Akordioak mugarri dira, ez helmuga

2019ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Lyra McKee Irlandako «su-etenaren belaunaldiko» kazetari gaztea zen, eta bere belaunaldiko egoeraren kronista argia. «Bakearen onurak ez dira inoiz guregana heldu», idatzi zuen duela gutxi. McKee Derryko Creggan auzoan hil zuten. Auzo txiro eta gatazkatsua da. Azken urteotan, Belfasteko ekonomiak %14 egin du gora, baina Derryrena %7 jaitsi da. Jaiotzen diren haurren bi heren, pobrezian jaiotzen dira. Egoera benetan erdiragarria da. Derry muturreko eredua izan daiteke, baina errealitatea da bakearen onurak ez direla Ipar Irlandako bazter guztietara berdin iritsi, ez arlo sozioekonomikoan, ez komunitateen arteko harremanetan.

Ostiral Santuko Bake Akordioa prozesu luze baten emaitza izan zen, nahiko landua eta zehaztua. Halere, urteek agerian utzi dute zer gabezia eta hutsune zituen, eta gatazkak utzitako aztarnak, sufrimenduak eta ezinikusiak ez dira berez osatu. Borondatea izanda ere, pausoak eman behar dira; adostutakoa bete behar da. Eta ez da horrela gertatu.

Bake prozesuetan akordioak ezin dira helmugak izan, egin behar den bidearen mugarriak baizik. Gatazkaren erroak estaliak geratzen badira, biolentziak utzitako ondorio guztiei ez bazaizkie erantzun egokiak ematen, pilatutako erreminak azaleratu daitezke modu bortitzetan. Gatazka armatuaren txinpartek diraute Ipar Irlandan. 1998ko Itunaz geroztik, 157 pertsona hil dituzte, aurreko parametroetan egindako ekintzetan. Bestalde, prozedura luze eta korapilatsuaren ostean Bloody Sunday-ko sumarioan soldadu bakarra auzipetzeak, eta erantzukizunpolitiko edo militarrak ez ikertzeak, min handia sortu du komunitate errepublikanoan. «21 urte dira Akordioa sinatu zela, eta gatazkaren absentzia baino zerbait gehiago behar dugu», esan berri du Mary McDonald, Sinn Feineko lehendakariak.

Dirauen egoera soziopolitiko horri, gobernu propioaren falta eta brexit-aren inkognitak gehitu behar zaizkio. Duela egun gutxi izandako udal hauteskundeetan, DUP eta SF alderdiek beraien lidergoa mantendu dute, baina beste mota bateko indar politikoek ere emaitza politak lortu dituzte, polarizazioa leuntzeko joera indartuz.

McKeeren heriotzak ondorio politikoak izan ditu. Belfasteko Gobernua berrosatzeko elkarrizketei ekin diete berriro. Azpimarratzekoa da hor ez direla bi alderdi nagusietara mugatzen, parlamentuan dauden bost alderdiek parte hartuko baitute. 21 urteotan egindakoan eta egin ez denean arreta berria jartzen ari dira.

Gure prozesuetan, begirada Irlandan jarri izan dugu askotan, Lizarra-Garazitik hasita. Desberdintasun nabariez gain, irakaspenak atera ditugu, bakea eraikitzeko oinarri batzuk unibertsalak direlako. Foro Sozial Iraunkorrak behin eta berriz azpimarratu duenez, irekita dirauten gaiei—gure kasuan, presoak, iheslariak, biktima guztiak...— konponbidea eman behar zaie ahalik eta lasterrena, eta ostertzean dugun gizarte baketsurako, justurako eta demokratikorako ezberdinen arteko elkarrizketak, elkar entzuteak, enpatia, memoria inklusiboa, egia, justizia eta erreparazioa lantzen joan behar dugu.

Irlandan baino egoera hobean gaude Euskal Herrian, etorkizun hurbil eta urrunagoari aurre egiteko. Gaur aska ditzakegun korapiloak askatzen ez baditugu, etorkizunerako bidean harriak eta desbideratzeekin topo egiteko arriskua handituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.