Arrauna

Aurkarien ubera ez du inondik ere utzi nahi

Hondarribia laugarren postuan da Euskotren ligan, baina taldea «lasai» dago. «Badakigu azkena izatea zer den», esan du Ane Diaz arraunlariak. Esperientzia hori «alde» dutela, egoera iraultzeko «gogotsu» daude.

Ane Diaz Hondarribiko arraunlaria, istribor kontrankean, Euskotren ligako bigarren jardunaldian, Coruñan. EUSKO LABEL LIGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Txoriak hegan nola, horrela doa benetan emankorra izaten ari den Euskotren liga hau ere: bizi-bizian. Lau ontzietako arraunlariek Coruñan (Galizia) eman zituzten denboraldiko lehen arraun kolpeak. Bai azkarrak eman ere, liga erdia baino gehiago atzean utzi baitute jada. Halabeharrez, ordea, talde batek egon behar du inork nahi ez duen postu madarikatu horretan, laugarrenean. Itsasoak eta emaitzek, behinik behin, leku horretan kokatu dute Hondarribia.

Halere, Ama Guadalupekoa trainerua osatzen duten arraunlariei ez zaie mundua gainera erori, Ane Diaz ontziaren istribor kontrankean doan arraunlariaren arabera (Hondarribia, Gipuzkoa, 2003). «Badakigu azkena izatea zer den; beraz, alde horretatik lasai gaude». Orain arte jokatu dituzten zortzi estropadetatik taldeak balantze «ona» egin duela dio. «Iaztik hona pauso bat aurrera egin dugula igarri dugu, eta emaitza onak ere atera ditugu».

Fruituak jasotzeko, baina, lan franko egitea «beharrezkoa» da. Azpitik igotako arraunlari gazteek taldeari «haize berria» emateaz gain, Diazek hondarribiarren sekretuaren berri eman du: «Iñigo Bertiz [arraunlari ohia] talde teknikora batu da, eta Ikerrek [Cortes entrenatzailea] laguntza handia jaso du. Arraunketaren dinamikan aldaketa txikiren bat egin dugu; paladen erritmoa zerbait sarriagoa daramagu orain». Baina taldearen betiko arraunketa ahaztu gabe, noski: «Palada luze bukatzea».

Aldaketa txikia izan da, baina bai «eraginkorra». Hain zuzen, Arraun Lagunak, Orio eta Donostiarrarengandik segundo gutxitara helmugaratu bakarrik ez, birritan bigarren postuan amaitu du Hondarribiak. Azken sasoietan bizi izandakoarekin alderatu du Diazek: «Estropada guztietan azkenak geratzen ginen, eta psikologikoki hori guztia eramatea gogorra izaten zen; aurten, aldiz, talde bezala hobetu dugunez, estropada batean azkena geratuta ere, badakigu hurrengo egunean atzetik talde bat edo gehiago uzteko gaitasuna dugula, eta horrek motibatu egiten gaitu». Horretarako, badakite zer bide hartu: «Gure arraunketari ongi heltzen badiogu, aurkarientzako talde lehiakorra izango gara».

Bolada onari jarraipena ematea zaila izan ohi da, eta are gehiago sailkapeneko behealdean dagoen taldearentzat. Euskotren liga amaitzeko lau jardunaldiren faltan, Hondarribiak lau puntura du Donostiarra hirugarren sailkatua. Gertu, baina urrun. «Hor dago. Donostiarrak ateratzen digun alde horrekin ez gaude itsututa. Argi dugu amaiera arte ez dugula etsiko, ezta ilusioa galdu ere. Kanporaketak jokatuko bagenitu ere, geure buruarekiko konfiantza handia eta esperientzia alde ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.