Beste behin finalean

Bera Berak 23-16 irabazi dio Gijoni Espainiako Kopako finalerdietan. Aula Valladolik izango du aurkari gaur eguerdian, finalean

Bera Berako Nekane Teres jaurtiketa bat egiten atzoko partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Ohikoa bihurtu dela esaten hasi beharko da: Bera Bera Espainiako Kopako finalean izango da. Zortzigarrenez jarraian lortu du bertan egotea, atzo Gijoni 23-16 irabazi eta gero. Donostiarrek Aula Valladoliden aurka jokatuko dute gaur finala (13:00), eta emaitza azken bi sasoietakoarekin zerikusirik ez izatea espero dute. Izan ere, galdu egin zituzten Ro'Casaren (27-26) eta Gijonen (20-17) aurkako finalak. Imanol Alvarezen taldeak Aulako jokalarien nekea baliatu nahiko du luzapenean utzi baitzuten kanpoan Elx—28 eta 29—; baita ere aurkariaren eskarmentu falta finaletan, lehena izango baita haientzat.

Ez zuen hainbeste sufritu beharizan Bera Berak. Ez zuen partida ikusgarria jokatu, baina bai eraginkorra. Defentsan oinarritu zuen garaipena. Zortzi gol baino ez zituen jaso zati banatan. Hor erabakigarria izan zen Renata Arruda atezainaren jarduna. Brasildarra bere talde ohiaren borrero izan zen. Hamazazpi gelditu egin zituen, jasotako 33 jaurtiketetan. Erasoan, berriz, ez zuen hainbeste argitasunik izan Bera Berak, eta ohi baino erritmo mantsoagoan jokatu zuen, ziurrenik gaurko finalera begira indarrak gordetzeko. Hori lortzeko asmoz, Imanol Alvarezek txandakatze dezente egin zituen partidan zehar. Sara Gilek, adibidez, ez zuen lehen zati osoan jokatu.

Lehen zati hori, Ro'Casaren aurkako final-laurdenarekin alderatuz, oso bestela hasi zuen Bera Berarak. Bezperako ikasgaia ondo barneratu, eta adi irten ziren pistara Imanol Alvarezen jokalariak. Lehen 10 minutuetanGijonek ez zuen golik egin, eta lau goleko errenta lortu zuen Bera Berak: 4-0.

Horrek lasaitasuna eman zien gipuzkoarrei defentesan,eta ondo zaindu zituzten Gijonen bi jokalari arriskutsuenak: Maritza Faria eta Raquel Caño. Erasoan, berriz, patxada apur bat gehiago falta zitzaien, jokaldiak gehiago landu, eta baloi galera inozo batzuk ez edukitzeko. Horren ondorioz ezin izan zuten partida hautsi.

5-1ekoaren ostean, bi taldeak oso kamuts aritu ziren erasoan. Zortzi minututan, 12. eta 20.aren artean, ez zen golik izan. Hurrengo minutuetan gipuzkoarrek ondo eutsi zioten lauzpabost goleko aldeari. Baina lehen zatiko azken txanpan neurketa estutu zuen Gijonek: 10-5etik 11-8ra. Espainiarren susperraldi horretan Nedelcuk min handia egin zien.

Hala, partida airean zegoen bigarren zatirako. Baina hasi eta berehala berriro ere bost goleko errenta lortu zuen Bera Berak: 13-8. Hor berriro ere erabakigarria izan zen Arruda atezainaren ekarpena, bi gelditu oso on egin baitzituen.Lehen zatian gertatu bezala, Gijonek 10 minutu eman zituen golik sartu gabe, eta hortik aurrera hasi zen erabakitzeko lehia Imanol Alvarezen taldea. Zazpi goleko aldea ere izatera iritsi zen, eta azken minutuetan errenta hori kudeatzera mugatu zen. Atzoko partidan Adriana Cardoso izan zen Bera Berako golegile nagusia. Bost gol sartu zituen, horietatik hiru penaltiz. Silvia Arderiusek, berriz, lau sartu zituen.

Bidasoa, Huescan

Asobal ligan, berriz, Europara sailkatzeko beste urrats bat egin nahi du Bidasoak gaur eguerdian, Huescaren pabiloian irabazita (12:00).Bidasoa oso bolada onean da. Jokoan izan diren azken hamabi puntuetatik, hamaika eskuratu ditu, eta bigarren itzulian partida bakarra galdu du: Bartzelonaren aurka, Artalekun. Baina gaurko partida gaiztoa da. Izan ere, Huesca oso talde indartsua da etxean.Jokatutako hamabi lehietan, bederatzi garaipen lortu ditu. «Oso talde sendoa da, batez ere defentsan. Ez dugu lantegi erraza izango», ohartarazi du Jacobo Cuetara entrenatzaileak.

Europarako sailkapena gero eta gertuago ikusten dutela onartu du. «Baina gure arreta osoa pokatzen dugun partida bakoitzean egon behar du. Hori erabakigarria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.