Gidatze askea hiritar askeentzat?

Oihane Abarrategi
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Hannoverretik Berlinera doan autobidetik gidatzen ari nintzen. Bide luzea aurretik eduki arren, eskumako erreiko auto errenkadaren erritmora egiten nuen aurrera. Bat-batean, zisst... misil bat bezain arin zihoan auto batek aurreratu ninduen. Zenbateko abiaduraz? Bestearen abiadura kalkulatzearren, nire kilometro-kontagailuari so egin nion. Orduko 180 kilometro. Ufaa... Besteak orduko 300 kilometro inguruko abiadura eraman behar zuen. Alemaniako autobideetan ez dago abiadura mugarik. Autoak uzten dizun beste, motorra erre arte.

Baina zergatik? Eta zergatik har dezake auto normal batek orduko 260 kilometroko abiadura Alemaniako zein Euskal Herriko errepideetan? Badakigu abiadura mailak eta auto istripuen larritasunak lotura estua dutela. Teknikoki ere, abiadura eta potentzia handia darabilten autoak egitea konplexuagoa eta garestiagoa da. Balazta bereziak, egonkortze sistema konplexuagoak, gurpil garestiagoak eta abar. Eta jasangarritasun aldetik, zer esanik ez, biraketa abiadura handitzean, CO2 emisioak handitzen dira eta zailago gertatzen da 2020rako Europako Batasunak ezarritako 95gr/km-en muga ez gainditzea. Orduan, zergatik tematzen gara auto gero eta azkarragoak sortzearekin?

Alemaniako adibidea hartu dut, bertan kontzentratzen delako ohiko susmagarrien masa kritikoa:Porsche, VW, Audi, Mercedes, BMW.... auto industriaren lobbya. Lobby horrek Alemaniako ekonomiaren Barne Produktu Gordinaren %8a dauka eta abiadura mugak jartzeari betidanik oldartu zaio. Populazioaren erdia baino gehiago muga jartzearen alde badago ere, Gidatze askeahiritar askeentzatlelopean abiadura mugarik gabe jarraitzen dute alemaniarrek. Inkesten arabera, abiadura mugatzearen kontra dauden gehienak gizonezkoak dira; gizonezko gazteak, batez ere. Gehiengoa izan ez arren, beraien ahotsa entzuten da ozenen, auto industriaren babesarekin. Alemanian gertatzen denak Europako beste edozein herrialdetan oihartzuna dauka, muga legalak egon arren, hauek gainditzeko hautua egitea erraza baita egungo autoekin. Eta zoritxarrez, ondorio larriekin.

Iragan astean zendu zen Jose Antonio Reyes futbolaria ez zihoan kasualitatez orduko 240 kilometrora, tuneatutako Mercedes Brabus batean. Gure gizarte patriarkalak gizonezkoei egiten dien eskaerari erantzuten zion. Erakuts dezatela atrebentzia, boterea, estatusa eta potentzia gurpil gainean. Bakoitzak ahal duen heinean.

Hala ere, itxaropen izpiak daude, pauso epelak instituzioetatik eta auto industriatik bertatik. Europako Batasuna heriotza tasa zeroren bila dabil eta 2022rako auto berri guztietan abiadura mugatzaileak eskatuko dituen direktiba prestatzen ari da. Eta Volvok, bere ezaugarria den ziurtasunaren paradigmari eutsiz, 2020tik aurrera ibilgailuen abiadura mugatuko du orduko 180 kilometrora.

Baina, finean, gure erabakia da. Zeintzuk dira sustatuko ditugun gure baloreak? Norantz abiarazi nahi dugu gure gizartea? Hiritarrok askatuko gaituena ez baita gure autoak har dezaken abiadura, bizitza elkarren artean sustatzeko egin dezakegun hautua baizik.

Bide batez, nire kilometro kontagailuan orduko 180 kilometro ikusi nuenean, balazta zapaldueta hurrengo zerbitzugunean autobidetik atera nintzen, pixa egin, kamamila bat edan eta errenkadari pentsatu gabe jarraitzeak daukan arriskuez gogoeta egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.