Brasil. Presidentetzarako hauteskundeak

URAKANAREN BEGIAN

Jair Bolsonaro eskuin muturreko hautagaiak asmoa du brasildarrek ia bi hamarkadatan lortu dituzten eskubide zibilak eta politikoak suntsitzeko, Fernando Haddad PT Langileen Alderdiko kideari irabazten badio bozen bigarren itzulian. Bien arteko aldea murriztuz joan da bozak gerturatu ahala, baina Haddadek zaila izango du aurrea hartzea, ezinezkoa ez bada ere.

URAKANAREN BEGIAN.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Jair Bolsonaro (Sao Paulo, 1955) Rede TV telebistako platoan hitz egiten ari da. Ohi duen bezala, eskuen mugimendu dinamikoak darabiltza, gehiegizko keinuei lagunduz. Badirudi tinta urdinez idatzitako txuleta bat duela eskuaren barnealdean. Kazetaria ere konturatu da, eta galdetu dio: «Zer duzu idatzita?». Ez zaio gustatu galdera, eta purrustada batez erantzun dio, algaraka ari den bitartean.Kameraren aurrean jarri du eskua: «Jainkoa, familia, Brasil», dio txuletak. Harrigarria da hitz horiek gogoratzeko idatzi behar izatea, kanpaina hitz horien eta beste gutxi batzuen gainean harilkatu baitu —armak, inkestak, eta Lula hitzak ere harrapatu dizkiote idatziak—, eskuan ez ezik Brasilgo imajinarioan iltzatuak geratu direnak.

Izan ere, Bolsonarok ez du diskurtso landu bat behar, politika gudu zelai gisara aurkeztu baitu, federa, ordenara eta diziplina militarrera azpiratzen ez direnak deuseztatzeko espazio gisa. Brasilgo azken diktadurari (1964-1985) gorazarre egiten dionak militarrekin egin nahi du etorkizuna, eta Elizarekin. Predikatzen dituenak diputatu zoro baten okurrentziak ziren, ezezagun zenean, baina, orain, okurrentzia horiengatik heroitzat jotzen dute milioika brasildarrek. Gauzak horrela, Brasilgo presidente izatera goratu dezakete gaur, hauteskundeen bigarren itzulian, azken egunetan Fernando Haddad (Sao Paulo, 1963) PT Langileen Alderdiko hautagaiak aldea murriztu badu ere. Zergatik gertatu da hori, ordea? Zergatik dago Brasil errepresioaren amildegian? Ulertezina dirudiena gertatzeko hainbat elementu nahastu dira Brasilgo koktelean, BERRIArekin hitz egin duten analisten ustez.

BOLSONAROREN ARRAKASTA



Jair Bolsonaro bere kasa ibili da beti; hauteskundez hauteskunde zazpi alderditan barna, bereak ez zituen beste inoren premisak sutsuki defendatu gabe. Pertsonaia histrionikoa, politikari izan aurretik militarra. Lava Jato ustelkeria kasuak zipriztindu ez duen politikari bakarretakoa izateaz harro ageri ohi da, eta horregatik miresten dute jarraitzaileek. Garbia da, eta establishment-aren kontrakotzat jotzen du bere burua, antisistematzat, nahiz eta politikagintzan ia 30 urtean diharduen.

Maria Herminia Tavares de Almeida ikertzaile eta analista politikoak Bolsonaroren aurkari guztiek darabiltzaten adjektiboak jarri dizkio hautagaiari: «Matxista, misogino, arrazista, xenofobo, sexista, faxista eta klasista da, eta beti izan da. Ez du batere konpromiso eta balio demokratikorik. Ordea, jakin izan du jendetza bereganatzen». Nola? «Bera babesten dutenentzat horiek ez dira garrantzitsuenak. Ezberdina gorrotatzen duen klase bat dago, zuri aberatsa, segurtasuna behar duena, eta, bestalde, bada ustelkeriak nazkatuta bizi dena ere, nola aurrera egin ez dakiena, krisi ekonomikoak jota dagoena, sinestuna, salbatzaile bat behar duena, zerbait berria eta boteretsua nahi duena».

