Abiada hartuta dabil

Urrezko Aizkolarien banakako finala jokatuko dute igandean, Azpeitian. Aitzol Atutxa da txapela bigarren urtez jarraian irabazteko faboritoa

Julen Etxeberria.
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Maila nagusiko banakakoan eta binakakoan banatu dira azkeneko txapelak aizkoran, eta biak ala biak buru berberak jantzi ditu, Aitzol Atutxarenak. Dimakoa (Bizkaia) bolada gozoan da. Joan den urriaren 23an, hirugarrenez jarraian irabazi zuen banakako txapelketa. Joan den martxoaren 5ean, berriz, zazpigarrenez eskuratu zuen txapela binanakoan, Ugaitz Mugertzarekin bikotea eginez. Bi aizkolariok aurkarik ez dute aspaldian binakakoan, jokatu diren azkeneko lau ekitaldietan nagusitu baitira.

Igande honetan, garaipen bolada horri segida eman nahi dio dimoztarrak. Urrezko Aizkolarien banakakoaren finala jokatuko dute 12:30ean Azpeitiko (Gipuzkoa) Izarraitz pilotalekuan, eta Atutxa II.a da irabazteko faboritoa. Garaipena lortuz gero, bigarren txapela luke; bigarrena jarraian. Iaz lortu zuen aurrenekoa, eta aspalditik sartuta zuen arantza atera. Izan ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen aurreko bost ekitaldietan. Beti gertu, baina inoiz ez podiumaren koska gorenean.

Atutxa II.ak, ordea, gogotik lan egin beharko du lan helburua betetzeko. Aurkari gogorrak izango ditu finalean: Iker Vicente otsagabiarra, Mugertza II.a mutrikuarra eta Jon Rekondo leitzarra. Vicente izan zen lehena sailkatzen, Rekondo eta Eneko Otaño mendean hartuta. Mugertza izan zen hurrena, Xabier Orbegozo Arria V.a eta Iñaki Azurmendi gaindituta. Atutxa II.a, berriz, Donato Larretxeari eta Ruben Saralegiri nagusitu zitzaien. Rekondo, azkenik, onena izan zen azken kanporaketan, Arria V.aren eta Larretxearen aurretik.

Egitekoa bost izaera ezberdineko 30 enbor moztea izango da. Lana azkarren amaitzen duenarentzat izango da txapela.

Maila nagusiko txapelaz gain, beste hiru final jokatuko dituzte: gazte mailan, Joxean Etxeberria eta Oier Kañamares ariko dira; gaztetxo mailan, Ioritz Gisasola eta Xuban Kañamares; eta emakumezkoetan, Irune Azkue eta Nerea Sorondo. Harri-jasotzea ere izango da, Pastorkua Memorialaren bigarren ekitaldiko finala jokatuko baitute Joxerramon Iruretagoiena Izeta II.ak eta Mikel Lopetegi Urra-k. ETB1k zuzenean emango du jaialdia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.