Aurrean dago aldea

Eibarrek eta Levantek bederatzi partida jokatu dituzte Lehen Mailan, eta batez beste 3,7 gol egon dira bien arteko neurketetan. Hamargarrena dute gaur; etxekoen orain arteko joerak ez dirudi gol kopurua ugarituko duenik.

Borja Mayoral, Levantek Ipuruan sartu zuen gola ospatzen, 2018ko abenduan, 4-4 bukatu zen partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Levanteko aurrelariek golak sartzen zituzten lehen, eta orain ere bai. Eibarrekoak abilak ziren sartzen lehen, baina orain kamuts dabiltza. Sailkapenean, Herrialde Katalanetako taldea hamargarrena da, eta Eibar, aldiz, azken-laugarren dago, zortzi puntu gutxiagorekin. Goletan dago aldea: Levantekoek 31 sartu dituzte 25 partidatan; Eibarrekoek, 22 baino ez. Horregatik dituzte hangoek hemengoek baino lau garaipen gehiago.

Bi taldeak Ipuruan ariko dira gaur, eta, zenbaki festan murgilduta, bada bat oso deigarria: bederatzi bider jokatu dute elkarren aurka Lehen Mailan, eta 34 gol sartzeko gai izan dira bien arteko partida horietan. Batezbestekoa oso handia da: 3,7 gol norgehiagokako. Eta kontuan izan behar da: denboraldi honetako lehen itzulian, Ciutat de Valencia estadioan, ez ziren gai izan golik sartzeko. Ezohikoa izan zen emaitza,aurreko gol emaria ikusita.

Gaur eguerdian, batek daki golak sartzeko lanean zertarako gai izango diren. Ezin da aldez aurretik jakin. Baina etxeko aurrelarien eraginkortasun eskasak ez du bide ematen gol askoko partidarik izateko.

Levanteko eta Eibarreko aurrelarien gol emaria zehatz aztertzea nahikoa da aurreko baieztapenari indarra emateko. Kanpotarren artean, aurrelariek hogei gol sartu dituzte, honela banaturik: Roger da abilena, hamar golekin; bost dauzka sartuta Borja Mayoralek; bi egin ditu Moralesek, Eibarreko jokalari ohiak; eta bana dituzte Sergio Leonek eta Hernanik. Eibarreko aurrelariena azkarrago bukatzen da: Kikek hiru baino ez ditu sartu [denbora luzea darama jokatu gabe, lesio bategatik]; antzuago dabiltza Charles eta Sergi Enrich, bi gol besterik ez baititu egin brasildarrak, eta bat kataluniarrak. Beste aurrelariak, Quiquek, ez du alerik sartu.

Jaurtiketa kopuru antzekoa

Bi taldeetako aurrelarien arteko ezberdintasuna are gehiago indartzen duen beste datu bat ere bada. Baten batek pentsa lezake Eibarrek jaurtiketa gutxiago egin dituela atera Levantek baino, eta kanpotarrek aukera gehiago izan dituztela golak sartzeko, baina ez da horrela. Izan ere, Levantek 213 jaurtiketa dauzka eginda, eta Eibarrek bost gutxiago baino ez. Askoz nabarmenago geratzen da orain Eibarreko aurrelariek sasoi honetan daukaten gol eskasiaren larritasuna. Eta jakina da golik gabe nekeza dela talde bat ondo ibiltzea, sekulako defentsako lana egin ezean.

Gaur aukera ona izango dute etxeko aurrelariek zertarako gai diren erakusteko. Levanteren jokoa erasokorra da, eta, atzean zuloak uzten dituenez, Jose Luis Mendilibarrek aurrealdean jartzen dituen jokalariek eduki behar lituzkete aukerak. Partidaren nondik norakoa aurrez uste den bidetik joaten bada, armaginen aurrelariek nekez izan behar lituzkete gaur baino aukera gehiago atea zulatzeko. Inoiz ez da berandu, baina berandu izan baino lehen hasten badira, hobe.

EIBAR-LEVANTE
Eibar. Dmitrovic; Arbilla, Burgos; Bigas; Jose Angel; Escalante, Diop; Pedro Leon, Exposito, Orellana; eta Enrich.
Levante. Aitor; Miramon, Bruno, Postigo, Toño; Morales, Vukcevic, Campaña, Bardhi; Mayoral eta Roger.
Epailea. Gonzalez Fuertes.
Ordua. 13:00 (Movistar TV)
Lekua. Ipurua estadioa(8.164 ikusle)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.