ACB Liga

Erne: opor arriskua

Baskoniak ostegunean emaniko itxura asko hobetu beharko du gaur Zaragozan irabazteko. Galduz gero, sasoiko azken partida izango da

Velimir Perasovic Baskoniako entrenatzailea, jokalariei oihuka, iragan osteguneko partidan. DAVID AGUILAR / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Baskoniaren denboraldia gaur amai daiteke. Inork espero baino goizago, baina arriskua erreala da; are gehiago, iragan osteguneko partidan ikusitakoaren ondoren. Gasteizko taldeak ACBko final-laurdenetako serieko bigarren partida jokatuko du gaur Zaragozaren pistan (12:30), eta,galtzen badu, kanporatua izango da.

Baskonia joko eta emaitza krisian sartuta dago CSKAren aurkako Euroligako final-laurdenetako kanporaketa galdu zuenetik. ACBko sailkapeneko behealdeko taldeei irabazi die, baina erakustaldirik eman gabe, eta, ostegunean, Zaragozaren aurkako lehen partidan, sasoi guztian inoiz baino apalen jardun zuen (81-91). Txistuak eta guzti entzun ziren Buesa Arenan. Horren aurreko partidan, liga erregularreko azkenean, Valentziaren aurka, bigarren postuan bukatzea zuen jokoan Baskoniak, eta ordukoan ere kale egin zuen (92-81).

Sintoma txarrak dira, eta lehen partidako itxura, kezkagarria. Hirugarren laurdenaren amaieran,hemeretzi puntugatik zen atzetik Baskonia. Ondo bidean nagusitasunez erabaki beharreko kanporaketa uste baino gehiago gaiztotu zaio. Gaiztotu bai, baina oraindik ez dago erabakita, eta taldearen erreakzio ahalmenak azterketa zorrotza du gaur. Irabazten badu, asteazkenean jokatuko da partida erabakigarria; berriz ere, Gasteizen.

Velimir Perasovicek «errespetua» eskatu du Zaragozarentzat, eta argi du zer egin behar duten irabazteko: «defentsa hobetu». Lehen partidan, Okoye Zaragozakoa izan zen onena —22 puntu eta zazpi asistentzia—, eta haren taldeak hirukoen %52 sartu zituen. Gasteizkoen aldetik, bi jokalarik baino ez zuten ondo jardun: Poirierrek eta Grangerrek, 21na punturekin. Antolatzailea apurka ari da bere mailara itzultzen. Lesioaren ondoren fresko dago, eta ardura handiagoak hartzeko garaia iritsi zaio. Gaur galduz gero, hurrengo asteak ez dira gozoak izango Zurbao aldean.

Bilbo Basket, ACBko atarian

Bilbo Basketek eta Palmak Urrezko LEB Ligako kanporaketetako finala jokatuko dute gaur Bilbon (18:00, ETB1), eta irabazleak ACB ligara igotzeko eskubidea lortuko du. Bilboko taldeak sufrituz irabazi zion atzo Melillari finalerdietan (75-68); Palmak, aldiz, Ourense kanporatu zuen (76-61).

Bilbo Basketek gorriak ikusi zituen atzo Melillari irabazteko, hein handi batean egun txarra iza zuelako hiruko marratik. Aurkariak lehen hiru laurdenak egin zituen aurretik (52-58, 29. min.). Gauzak okerrenean zeudenean, baina, Bilboko taldeak bere onena eman zuen, eta 13-0ko partzial bat lortu zuen (68-58, 33. min.). Azken bi minutuetan bi taldeek huts asko egin zuten presioaren eraginez, baina etxekoek hobeto kudeatu zituzten. Kevin Larsen eta Ben Lammers pibotak izan ziren onenak, hamabosna punturekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.