Ekonomia sentitzea

Europako eta AEBetako hamahiru sortzaile eta talderen lanak biltzen ditu Bilboko Azkuna Zentroan 'Fluxesfeverfuturesfiction' erakusketak

Inigo Astiz
Bilbo
2016ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Artearen eta ekonomiaren arteko bidegurutzean jarri zuen begia hasieran Castillo/Corrales arte kooperatibak Bilboko Azkuna Zentrorako erakusketa antolatzeko, baina komisarioen sinadura daraman autore erakusketa moduko bat da azkenean sortu dutena: Fluxesfeverfuturesfiction. Oraindik ere igar daiteke ekonomiaren gaiaren oihartzuna zenbait piezaren atzean, baina gaia ez du erabat itxi nahi izan Thomas Boutoux, Joachim Hamou eta Benjamin Thorelek osatutako komisario taldeak. Intereseko zaizkien egungo Europako eta AEBetako hamahiru artista edo talde hautatu, eta haien lanak bildu dituzte aretoan. Eta bi euskal artista ere badira, tartean: June Crespo eta Pablo Marte, hain zuzen ere. Maiatzaren 8ra arte egongo da erakusketa zabalik.

«Gure asmoa ez da izan ekonomiaz jadanik badakiguna erakustea, bistaraztea eta kontatzea, baizik eta ekonomiaz ez dakigunaz interesatzea», azaldu du Boutoux komisarioak. Eta jarraitu du: «Erakusketa espekulatiboa da horregatik. Eta ez dakigun horretan gauzak nola sentitzen diren, hori da interesatzen zitzaiguna; ekonomia nola sentitzen den. Ekonomiak zer sentsazio eragiten dituen. Horregatik dauka erakusketa honek hain datu historiko gutxi eta hainbeste pieza berri». Aurrez beste inon erakutsi gabeko pieza sorta bat ere hartzen du erakusketak horregatik. Cresporena eta Marterena lehenengoz izango dira ikusgai, adibidez, eta berdin Nina Konneman, Sidsel Meineche Hansen eta Morag Keil eta Georgie Nettelen lanen kasuan ere.

The Fascism of Everyday Life. Eguneroko bizitzaren faxismoa. Izenburutik da argia ekonomiaren gaiaren presentzia Keil eta Nettelek Bilbora eramandako bideo piezan, eta balio dezake adibideak komisarioen ekonomia nola sentitzen den ilustratzeko asmoa azaltzeko. Londresko etxebizitzen merkatua du oinarri piezak, nola aurkezten den merkatu hori bai, baina baita nola bizitzen den ere. Batetik, artistek hainbat lagunen etxeetara egindako bisitak erakusten ditu bideoak, eta etxebizitza horiek hartzen dituzten auzoei buruz salerosketa enpresek egindakokalkulu eta grafikoekin kontrastatzen dituzte gero irudi horiek. Lagunarteko elkarrizketan, adibidez, etxea konpartitzen duten sei-zazpi lagun sukaldean, eta auzo horretako krimenen batez bestekoa erakusten duen grafikoa. Alegia: etxeak nola saltzen diren, batetik; eta etxeak nola bizi diren, bestetik. Ekonomia abstraktua, eta sentitutako ekonomia.

Deirik gabeko kabina

Bada ekonomiaren eraldaketa erakusten duen pieza sorta bat ere erakusketan. Berlingo azken telefono kabinetariko batean jarridu begia, adibidez, Nina Konnemann artista alemaniarrak. Hari begira kokatutako webcam bati esker, erakusketa bisitatzen duen orok zuzenean ikusi ahal izango du kabina horretan zer gertatzen den. Edo hobeki esanda zer ez den gertatzen. Sakelakoen zabalpenarekin iragandako garai baten azken lekuko bilakatu baita telefono kabina.

Eta telefonoekin nola, banketxeekin hala. Izan ere, Canellek proposatutako ariketaren antzekoa da Jason Simon artista iparramerikarrak banketxeekin proposatzen duen ariketa. Arkeologia moduko bat. Izan ere, inoiz banketxe izan arren, egun bestelako funtzioak betetzen dituzten 60 eraikinen erretratuak biltzen ditu Simonen lanak. Iragandako garai baten ikurrak dira; kutxa automatikoen hedapenaren aurreko munduaz geratzen diren arrastoak.

Badira eskultura gisako pieza batzuk ere erakusketan. Bi adibide. Lehena: Camille Blatrix artistak egin eta Azkuna Zentroan bertan dagoen kutxa automatiko baten erreplika. Kutxa automatiko bat da pieza, baina dirurik gabe. Eta bigarren adibidea: komunikaziorako erabiltzen diren kableak ebaki, eta eskultura gisa aurkeztu dituen pieza sorta. Nina Canell artista suediarrarena da artelana, eta eskulturentzako erabili ohi diren euskarrien gainean kokatu ditu kable puskak.

Cresporen Soft-hard instalazioak zabaltzen du Azkuna Zentroko erakusketa, eta hasiera aldera kokatu dute Marteren lana ere. Ekonomiaren gaia du abiapuntu. Hainbat aktorerekin batera lanaren mundua ardatz duen pelikula bat sortzea da Marteren asmoa, eta erakusketa zabalik dagoen artean pelikula lantzen eta sortzen ikusi ahal izango ditu bisitariak artista eta aktoreak. Filmatu, erakusketan bertan filmatuko baitu filma. «Erakusketak irauten duen denbora iraungo du filmaketak», azaldu du Martek.

Gaur egingo dute erakusketaren irekiera ekitaldia, eta performance bat eskainiko du Martek bertan. 20:00etan izango da hori. Horrez gainera, zinema ziklo bat ere antolatu dute Castillo/Corrales taldeko komisarioek apirilerako Azkuna Zentroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.