Nekane Goikoetxea.

Gosearen alde

2019ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Haurtzaroan euskal dantzara joaten ginen. Eraikin zaharrean kokatutako ikastolako patioan ikasi ohi genituen cuatropelos, llamada eta carrerak. Ederki ibiltzen ginen uztai, ezpata eta zapiekin jolasten. Izerdi patsetan bueltatzen ginen etxera teron teron hamaika aldiz kantatu ostean. Sanferminetan Iruñeko zezen plazara eramaten gintuzten, inude eta artzain jantzita, umeen egunean. Labrit frontoian elkartzen ginen etxetik eramandako bokadiloa jatera euskalerrietatik joandako ehunka ume. Artean ez ginen jabetzen ekintzaren dimentsio politikoaz.

Gaztetan jada dantza taldearen ardura hartuta ikastera joaten ginen bailara mailako gazteak. Han jantzi genituen dantzarako zapatila bigunak lehen aldiz, eta dantza pausoak izendatzeko euskara erabiltzen hasi ginen... lauarin, deia eta lasterkaz gain andraxetak, zote eta ingurutxoak. Barrezka begiratzen genion luzaketak egiteko barrari, herri xeheak lehen ilustratuei nola. Donostiara joaten ginen tarteka, Argia-koen lokalera, eta adinik ez zuen gizon dotore bat ezagutu genuen. Artean ez ginen jabetzen ekintzaren dimentsio politikoaz. Gosea genuen, besterik ez.

Dantza deitu dio Esnalek bere filmari. Abizenik gabe, substantiboki, subkultura izatearen arrastorik gabe. Poza hitz txikia gertatzen da lepo betetako zinema-aretoan usaindutako emozioa deskribatzeko. Familia handia da herriz herri dantza egin duen jendearena eta gosea besarkatzen lagundu digute Jauregik eta Esnalek. Horretantxelaguntzen digu kulturak, gosea besarkatzen.

Irati Elorrietaren azken lanak zentzumenak ekartzen ditu lehen orrira. Marx itzulikatuz dio leihoak etxe batentzat zer, horixe direla bost zentzumenak buruarentzat. Familiako etxeak leihoak nahi lituzke, arrazionaltasun modernoari irekitako fugak. Berlindik egiten du euskal kultura Elorrietak gosea duen edonorentzat.

Azkoititik egin zaio agurra Laja trikitilariari. Bat-batean joana, berrehun bat trikitilarik trikiti doinuz bete zuten Andramari parrokia. Familia bidezko kultur transmisioak ez zuen hor ere hutsik egin, Lajarekin hazitako haur, gazte zein helduek trikiti eta pandero agurtu zuten belauna. Malkotan zegoen bertan Aristerrazuko iganderoko erromerietara biltzen den lagun taldea sinistu ezinik igandeko ondoezaren ondorioa. Heriotzak definitzen ei du bizitza. Gure nor izatea ez izateak zedarritzen du.

Errepertorio askotarikoak ditugu klik batera gula garaiotan. Homologazio bulegoetatik ez dira eskaintzak falta. Zer dela-eta egingo dugu aukera bat ala beste? Naturala den goseari kasu egitea da naturalena. Hori bai, gosea kontzeptu kultural, hots, politiko bihurtua dugu mendebaldarrok. Arrazionalizatzen dugu zer den gosea eta teorizatzen dugu globalizazioaren konpultsioez. Gosea zentzumenak dira, etxeari ireki dizkiogun leihoak. Ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena. Etxeak diraueno egongo da gosea eta goseak diraueno gorputza.

Gula garaiak eszeptizismoz bizi ditu Fontcuberta argazkilariak. Aukera egitearen ariketa politikoa aldarrikatzen du aurre egiteko inpermeabilizatzen gaituen irudien gehiegikeriari, bihotz begiz sentitzeko gaitasun kamustuari. Aukera egingo duen jende hori izango da gero ere kulturan murgilduko dena. Gens libera, esango luke berendiak. Horretan gabiltza gosetiak, hiperarrazionalizazio honi gorputzez haginka egiten saiatuz, dela Iruñean, dela Berlinen, dela Aian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.