Kirola, dantza eta generoa

Oier Araolaza - Dantzaria eta ikertzailea

2019ko otsailak 24
Urteak dira erakunde publikoak kirolaren sustapen lanetan dihardutela. Eskola Kirola moduko kanpainak antolatzen eta finantzatzen dituzte erakunde publikoek (3 milioi euro Gipuzkoan, adibidez). Gipuzkoako Diputazioaren datuen arabera, Lehen Hezkuntzako ikasleen %80k parte hartzen du Eskola Kirolean. Mutilen eta nesken arteko desoreka handia zen orain 30 urte (%80 gizon. %20 emak.), baina emakumeen kirolaren sustapen kanpainekin ari dira orekatzen datuak (%60 gizon. %40 emak.).

Dantza ez da kiroltzat jotzen normalki. Dantzak ez du kirolak duen babes instituzionalik, ez azpiegitura sarerik. Hala ere, Gipuzkoan astero 10.000 lagun aritzen dira euskal dantzan. Horri gehitu beharko litzaizkieke beste dantza motak: balleta, modernoa, garaikidea, areto dantzak, kaleko dantzak eta e.a. Gehienak emakumeak. Kirol estatistiketan ez da jasotzen dantzaren berri, eta beraz, dantzan ari direnak, dantzaz gain kirolik egiten ez badute, pasibotzat jotzen dira. Alegia, dantzariak fisikoki aktibatu beharreko herritartzat jotzen dira, dagoeneko aktibatuta, dantzan ari direla kontuan hartu gabe. Aisialdirako jardueren eskaintza zabalaren erdian, baliabide eta babes urriekin lehiatzen da dantza, eta administrazio publikoa bera du lehiakide gogorrena, herritarrak kirolera bultzatzen baititu dantzan ari ote diren kontuan hartu gabe.

Ume guztiei gustatzen zaie dantza egitea. Musikak eragiten dizkigun sentipenak gorputzaren bidez azaleratzea gizaki guztiok dugun gaitasuna da. Ahalmen horrekin jaiotzen gara. Hazi ahala emakume gehienek gaitasun hori landu eta garatzen dute, eta gizonezko gehienek baztertu eta desaktibatzen dute. Umeei jaio orduko adierazten diegu zein den asignatu diegun genero-identitatea, eta genero bakoitzari lotutako jarduera estereotipatuetan trebatzen dira, beraien identitatea beste generoarekiko oposizioz eraikiz. Horrela, kirola, oro har, mutilen jardueratzat identifikatzen dute umeek eta dantza nesken jardueratzat. Beraz, eskola kirolaren garaia iristen denean ahalegin berezia egin behar da emakumeak kirolera hurbiltzeko, zenbait urtez neska asko aldenduta izan baita kiroletik, praktika maskulinoa zelakoan. Horrela, nagusiki dantzan aritu diren neskak kirolera bultzatzen dira, eta bertan, ordura arte kirola besterik egin ez duten mutilekin topo egiten dute.

Gizonezko gehienek dantza emakumeen jardueratzat daukate, ez dute ezagutzen eta ez dute balioan jartzen. Ez dakite dantza ondare kulturala izateaz gainera, osasunerako kirola bezain onuragarria dela. Arrotzak zaizkie dantzak eragiten dituen emozio eta plazer fisiko eta intelektualak, orekan eragiten dituen onurak, adimenaren, espazioaren eta dimentsioen antolaketan eta ongi-izate fisiko eta mentalean egiten dituen ekarpenak. Gizonezko gehienek ez dakite nola laguntzen duen dantzaren praktikak norbanakoaren garapen pertsonalean, intelektualean, afektiboan eta sozialean.

Neskek eta mutilek trebetasun eta gaitasun desberdinak garatzen dituzte hazkuntza prozesuan, baina bat-batean neskei esaten zaie gehien jorratu duten ariketak, dantzak, ez duela baliorik, eta kirola egin behar dutela. Kirola egin behar dute beraz, gutxi egin duten jarduera bat, eta beraiekin batera izaten dira kirola besterik egin ez duten mutilak. Gainera, kirola modu lehiakorrean ulertzen da nagusiki. Kirolaren bidez emakumeen gizonekiko gutxitasun konplexua eta gizonezkoen nagusitasunarena indartu eta naturalizatu egiten da. Baina kontuz, gizonezko gehienek ez dute inoiz dantza egingo; ez dira emakumeak trebatuta dauden jardueran arituko, ez dira gutxiago direla agerian jarriko dituen umiliaziotik pasa beharko.

Norbaitek azaldu diezadake zergatik ari den kirola sustatzen eta dantza baztertzen? Norentzat da hobea kirola sustatzea eta dantza baztertzea? Zergatik ez dugu dantza balioan jarri, dantza sustatu eta gizonezkoak dantzan aritzera bultzatuko dituen politika publikorik?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna