Esnearen jatorria, nahitaezkoa etiketetan

Esnearen jatorria etiketetan zehaztea derrigorrezkoa izango da Hego Euskal Herrian urtarrilaren amaieratik aurrera; Ipar Euskal Herrian 2017tik dago indarrean arau hori. Ekoizleen iritziz, ona da neurria, baina, batzuen gusturako, «motz» geratzen da. Uste dute salmentetan ere ez duela izango eragin handirik.

Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ontziratutako esnearen jatorria jakitea ez da erraza askotan; letra txikiz idatzita egoten da etiketan, idatzita badago, bederen. Egoera aldatzear da, ordea: urtarrilaren amaieratikezinbestean azaldu beharko da informazio hori Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako produktuetan. Espainiako Gobernuak irailaren amaieran onartu zuen neurria.

«Produktuaren jatorria azaltzea ondo iruditzen zait; kontsumitzaileak jakin behar du zer ari den kontsumitzen», azaldu du Ainitze Salak, Iztueta esnekien ekoizleak. Horretarako, besteak beste, jatorriaren berri eman behar dela uste du: «Garrantzitsua da kontsumitzaileak jakitea nondik datorren produktua egiteko erabilitako lehengaia». Behi ustiategia dute Iztuetakoek, Lazkaon (Gipuzkoa). «Esne behiak ditugu; geuk eraldatzen dugu gure behien esnea, eta banaketa ere geuk egiten dugu», azaldu du Salak.

Esnea ez ezik, esnekiak ere ekoizten dituzte Iztueta baserrian: jogurtak eta izozkiak, besteak beste. Hain zuzen, esnekiei ere eragingo die neurriak; produktuaren %50 baino gehiago esnea denean zehaztu beharko da esnearen jatorria. Beraz, esne-gainak, gurinak, gaztak, jogurtak, mamiak eta beste hainbat produktuk ere izango dute betebehar hori.

Joxe Urrestarazu Iparlat esne enpresako lehendakariaren iritziz ere ona da esnearen jatorria etiketetan azaltzea: «Garbitasuna islatzea ona da: esnea nondik datorren eta nora doan jakitea garrantzitsua da». Iparlati ere zuzen-zuzenean eragingo dio neurriak, egunean milioi bat litro esne inguru ekoizten baitu Urnietako (Gipuzkoa) lantegian. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 350 ekoizle ingururen esnea biltzen du, baita Errioxako eta Burgosko (Espainia) gutxi batzuena ere. «Esnea eta handik eratorritako likidoak ekoizten ditugu: esne osoa, gaingabetua, laktosarik gabea, irabiatuak...».

Garikoitz Nazabal Gipuzkoako EHNE sindikatuko lehendakaria da, eta egoki ikusten du jatorria azaltzea: «Gu eroslearentzako ahalik eta merkatu aukerarik gardenenaren aldekoak gara: norabide horretan doan guztia ongi etorria izango da». Haren iritziz, esne sektorean egondako egoera nahasiari erantzun asmo dio legeak: «Azken urteotan oso nahasia egon da sektorea, esne kuoten desagerpenarekin eta horrek sortutako mugimenduarekin. Horri erantzuteko lege bat dela esango nuke».

Frantziako Gobernuak 2017an jarri zuen indarrean esnearen jatorria zehazteko neurria, eta Ipar Euskal Herriko ekoizleei eragin zien. Heletako (Nafarroa Beherea) Agour gasnategiko Peio Etxelekuren iritziz, babesteko helburua zuen legeak: «Bazeukan protekzionismorako joera bat neurriak, Europako esne transferentzia handiak eragozteko edo». Neurria esne guztientzako bazen ere, behi esneari eta handik eratorritakoei eragin zien gehien, Etxelekuren arabera. Nazabalek ere antzeko joera aurreikusten du.

Legearen eragina ikusteko garaiz bada ere, Kontsumobiderentzako ona da neurria. Kontsumoko Euskal Institutuak jakinarazi duenez, kontsumitzaileek informazio gehiago izatea ahalbidetuko du neurriak. Halaber, erantsi du kontsumitzaile gehienentzat garrantzitsua dela informazio hori jasotzea. Zentzu berean, Espainiako Gobernuak onartutako dekretuan aipatzen denez, kontsumitzaile gehienek uste dute jatorriak eta elikagaiaren kalitateak lotura dutela.

Agour gazta, aitzindaria

Norabidea zuzena izanagatik, hutsuneak ere baditu legeak, sektorekoen iritziz: esnekien etiketetan Europako Batasuna, hango estatuen izenak edo handik kanpokoak zehaztu beharko dira. Horregatik, Nazabalen arabera, «motz» geratzen da legea;«Beste eskala batean ari gara jokatzen. Euskal Herriko ekoizle txikiei ekarpen urria egingo die. Gure produktuari balio erantsi bat eman nahi badiogu, zerbait zehatzagoa behar dugu». Urrestarazuk ere antzeko iritzia du: «Espainiako produktua dela zehaztu beharko da legez. Uste dut jendeak nahiago duela lurraldearen identitate hori azaltzea etiketetan; eta esango nuke beste herrialdeetan ere gertatzen dela hori».

