Osatu da eta lehiatzen hasi da mendi lasterketetako selekzioa

Unai Ugartemendia.
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Mendi lasterketen egutegia gizentzen ari da, eta, horrekin batera, Euskal Selekzioko kideak ere lehian hasi dira kamiseta urdina soinean. Iragan astean jakinarazi zituzten aurtengo helburu nagusiak. Urtero bezala, Munduko Kopaz eta Munduko Ultra Txapelketaz gain, Espainiako Kopa ere begiz joa dute aurtengoan. Lau korrikalari lehiatuko dira Munduko Kopan: Oihana Azkorbebeitia (iaz bosgarrena), Imanol Goñi, Jokin Lizeaga eta Hassan Ait Xau (txapeldunorde 2016an). Haien maila emanez gero, lehen postuetan sailkatzeko moduko lau korrikalari.

Urteko beste erronka nagusietako bat Munduko Ultra Txapelketa izango da. Irailaren 14an jokatuko da, Eskozian, Ben Navis lasterketan. Selekzioak lau korrikalari eramango ditu: Javi Dominguez (iazko Tor de Geants lasterketako irabazlea) eta Leire Martinez beteranoak, eta aurten selekzioan debuta egingo duten Jon Erdaide eta Raul Macarro. Bi aste lehenago Espainiako Ultra Txapelketa jokatuko dute Panticosan (Aragoi, Espainia), Valle de Tena lasterketan.

Lehen lasterketak

Espainiako Kopan bost lasterketa jokatuko dira. Espainiako Txapelketa ekainaren 10ean izango da Borriollen (Castello, Herrialde Katalanak). Zazpi lagunek osatuko dute Euskal Selekzioa: Aitziber Ibarbiak, Xabier Maciasek, Mayi Mujikak, Iban Letamendik, Asier Alonsok, Ander Iñarrak eta Julen Martinez de Estibarizek. Azken bost horiek izan ziren igandean, Alhaurin el Granden (Malaga, Espainia), Trail Cara los Tajos lasterketan (32 kilometro, 2.150 metroko desnibel positiboa).

Mayi Mujika eta Julen Martinezde Estibariz nabarmendu ziren. Mayi Mujika elgoibartarrak izugarrizko lasterketa egin zuen bere debutean, eta seigarren postuan amaitzea lortu zuen. Gizonezkoetan, Estibariz izan zen euskal ordezkaririk onena helmugan, bosgarren. Iban Letamendi hautatzailea pozik zegoen asteburuko emaitzekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.