FABORITOAK

2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Tom Dumoulin (Sunweb) Maastrich (Herbehereak), 28 urte

Irabazteko hautagai nagusia, bai behintzat palmaresari erreparatuta. 2017an Giroa irabazi zuen, eta iaz bigarren izan zen Giroan eta Tourrean. Sasoi honetan, haren emaitzak ez dira ikusgarriak —laugarren izan zen Tirreno-Adriatikon—, baina badaki bere burua prestatzen Girora sasoi betean iristeko. Erlojupeko kilometro ugariek haren alde egiten dute. Beti bezala, haren taldeak zalantzak sortuko ditu, are gehiago Wilco Keldermanen falta dela.

Simon Yates (Mitchelton-Scott) Bury (Ingalaterra), 26 urte

Iazko arantza atera nahiko du. Giroan izan zuen txakalaldia txirrindularitzan gogoratzen diren handienetakoa izan zen. Hiru etapa irabazi eta ia Giro osoan lider sendoa izan ondoren, Alpeetan hondoa jo zuen, azken hiru etapetan. Itzuli handi bat irabazteko gai zen zalantzan jarri zuten askok, baina irailean Espainiako Vuelta irabazi zuen. Eskarmentu horrek txirrindulari hobe bilakatu dutela esan du. Hogei lehiaketa egun baino ez daramatza aurten.

Primoz Roglic (Jumbo) Trbovlje (Eslovenia), 29 urte

Iazko Euskal Herriko Itzulian elkarrizketa eman zion BERRIA-ri, eta hau zen goiburua: «Hiru asteko itzuliak irabazi aurretik, lehenbizi aste batekoak irabazi behar ditut». Bada, sasoi honetan aste bateko hiru irabazi ditu: Arabier Emirerrietako Itzulia, Tirreno-Adriatiko eta Erromandiako Itzulia. Sasoi onenean dagoen txirrindularia da, baina inoiz ez du postu onik lortu itzuli handi batean. Ikusi behar nola iristen den Giroko hirugarren astera.

Vincenzo Nibali (Bahrain-Merida) Mesina (Italia), 34 urte

34 urterekin bere onenak emanak dituela uste dute askok, baina Giroa iristen denean Marrazoa berpiztu egiten da. Bi aldiz irabazi du Giroa, 2013an eta 2016an, eta hiru urteen erregelari eutsiz gero, aurten dagokio. Behin izan da bigarren, eta birritan hirugarren. Tropeleko txirrindulari ausartenetakoa da, eta lasterketaren buruan agertu nahiko du. Ikusteko dago hankek ematen dioten: 2017ko Vueltan bigarren izan zenetik, ez da podiumera igo itzuli handi batean.

Miguel Angel Lopez (Astana) Pesca (Kolonbia), 25 urte

«Astanaren urteko helburu nagusia Giroa Lopezekin irabaztea da», Ion Izagirreren hitzak dira. Superman-ek Giroan alboan izango zuen talde bikaineko kideetako bat. Iaz bigarren izan zen Espainiako Vueltan, eta hirugarren Italiako Giroan. Iazko Giroan, baina, hiru minututik gora galdu zituen erlojupekoetan, eta aurten baino kilometro gutxiago zeuden. Denbora galera hori kontrolatzen badu, hirugarren astean nahi beste mendate du podiumera gerturatzeko.

Mikel Landa (Movistar) Murgia (Araba), 29 urte

Movistar taldeko lider gisa ariko da. Alejandro Valverderen osasun arazoek bere gainean utzi dute taldearen ardura nagusia, eta murgiarrak gustura hartu du. 2015ean hirugarren izan zen, eta 2017an lehen astean izandako eroriko batek urrundu zuen podiumetik. Bi urte geroago itzuli da, azken asteko mendateak zukutzeko asmoz. Iaz, baina, ez zen ondo aritu Tourreko erlojupekoetan, eta hor egongo da haren gakoa. Kontratua amaitzen zaio abenduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.