Garestia? Bai zera!

Zaloa Otadui
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Osasuntsu jatea garestia dela sarritan entzun izan dugu han eta hemen, kalean zein hedabideetan. Horrelako esaldiek ideia okerrak sinetsarazten dizkigute: dirurik ezean ezin dugula osasuntsu jan, alegia. Bada, ez, ez da horrela izan behar.

Produktu bera ekologikoa izan edo ez konparatzen badugu, beti da ekologikoa garestiagoa, noski; beraz, produktu ekologikoak kontsumitzea zailagoa egingo zaio diruz eskas dabilen familiari. Produktuz betetako orga bat ekologikoak diren produktu berdinekin betetako orga batekin konparatzen badugu... garestiagoa da... noski! Baina hori al da osasuntsu jatea?

Bizi garen kontsumismo gizarte honetan, dena da errazagoa dirua soberan dutenentzat. Badaude merkatuan produktu garesti asko denok ditugunak gustuko, baina batzuek bakarrik dituztenak posible. Arropa, auto, bidaia, mugikor...elikagai osasuntsu, elikagai ez hain osasuntsu eta produktu kaltegarri asko barne. Zorionez, osasuntsu elikatzeko ez dugu horrelakorik behar.

Garestiak dauden moduan, badaude merkatuan ere produktu merke askoak, oso osasuntsu, ez hain osasuntsu eta baita kaltegarriak ere.

Beraz, zelan nahi dugun elikatu eta horretarako zein produktu erabili beharko genituzkeen izango litzateke eztabaida, bakoitzak gero bere poltsikoaren neurrira, asteko menua idatzi, osagaien zerrenda egin... eta erosketak egitera joateko.

Nire ustetan, lehenengo pausoa kalte egiten diguten produktuak zerrendatik ezabatzea da, hau da: industrialki prozesatutako produktuak, azukrez betetako produktu industrialak, azukredun freskagarriak, postrerako esneki industrialak... eta supermerkatuetan topatzen ditugun beste etiketadun hainbat produktu, garesti eta merke.

Berriz ere osasunari begira, animalia jatorrizko produktuak jaitsiko nituzke. Neurri handian kontsumitzen dira, osasuntsu ez den neurri batean, eta ez dira hain merkeak izaten.

Hori guztia kendu edo gutxitu, eta organ gelditu zaigun leku guztia betetzeko orain poltsikoan badugu dirua... gauza merke, super osasuntsu eta super goxoz betetzeko.

Zerekin bete gure orga? Zein elikagai bilakatu gure elikaduraren oinarri? Elikagai begetalak, integralak, prozesatu gabeak, naturalak, bertakoak, garaikoak... naturak naturalki aurrean ipintzen dizkigunak. Lekaleak, zekaleak, barazkiak, fruituak, aleak...

Ba al dago lenteja plater bat baino osasuntsuago, goxoago eta merkeagorik? Bete zure orga lenteja, arroz integral, babarrun, kalabaza, azalore, garbantzu, artatxiki, intxaur, sagar, madari, perretxiko, letxuga, tipula, azenario... eta horrelako produktu merke eta super osasuntsuekin. Eta... oraindik dirua geldituko zaigu ekologikoak aukeratzeko.

Nik denda txiki eta azoketan betetzeko gomendatzen dizuet, arrazoi askorengatik, baina batez ere, dirua aurrezteaz gain, berriz ere produktu kaltegarriz orga betetzeko tentazioak saihesteko.

Diruz soberan ez gaudenez, ezingo ditugu kapritxo guztiak ase baina eman ditugun pausoekin osasunean irabazi, poltsikoa zaindu... eta super zoriontsu sentituko gara. Osasunaren alde edo kontra egin ahal dugu, diru askorekin edo gutxirekin.

Ni farmazialari eta nutrizio terapeutikoan aditua naiz, ez naiz ekonomian aditua, baina badakit horrela elikatzeko erabakia hartu nuenetik zoriontsuago, kontzienteago, osasuntsuago sentitzen naizela... eta nire poltsikoak asko eskertu duela! Probatu. Polita da. Erraza da. Merezi du. Merezi dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.