Eibar-Getafe, Cadiz-Reala, eta Alaves-Valentzia, gaur

Bryan Gil, baloiarekin. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Lehia daukate berriz ere gizonezkoen Lehen Mailako jokalariek asteburu honetan, eta Euskal Herriko hiru talderi gaur tokatuko zaie zelaira ateratzea. Eibarrek Getafe hartuko du Ipuruan (14:00), Cadizen jokatuko du Realak (16:15), eta Alavesen aurkaria Valentzia izango da Mendizorrotzan (21:00). Hiru partidak hamargarren jardunaldikoak dira.

Eibarren kasuan, Lehen Mailan denetik izaten ari den aurkari zitalenetako bat jarriko zaio parean: ez dio inoiz irabazi Jose Bordalas entrenatzaile denetik. Aurreko denboraldi horietan Ipuruan jokatu dituzten partidak aztertzen badira, etxekoei korapilo gehien jarri dien taldeetako bat da Getafe. Ez bakarrik emaitzetan, baita jokoan ere. Jose Luis Mendilibarrenek etxean jokatu dituzten partida itsusienetakoetan beti izan dute parean.

Hori horrela izanda ere, ordea, ez du esan nahi ezin zaionik punturik urratu Bordalasen taldeari. Gaizki jokatuta ere irabazten dira partidak. Dena dela, kontu jakina da zer nahi izaten duen Mendilibarrek: bere jokalariek taldearen ohiko jokoa egitea. Dena beharko du sasoi honetako Ipuruako lehen garaipena eskuratzeko. Zaldibarkoak oso garbi dauka zer ikusi nahi duen: «Haiek egiten dutenaren zain bagaude, ez diegu irabaziko».

Bi puntu baino ez daude sailkapenean Eibarren eta Getaferen artean. Azkeneko bost partidatan, etxekoek zazpi puntu batu dituzten bitartean, kanpotarrek lau baino ez dituzte atera. Mendilibarrek deialditik kanpo utzi behar izan ditu Quique eta Kevin, minez. Bordalasek Maksimovic utzi behar izan du etxean, Serbiako selekzioan COVID-19arekin positibo eman duen kide baten gertukoa izateagatik.

Realarentzat, aukera ona

Cadiz igo berria denboraldi oso ona ari da osatzen, baina etxetik kanpo atera ditu hamalau puntutik hamabi. Bi baino ez etxean. Hori dela eta, aukera ona daukate Imanolenek beste garaipen bat lortu eta lehen postuan sendotzeko. Kontuan izan behar da, gainera, Realak hamar puntu atera dituela Anoetatik urruti. Gaur irabaziko balu, inoizko hasiera ona gaindituko luke etxetik kanpo —marka 2002-2003koa da]—. Andaluziarrak seigarren daude saikapenean, eta txuri-urdinek baino sei puntu gutxiago dituzte. Biak daude bolada onean: Cadizek azkenbost partidetan, bakarra galdu du, eta bina dauzka irabazita eta berdinduta. Realak azkeneko bostak irabazi ditu. Etxekoen artean, sei jokalari daude min hartuta, eta Realean, ez dira izango Le Normand eta Sagnan erdiko atzelariak: bretainiarra zigortua dago, eta frantziarra min hartuta. Aldiz, Zubeldia eta Zaldua jokatzeko moduan daude.

Alaves, bide onari eustera

Eman dio buelta Alavesek liga hasiera kaskarrari, eta azkeneko bost partidetan, bakarra galdu du. Zortzi puntu batzeko gai izan da aldi horretan. Emaitza bolada onari eustea du helburu, baina ahal dela, azkeneko bi berdinketak ikusita, hobe puntuak hirunaka batzea. Valentzia ere indartsu dabil, lau puntu atera baititu aurreko bi norgehiagoketan. Bi puntu gehiago dauzka Alavesen aldean, eta gaur etxekoek irabazten badute, jauzi handi samarra emango lukete.

Pablo Machin entrenatzaileak ate aurrean asmatzeko eskatu die jokalariei: «Eraginkorragoak izan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.