Aurrekariak onak dira

Eibarrek Mallorca hartuko du gaur Ipuruan, jaitsieran den taldea. Armaginek etxean hamabost aldiz jokatu dute gero jaitsi egin ziren edo orain jaitsieran diren taldeen aurka, eta bederatzi aldiz izan dira irabazle.

Aitor Manterola Garate.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Partida ia erabakigarria dauka gaur Eibarrek Ipuruan. Mallorca jarriko zaio parean, ligako azken-hirugarren sailkatua, eta jaitsierako postuetan dabilena, beraz. Bost puntu goitik dira armaginak, eta, gaur irabaziko baliote aurkari zuzenetako bat den horri, koska handia kenduko liokete mailari eusteko helburuari. Horrelako partida asko jokatu ditu Eibarrek Lehen Mailan denetik, eta aurrekariak aldekoak dira. Joera on horri segida eman behar gaur ere.

Aurreko bost denboraldi horietan, liga amaieran maila galdu zuten taldeen aurka hamalau aldiz lehiatu zen Ipuruan, eta sasoi honetan jaitsieran diren taldeen artetik, Espanyolek bakarrik jokatu du Eibarren. Hamabost partida dira oraingoz, lehengoak eta oraingo bakan hori batuta, eta bederatzi bider etxean geratu izan dira puntuak. Marka ona da Eibarrentzat. Aurkari horien guztien aurkako ia partida guztiek izan zuten gaur Mallorcaren aurkakoak duen garrantziaren neurri bertsua, eta Eibarrek erakutsi du badakiela ondo lehiatzen eta askotan garaile izaten.

Lehen Mailako estreinako denboraldian, 2014-2015 hartan, Almeria, Kordoba eta Eibar bera joan ziren Bigarren Mailara, nahiz eta gero eibartarrek mailari eustea lortu bulegoetan, Elx jaitsi zutelako zorrengatik. Kontua da Almeriari astindua eman ziola etxean (5-2). Kordobaren aurkakoa azkeneko jardunaldia izan zen, eta ordurako jaitsita zegoen Espainiako taldea. Eibarrek zeukan ezinbestean irabazi beharra, eta hala egin zuen (3-0).

Elitean osatu zuen bigarren denboraldian, eta Jose Luis Mendilibarren lehendabiziko sasoian, maila galdu zutenak talde hauek izan ziren: Rayo, Getafe eta Levante. Hirurei irabazi zien Eibarrek: Rayori 1-0ekoarekin; Getaferi 3-1ekoa sartu zion; eta Levanteri ere bi golen aldea atera zion (2-0). Lehen Mailan osatu zuen hirugarren denboraldian ez zen hain dotore eta biribil aritu jaitsi ziren taldeen aurka. Izan ere, partida bakarra irabazi zuen, Granadaren aurkakoa (4-0). Sportingek mendean hartu zituen armaginak (0-1), eta beste horrenbeste egin zuen Osasunak ere (2-3).

Espanyolekin, galdu

Duela bi denboraldiko uzta ere mehe samarra izan zen. Las Palmasi bakarrik irabazi zion, eta 37. jardunaldian, ordurako Eibar salbu zela. Jaitsi ziren beste bi taldeek, Deportivok eta Malagak, puntu bat atera zuten (0-0 eta 1-1, hurrenez hurren). Aurreko sasoian, Eibarrek 3-0 irabazi zion Gironari, eta 2-1 Rayori; 1-2 galdu zuen, ordea, Huescaren aurka. Denboraldi honetan, Espanyol azken sailkatuak 1-2 irabazi du Ipuruan.

EIBAR-MALLORCA
Eibar. Dmitrovic; Arbilla. Oliveira, Bigas, Jose Angel; Pedro Leon, Diop, Cristoforo, Orellana; Enrich eta Charles.
Mallorca. Reina, Pozo. Valjent, Raillo, Lumor; Dani, Baba, Febas, Kubo; Budimir eta Cucho.
Epailea. Estrada Fernandez.
Lekua. Ipurua (8.164 ikusle).
Ordua. 13:00ean (Movistar).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.