Lizarrako festak

Goitik datorrenari so

Lizarrako festen bigarren egunean, bonba japoniarrak bota dituzte haurren gozagarri. Udalbatza eta dantza taldeak Puyko basilikatik jaitsi ostean, emakumeek euren usadioa bete dute Valdeallin kalean .

Haur batzuk, Puy-ko basilika alboan botatako bonba japoniarrei begira, atzo. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
Lizarra
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Lizarra (Nafarroa) lozorroan esnatu da. Suziria zeruan lehertu eta jaiei hasiera eman zaienetiklehen bestondoa dute askok. Jendea hara-hona dabil; batzuk etxerantz, besteak Alde Zaharreko karriketan hastear den eguerdiko girorantz. Kaleko saltzaileak ere euren salgaiak mugitzen ari dira han-hemen egun berri bati aurre egiteko gertu. Ega ibaiaren ertzean, itzaletan, nolabaiteko freskotasuna nabari daiteke, baina 11:00etarako eguzki galdatan bero egiten du. Eguna, sargori.

Erdiguneko mugimendua alboratuta, gorago, muino baten gainaldean, Puy-ko basilika dago. Aldapa malkartsua igo ahala, suziri moduko baten soinua entzun da. Izeien artetik, jostailu baten tamainako paraxutista bat doa hegan, haize ufadak bultzatuta. Muinoa inguratzen duen harresi arteko eskaileretan behera, haur bat doa, korrika, paraxutistaren atzetik, kosta ahala kosta lortu nahi du.

Beste suziri bat entzun da, eta beste bat. Bonba japoniarrak dira, eta, zeruan lehertzen direnean, ke artetik, hainbat artikulu jaurtitzen ditu; horien artean nagusiaparaxutista da. Haren azpian, haur saldoa dago, erne, goitik datorrenari so. Paraxutistak dituztegaraikurrik preziatuena. «Ama, lortu dut paraxutista bat hartzea», korrika, arnasestuka, esan dio mutikoak bere amari. «Eskuan nuen, eta azkenean beste batek kendu egin dit», esan du beste batek, etsipenez. Bonba japoniarrak amaituta, lortutako altxor txikia zerrendatzen dabiltza haurrak.

Eguerdian, kanpaiak jo eta ke hasi dira doinu bat jotzen, eta berriro gorantz begira. Meza amaitu da, eta txistularien eta gaita jotzaileen txanda da. Haien atzetik, Lizarrako hiru dantza taldeak doaz, eta amaieran, udalbatza —PSNko, UPNko eta Geroa Baiko hautetsiak—. Dantzari asko haurrak dira. Basilikako muinoan beherantz doa prozesio txikia, alde zaharrerantz. Dantzariak, gaita jotzaileen doinuan dantzan. Eguzkiak indarrez jotzen du. Alde Zaharrera iritsita, jende multzoa dago bilduta, bermuta hartzen. Erraldoi eta buruhandien konpartsa ere handik hona dabil. Dena den, lagun asko Valdeallin kale esturantz begira dabil, gorantz. Basilikatik behera datorren dantzariak igaro ostean, kaleko eskaileren artean emakume talde bat bildu da. Udalbatzak jotako doinu militar bat kantatzen dute, elkarri helduta. Adin guztietako emakumeak dira (haur eta heldu). Belaunaldi berriek grinaz jauzi eta kantatzen dute.Nesken jaitsiera deritzon tradizioak aurten 44 urte bete ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.