Haurren ahalduntze digitala

Maialen Garmendia
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Egungo gizartean teknologia digitalen erabilera erabat txertatu da gehiengo zabalaren eguneroko bizitzan; lana, komunikazio, aisialdi zein kontsumo ohiturak erabat aldatu dira teknologia hauen erabileraren hedapen zabala dela eta. Dena den, teknologia hauek aukerak eskaintzeaz gain arrisku iturri ere izan daitezke erabiltzaileentzat. Izan ere, aurrerapenek eta teknologiaren aurrerabideek beldurra eta mesfidantza sortu izan dute beti. Hala gertatu izan zen irratia, zein telebistaren erabilera gizartean hedatu zirenean, esaterako. Teknologiekiko beldurra bereziki areagotzen da zaurgarriak izan daitezkeen norbanakoengan izan lezaketen eragin ezkorraz ari garenean; haur eta nerabeak, esaterako. Horrenbestez, haurren Interneten erabileraren inguruko kezka oso hedatuta dago gizartean.

Gainera, haurrak aplikazio, sare sozial, plataforma zein hainbat gailuren erabileran euren gurasoak baino trebeagoak direnez, familiek euren seme-alabak arriskuetatik babeste aldera ezer gutxi egin dezakete gehienetan. Beraz, haurren Interneteko segurtasun eta ongizatea bermatzeko orduan, gakoa euren ahalduntze digitalean datza: heziketa ezinbestekoa da hitzaren zentzurik zabalenean. Batetik, gurasoen inplikazio aktiboa oinarrizkoa da haurren heziketaren erantzukizun nagusia eurei baitagokie. Seme-alabak dituzten ia familia guztiek dute Interneterako sarbidea (Eustat, 2018); baina, askotan euren gaitasun digital ezaz jabetzeak bitartekaritza/gainbegiratze lana eragozten die helduei. Haurrei kalean ezezagunekin ez mintzatzeko erakutsi badiete, zergatik ez diete gauza bera esaten sare sozialetan euren argazki eta iruzkinak hedatzen dituztenean? Eta legeak ezartzen duen adina baino gazteago izanik sareetan euren profila irekitzen dutenean? Trebeak ez badira ere, haur eta nerabeek euren laguntza beharrezkoa dute teknologiaren erabilera eta online-ko elkarbizitza arautzerakoan.

Bestetik, eskola haurren alfabetatze digitalerako biderik eraginkorrena izateaz gain bidezkoena ere bada. Hezkuntzan, teknologia digitalen zeharkako erabilerak aukera berriak eskaini diezazkieke haur eta gazteei. Hala nola ikaskuntza metodo berriak sustatzeko orduan (self learning, connected learning, esaterako) zein egungo gizartean oso baliotsuak diren hainbat gaitasun garatzeko orduan: talde-lanean aritzea, sormena eta jarrera kritikoa, besteak beste. Bestalde, haur guztien alfabetatze digitalerako ahaleginean eskolaren paperak berebiziko garrantzia har lezake egoera sozioekonomiko ahulean dauden haurren kasuan. Azken finean, eskolak bete behar izango bailituzke haur horien familietako gabeziak, bai laguntza zein tresneriari dagozkionak. Duela hamarkada bat eskola gehienak ordenagailuz hornitu zituzten, baina, krisiaren harira izandako murrizketen ondorioz, alfabetatze digitalaren erantzukizuna irakasleriaren gain geratu zen. Tresneria zaharkituta, hornidura eskasa, baina, hala eta guztiz, gero eta maizago ari dira haurrak teknologiez baliatzen euren eskolako jardueretan, eta hori berri pozgarria da. Egungo haurrak etorkizuneko hiritar aktiboak izango badira, hiritar digitalak izan beharko dute; eta desberdintasun arrakala handitzen ari den gizartean justizia sozialerako eragile nagusia eskola baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.