etorkizuneko hainbat gaixotasun ekiditeko.

Hilekoa desagerrarazteko geroz eta medikamentu gehiago egotea ez da kasualitatea. Ziklo horrekin, estadio eta emozio ezberdinetatik pasatzen gara, eta horietako batzuek ez dira sozialki produktibo gisa ikusten, ez dira hazkunde kapitalista neoliberalean produktiboak. Hainbat albistetan irakur dezakegu gure gorputzetan ezer berririk ez dela gertatzen horiek hartuz gero, baina hori gezurra da gure hormona propioak aldatzen direnetik eta horren ondorioez ezer gutxi dakigun bitartean. Horrelako informazioaren atzean, enpresa farmazeutiko handiak eta horien interesak egoten dira, horiek baitaukate benetako nahia gure gorputzak kontrolpean edukitzeko, baita esandako medikalizazioa eta patologizazioa sustatzeko ere.

Hormonen dantza ezagutzearekin, gure gorputz eta bizi prozesuetara hurbiltzen gara; hau da, autoezagutza sakonerako bidea hasteko aukera daukagu. Gure behaketa propioak behar ditugueta baita ikerketa zientifikoak ere (bai fisiko-fisiologikoak baita kulturalak). Era honetan soilik erabaki ahalko dugu zer sartu (edo ez) gure gorputz eta prozesuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.