Osatu da eta lehiatzen hasi da mendi lasterketetako selekzioa

Unai Ugartemendia -

2018ko martxoak 27
Mendi lasterketen egutegia gizentzen ari da, eta, horrekin batera, Euskal Selekzioko kideak ere lehian hasi dira kamiseta urdina soinean. Iragan astean jakinarazi zituzten aurtengo helburu nagusiak. Urtero bezala, Munduko Kopaz eta Munduko Ultra Txapelketaz gain, Espainiako Kopa ere begiz joa dute aurtengoan. Lau korrikalari lehiatuko dira Munduko Kopan: Oihana Azkorbebeitia (iaz bosgarrena), Imanol Goñi, Jokin Lizeaga eta Hassan Ait Chaou (txapeldunorde 2016an). Haien maila emanez gero, lehen postuetan sailkatzeko moduko lau korrikalari.

Urteko beste erronka nagusietako bat Munduko Ultra Txapelketa izango da. Irailaren 14an jokatuko da, Eskozian, Ben Navis lasterketan. Selekzioak lau korrikalari eramango ditu: Javi Dominguez (iazko Tor de Geants lasterketako irabazlea) eta Leire Martinez beteranoak, eta aurten selekzioan debuta egingo duten Jon Erdaide eta Raul Macarro. Bi aste lehenago Espainiako Ultra Txapelketa jokatuko dute Panticosan (Aragoi, Espainia), Valle de Tena lasterketan.

Lehen lasterketak

Espainiako Kopan bost lasterketa jokatuko dira. Espainiako Txapelketa ekainaren 10ean izango da Borriollen (Castello, Herrialde Katalanak). Zazpi lagunek osatuko dute Euskal Selekzioa: Aitziber Ibarbiak, Xabier Maciasek, Mayi Mujikak, Iban Letamendik, Asier Alonsok, Ander Iñarrak eta Julen Martinez de Estibarizek. Azken bost horiek izan ziren igandean, Alhaurin el Granden (Malaga, Espainia), Trail Cara los Tajos lasterketan (32 kilometro, 2.150 metroko desnibel positiboa).

Mayi Mujika eta Julen Martinez de Estibariz nabarmendu ziren. Mayi Mujika elgoibartarrak izugarrizko lasterketa egin zuen bere debutean, eta seigarren postuan amaitzea lortu zuen. Gizonezkoetan, Estibariz izan zen euskal ordezkaririk onena helmugan, bosgarren. Iban Letamendi hautatzailea pozik zegoen asteburuko emaitzekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna