Amiltze baten musika

Urtarrilaren 3, 4 eta 5ean Euskal Herriko Gazte Orkestrak zuzenean joko du Harold Lloyd aktorearen 'Safety Last!' film mutuko musika

EGO gazte orkestrako musikari batzuk. QUINTANAS FOTOGRAFOS.
Inigo Astiz
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Klasiko bat da filma. Harold Lloyd aktorea eraikin erraldoi bat eskalatzen dabil, eta azken solairuetara heltzean, erloju baten orratzei heldu, eta hil edo bizi geratzen da zintzilik, salbazioaren eta heriotza ziurraren artean. Maisutasunez dabil komediatik dramara eta dramatik komediara bueltan pelikula mutuan, eta zinemaren historian iltzatuta gelditu da horregatik Safety Last filmeko sekuentzia. Baina ez da irudiagatik bakarrik; musika ere ezinbesteko zaio filmari, momentu bakoitzak eskatzen duen umore edo tentsio dosi zehatza jartzeko. Eta, hain zuzen ere, musika aberats hori hautatu du EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak bere neguko denboraldiko emanaldietarako. Abenduaren 26tik urtarrilaren 5era egingo dituzte topaketak, Eibarren, eta filmeko hiru emanaldi eskainiko dituzte zuzeneko musikarekin gero Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Urtarrilaren 3, 4 eta 5ean izango dira kontzertuak, hurrenez hurren, Victoria Eugenia antzokian, Principal antzokian eta Euskalduna aretoan.

«Musikaren eta irudien arteko sinbiosi perfektua helaraztea». Aski identifikaturik daukate erronka orkestrako arduradunek, eta topaketen helburua ere zehaztu dute prentsa ohar bidez. «Publiko berria sortu nahi dugu, hori funtsezkoa baita gure musikari gazteen etorkizuneko ibilbide profesionalari begira». Guztira, 52 musikari gaztek hartuko dute parte topaketetan, eta orkestra profesionaletan gero eta ohikoagoa den errepertorio tipologia ikastea dira Eibarren egingo dituzten saioen helburua. Horregatik Lloyden filma, zeren eta, arduradunek zehaztu dutenez, «kalitate handiko errepertorioa» baita, eta «interpretatzeko zaila» ere bai.

Carl Davisen konposizioa

Fred Newmeyerrek zuzendu zuen filma, eta, Lloydez gain, Bill Strother eta Mildred Davis izan zituen aktore nagusiak. Musika, berriz, Carl Davis konpositoreak sortu zuen. Brodwayn hasi zuen bere ibilbidea, eta azkar lortu zuen arrakasta antzerki, dantza, zinema eta telebistan. Zinema mutuan egindako lanak ere nabarmentzekoak dira, gainera, ez baita soilik Euli gizona-ko soinu banda sortu zuela, horrez gainera Ben-Hur, Greed, Flesh and the Devil eta The Phantom of the Opera filmeko musika ere berak sortutakoak dira.

Topaketetan bost irakasle izango dira ikasleekin. Catalin Bucataruk lagunduko ditu biolinarekin, Gabriel Leon txeloa eta kontrabaxuarekin, Didier Bousquet metalezko haizeekin, Roberto Pacheco zurezko haizeekin eta Jorge Pacheco perkusioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.