Espainiako Gobernuak onartutako araudian zehazten denez, esnea jetzitako eta eraldatutako eskualdearen edo lurraldearen izena ere azaldu ahalko da esnearen eta esnekien etiketetan; betiere, produktu beraren izen babestu bat ez bada. Argibide hori borondatezko informazio osagarria izango da, hau da, ez da nahitaezkoa izango hori azaltzea.

Joan den urteko irailean onartu zuen dekretua Espainiako Gobernuak, eta aste gutxi barru jarriko da indarrean. Datozen bi urteetan egongo da indarrean, dekretuan bertan zehazten denez. Haatik, datozen hilabeteetan ere topatuko dituzte erosleek informazio hori ez daukaten etiketak. Izan ere, dekretua indarrean sartu aurretik fabrikatutako produktuak saldu ahalko dituzte dendek, haiek amaitu arte.

Beraz, oraindik denbora beharko da neurriaren ondorioak ikusteko. Ekoizleak ere iritzi berekoak dira; Sala, kasurako: «Aldaketak luze joaten dira». Iztuetakoak azaldu duenez, oraindik ez dute informaziorik eta argibiderik jaso. Hala ere, euren produktuetako etiketak berritu beharko dituztela aurreikusten du. Nazabal eta Urrestarazu ere iritzi berekoak dira: etiketak berritzeaz harago, aldaketa handirik ez du izango neurriak ekoizleengan, ezta haien salmentetan ere.

Nolanahi ere, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ekoizleek etiketak aldatu beharko dituzte berandu baino lehen. Ipar Euskal Herrikoek duela bi urte egin zuten urratsa; tartean,Agour gasnategia. Etxelekuk adierazi duenez, ardi gazta ekoizten dute nagusiki, 150 baserritarren esnearekin. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan biltzen du esne gehiena, baina ez dena: «Nafarroa Garaian ere badugu ekoizle bat, eta horrek eragina izan zuen gure etiketetan: Euskal Herrikoa izan arren, Frantziako legearen arabera Espainiakoa baitzen».

Buruhausteak sortu zizkien horrek: «Beldurra genuen Nafarroako esnea Espainiatik zetorrela zehaztu beharko ote genuen; uste genuen hori jartzeak kalte egingo ziola gure irudiari». Beldurrak beldur, ustekabekoa hartu zuen Agour gasnategiak: «Frantziako Gobernuarekin negoziatu genuen, eta onartu zigun esnearen jatorria Euskal Herria zela jartzea». Ondorioz, «Jatorria: Euskal Herria (France/Espagne)» irakur daiteke frantsesez Agour gaztaren etiketan. «Guretzat ez da ez Frantzia eta ez Espainia, Euskal Herria baizik. Azken finean, lurraldetasun aitorpen bat jaso genuen, eta horrela komunikatzen dugu guk», azpimarratu du Etxelekuk.

Ustekabekoak ustekabeko, aldaketak ez zuen eragin handirik izan Heletako gasnategiarentzat: «Merkatu lokala eta herrialde mailakoa dira gurean nagusi. Gure bezeroek Euskal Herriko produktua izateari ematen diote garrantzia, bertakoa izateari». Atzerrian ere saltzen du gazta Agourrek. Hain zuzen, beste herrialde batean merkaturatzeko ez da derrigorra esnearen jatorria zehaztea; baina Agourrek etiketa bera erabiltzen du horretarako ere. Etxelekuren iritziz, Euskal Herrikoa dela nabarmentzeak eragin positiboa du: «Euskal Herriak irudi ona du munduan gastronomiari dagokionez».

Bi urte igaro dira Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ekoizleek esnearen jatorria zehazten dutenetik. Orain, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako esne ekoizleek egin beharko dituzte aldaketak. Legedia orain iritsi da esnearenkasuan; aitzitik, zenbait produkturentzat lehenagotik da nahitaezkoa jatorria etiketetan azaltzea, hala nola eztiaren, oliba olioaren, arrainaren, zenbait haragiren, barazki batzuen eta frutaren kasuan.

Horien atzetik iritsi da esnea, eta ez da kasualitatea, Nazabalen iritziz: «Ura erostea merkeagoa da esnea erostea baino. Esnea gutxietsitako produktu bat da, eta horrek kate bat sortu du. Kontsumitzaileak eta gizartea ere horrela hezi gara». EHNEkoaren arabera, kontsumitzaileak eta lehenengo sektorea dira kaltetuak, eta borondate politikoa behar da hori aldatzeko.

Iritzi berekoa da Urrestarazu ere: «Esnea produktu erakargarri gisa erabiltzen da sarri; jendeak jakin behar du esnearen atzean zenbaterainoko lana dagoen, egunero egin beharrekoa». Bat dator Nazabal ere: «Informatzen saiatu behar dugu, produktuek eta markek atzetik zer duten jakiten». Erosketa «konprometitu» bat egiteko aukera sortuko luke horrek. Erronka hori dute ekoizleek, besteak beste, eta baikorra da Sala: «Uste dut bertako produktua erosteko ohitura gero eta handiagoa dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.