Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Birrindu dira erlojuak

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Irratietako eguneko programazioari egiten diogu so gehienetan, eta ahantzi egiten dugu uhinetan barrena dabiltzan zenbait esatarik ez dutela atsedenik hartzen gauez. Guk, entzuleok, bai, ordea. Hala, oso gutxitan iristen gara berandu emititzen diren irratsaioak entzutera. Bada, saio horiek nora doaz? Iluntasunak irentsi ditu?

Emisio orduak garrantzia du, jakina. Egunean zehar, tertuliak, elkarrizketak eta albistegiak ditugu barra-barra; politika, osasun-krisia, ekonomia... Oso errepikakorrak egiten zaizkigu, gainera. Tarteka zientzia, historia, literatura, eta bestelako gaiak izaten dira, bai, baina oso gutxitan. Horiek maiz izaten dira gaueko protagonistak. Gai atenporalak direla aitzakia. Horrela dago diseinatuta irrati-agenda, inbutu bat balitz bezala.

Asteazkenean, esaterako, Euskadi Irratiak estreinatu zuen Ekosfera saioko denboraldi berria, Guillermo Roa gidari zuela. Klima aldaketa izango da irratsaioaren mintzagaietako bat asteazkenero, 22:00etan. Halaber, badira adibideak Espainiako irratigintzan ere. SER katean, besteak beste, SER Historia dago igandeetako ordu txikitan, Nacho Aresek zuzenduta. Kate berean, El Faro da iluntasunean argitasuna erakusten duen beste irratsaio bat. Saio bakoitzean, hitz bat aztertu eta haren esanahiei buruz aritzen da Mara Torres, astelehenetik ostiralera, 01:00etatik 04:00etara.

«Kontaiguzue nolakoa den bizitza ordu hauetan», esan zuen Torresek asteazkenean. Eta pentsatzekoa eman zidan «ordu hauetan» horrek, nik saio hori hurrengo eguneko arratsean entzun bainuen. Egun, aro digitalean murgildurik, arras aldatu egin da irratigintza. Irratsaioak kontsumitzeko molde berriek hautsi dute denboraren muga; izan ere, entzuleek nahieran edo podcast gisa aditu ditzakete ezgaraiko irratsaioak. Kontsumoa mistoa bihurtu da. Esan gabe doa halako saioek taxuz funtzionatzen dutela esfera berri horietan.

Horren harira, gauean aritzen ziren kazetariekin gogoratu naiz. Ia marmarka egiten zituzten saioak, iluntasunak hala eskatuta. Alabaina, orain guztiz aldatu da testuingurua: egongo dira, zalantzarik gabe, irratia piztuta edukiko duten gautxoriak, baina, era berean, izango dira biharamun goizean irratsaio hori bera entzungo dutenak. Ahotsa moldatu beharko. Erlojuak birrindu dira, orduak urtu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.