HILBERRIA. Rafael Sanchez Ferlosio

Lumadun baten bizitza

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Lumaduna: idaztea ofizio duena». Halaxe idatzi zuen Rafael Sanchez Ferlosio idazleak Historia de un plumífero (Lumadun baten historia) testu autobiografikoan. Horixe, bere bizitzaz eta obraz hitz egitea maite ez zuenaren autodefinizioa. Atzo hil zen, 91 urterekin.1940ko azken urteetan argitaratu zituen lehen narrazioak, literatur aldizkarietan. Unibertsitatean, berarekin batera 50eko Belaunaldiko kide izan zituen Carmen Martin Gaite eta Jesus Fernandez Santos ezagutu zituen. 1951n eman zuen argitara lehen liburua: Industrias y andanzas de Alfanhuí (Alfanhuiren lantegiak eta ibilerak) nobela. Lan hori zen, Sanchez Ferlosioren esanetan, idatzi zuen fikzio lanik txukunena. «Idatzi ahala irakurri nien gurasoei. Nire testuen zale amorratuak ziren haiek. Amak ordaindu zuen edizioa». Rafael Sanchez Ferlosioren gurasoak: Liliana, bankari italiar baten alaba; eta Rafael, Falange Españolaren sortzaileetako bat eta Franco diktadorearen ministro ohia, kazetaria eta idazlea.

Sanchez Ferlosio Martin Gaiterekin ezkondu zen, 1953an —elkarrekin egon ziren 1970era arte—. 1955an eman zuen sari eta aitorpen handien ekarri zion lana: El Jarama nobela. Ez zeukan zerikusirik aurreko nobelarekin. Handik urte gutxira, saiakeragintzara bideratu zuen bere luma, gramatikarekiko obsesioak hartaratuta. Lan narratiboari bizkar eman zion urte dezentez, baina saiakera eta artikulugintzari ez. Ezta aforismoei ere. Boterea, zinema, kirola, merkatua, gerra, progresoa, abertzaletasuna, hizkuntza eta beste hartu zituen idazgai. Zakar, zenbaitetan; zehatz eta xehe, beti; aberastasun lexiko harrigarriko lumarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.