Donostian da Motown

Chris Clark, Carolyn Crawford, Dean Parrish eta Ruby Andrews ariko dira Mojo Workin' jaialdian, aurten. Datorren asteburuan izango da jaialdia

Carolyn Crawford abeslariak sona esanguratsua izan zuen gazte garaian. BERRIA.
aitor biain
2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Tenplu bat da Motown soularen eta rhythm and bluesaren zaleentzat. 1960ko hamarkadan musika beltzaren erreferente bilakatu zen diskoetxeak soinu propioa ere sortu zuen: soula, gospela eta erritmo dantzagarriak uztartu zituen, eta eragin nabarmena izan zuen bere garaiko musikarietan eta doinuetan. Ordukoak dira, hain zuzen, Chris Clark, Carolyn Crawford, Dean Parrish eta Ruby Andrews, eta Donostian ariko dira datorren asteburuan, Mojo Workin' jaialdiaren barruan. Hamaikagarren aldia du jaialdiak aurten, eta AEBetako tenplu hura Euskal Herrira ekarriko dute Gure Gauza elkarteko kideek, beste urte batez, Detroit eta Donostia doinu berarekin lotuz.

Iaz egin bezala, aurten ere ostegunean hasi eta igandera bitarte iraungo du jaialdiak, eta Gazteszenan izango dira emanaldi nagusiak; Eiger tabernan eta Kutxa Kultur plazan ere izango dira kontzertuak. Film emanaldi batek irekiko du jaialdia: Mavis! dokumentala eskainiko baitute ostegunean, Trueba zineman, 20:30ean. Mavis Staples Chicagoko abeslari eta aktibistaren inguruan ondutako filma da. The Staple Singers taldeko abeslaria izan zen 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, eta haren kantuen hitzak arrazakeriaren eta polizia gehiegikeriaren aurkakoen erreferente bilakatu ziren.

Detroitetik Chicagora

Arrakasta handiko musikariek grabatu zuten Motown-en, gerora soularen eta R&Baren izen ospetsu bilakatu direnek, hain zuzen. Baina izan ziren oihartzun txikiagoa izan zutenak ere. Carolyn Crowford da horietako bat. Detroiten bertan jaio zen, eta irrati lehiaketa bati esker grabatu zuen aurreneko aldiz estudioan, 1963an, artean 13 urte zituela. Hiru disko argitaratu zituen guztira zigilu ezagunarekin, baina dozenaka grabatu zituen, nahiz eta urte batzuk geroago kaleratu. Abeslariaren lanek erantzun ona izan bazuten ere, haren gaztetasunak eta salmentak gutxitzeak zigilua uste baino lehenago uztera behartu zuten. Urte batzuk geroago, ordea, Hodges, James, Smith eta Crawford emakume taldeko kide izan zen, eta hari esker lortu zuen arrakastaren olatua berriz hartzea. Hastapenetako kantuak interpretatuko ditu ostiralean, beste askoren artean.

Crawfordekin batera ariko da Dean Parrish ere, jaialdiaren bigarren egunean. New Yorken jaiotako abeslariak 1964an ekin zion ibilbide diskografikoari, eta orduko AEBetako lau zigilu garrantzitsurentzat grabatu zuen: Laurie, Warner Bros, Musicor eta Boom etxeentzat, zehazki. Haren kantuek sekulako arrakasta izan zuten, eta northern soul mugimenduaren ikur bilakatu ziren.

Larunbatean, berriz, Motown zigiluaren ikur handietako baten txanda izango da, Chris Clark abeslariarena. Zigiluaren ahots kutunetako bat izan zen Clark 60ko hamarkadan, eta hainbat lan argitaratu zituen hari esker. Arrakasta handia izan zuen abeslariak, batez ere nothern soularen erreferente bilakatu diren Do Right Baby Do Right eta Love's Gone Bad kantuei esker. Garai hartako R&B eta pop zerrendetan toki nabarmena izan zuen kantariak.

Haren aurretik ariko da Ruby Andrews abeslaria. Chicagoko soularen aitzindarietako bat da Andrews: balada lasaiak eta abesti dantzagarriak egin zituen, eta arrakasta handia izan zuten 60ko hamarkadaren bukaeran. Zodiac Records diskoetxearekin argitaratu zituen lan gehienak, eta, hain zuzen, zigiluaren arduraduna da egun.

Emanaldi nagusien ostean Allnighter DJak ariko dira, eta larunbat eta igande eguerdian bermut saioak izango dira. Kontzertuetarako sarrerak eskuragarri daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.