Luzapenaren krudela

Retabet Bilbo Basketek denboraldiko lehen partida galdu du Obradoiroren aurka: 98-96. Bi luzapenen ostean erabaki da norgehiagoka

ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Modurik krudelenean galdu du Retabet Bilbo Basketek denboraldiko lehendabiziko partida ACB ligan, luzapenean eta bi puntuz: 98-96. Alex Mumbruk zuzentzen duen taldea ez zen lehen bi partidetan bezain fin aritu, baina kemena, ahalegina eta fedea ez zitzaizkion falta izan. Arauzko denboran galtzear egon zen. Arnoldas Kulbokak sei segundo falta zirela sartutako hiruko batek behartu zuen luzapena. Bi jokatu ziren azkenean, eta, hor,galiziarren aldekoa izan zen zoria.

Bigarren luzapeneko azken minutuan erabaki zuen partida etxeko taldeak. Fletcher Mageek 2+1eko jokaldia lortu zuen, eta bost punturen abantaila eman zion Obradoirori: 96-91. Horrek lasaitasuna eman zion etxeko taldeari, eta Bilbo Basket behartuta aritu zen. 21 segundo baino ez zirenean geratzen Kulbokak partida berdindu zuen 96na, baina Earl Callowayk asmatu egin zituen bi jaurtiketa libre, eta hor amaitu zen partida.

Bilbo Basketek partidako lehen bi laurdenetan jokatu zuen ongien. Baina ez zuen asmatu partida apurtzen, eta horrek arnasa eman zion etxeko taldeari. Hirugarren zatian, gainera, defentsa on bati esker, partidari buelta eman, eta garaipena eskura izan zuen. Bilbo Basketek hortzak estutu behar izan zituen luzapenak behartzeko, baina ez zion balio izan.

Euroligako ligaxkari modu ezin hobean ekin eta gero, ACB ligako partida du gaur Kirolbet Baskoniak. Unicajaren aurka jokatuko du, Buesa Arenan (18:30). Jokatutako bi jardunaldietan garaipen bat eta porrot bat batu dituzte arabarrek, eta, gaur,aurkariaren bolada txarra baliatu nahi du bigarren garaipena lortzeko. Izan ere, Unicaja partidarik irabazi gabe dago.

Espainiako Ohorezko Mailan, berriz, Araskik jokatu zuen atzo.Arabarrek gertu izan zuten garaipena. Baina, azkenean, amore eman behar izan zuten Cadi la Seuren kantxan. Bi punturen aldeaz galdu zuen Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak: 61-59.

Lointek Gernikaren txanda izango da gaur. Mario Lopezen taldeak Mann-Filterren pabiloian jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.