Brasildarra da Tavares de Almeida, Sao Pauloko unibertsitateko politika zientzietako irakaslea, eta ibilbide luzea du Brasilgo politikagintza aztertzen. Estatistikei erreparatu die babesleen erradiografia egiterakoan: «Babesak gora egiten du diru sarrerak handitzen diren neurrian. Pobreenen artean galtzen du, eta gutxieneko bost soldataren gainetik dabiltzanek babesten dute. Hori ez da diru asko Brasilen (1.000 euro inguru), milioika herritar batzuk dira. Brasilgo ipar-ekialdean ez ezik [inguru pobreena da], eskualde guztietan ere irabazten du, eta hiri handi gehienetan. Militarren eta Eliza ebanjelikoen babes osoa dauka, eta haien jarraitzaile gehienena. Adinari erreparatuz gero, gazteen babesa da harrigarria». Baina datuez gain, alde emozionalari lotzeko gaitasuna aipatu du. Joan den urriaren 21ean Bolsonarok Sao Paulon eman zuen mitina izan du gogoan: «Brasil guztiaren gainetik. Jainkoa guztion gainetik kanpainako leloa oihukatu orduko, Sao Pauloko etorbidean ziren milaka lagun oihu bizian jarri zituen. Esaldi motzak oihukatzen ditu, ordena eta kontsigna militarrez josiak. Indarra transmititzen du, segurtasuna, zuzena da, zehatza, tiro bat bezalakoa; okurrentzia edo mehatxu krudelak maite ditu, eta barre egiten du publikoa aztoratzen denean».

Babesten dutenen artean, militarrak eta ebanjelistak nabarmendu ditu Mercedes Lopez San Miguel soziologo eta kazetariak ere, baina beste batzuk ere erantsi ditu. «Bolsonarok Brasilgo komunikabide hegemonikoen babesa du, haiek elikatu dute PTren kontrako amorrua. Merkatuarena ere badute; haiek izan dira, hain zuzen, albiste faltsuak zabaldu dituztenak sare sozialen bidez; eskuina ere alde du —PTk ez irabaztearren babesten dute—, eta eskuin muturrarena, baina fenomeno hau ulertzeko, Eliza ebanjelikoen eta militarren boterea nabarmendu behar da». Lopez San Miguel Argentinako Pagina 12 egunkariko Mundua saileko arduraduna da, beste hainbat komunikabidetako kolaboratzaile izateaz gainera, eta Brasil du aspaldian mintzagai nagusia. «Urakan bat balitz bezala heldu da, baina kapitalismoaren interes basatiek aspaldian kozinatu duten pertsonaia da».

MILITARRAK



Bolsonarok ibilbide militarra Rio de Janeiroko kadeteen eskola batean hasi zuen, 1970eko hamarkadaren amaieran, herrialdea diktaduraren garairik latzenak bizitzen ari zenean. Handinahia beti izan duela aitortzen dute harekin ibilitakoek, baina 1986an nabarmendu zen, 31 urte zituela. Artikulu bat idatzi zuen kadeteak akademia uztera animatuz, soldata txikiegiak zituztela eta. Atxilotu egin zuten, baina elkartasun mezu asko jaso zituen, eta, babesa ikusita, beste plan bat antolatu zuen: kuarteletan indar txikiko bonbak lehertzeari ekin zioten berak eta beste kide batzuek, eta,azkenean, diskretuki itxi zuten auzia. Ukatu egiten du gertaera hori, baina onartzen du kapitain mailarekin utzi behar izan zuela armada, 1988an. Orduan, politikara egin zuen jauzi.

Militarrekiko gertutasuna ez du inoiz galdu, eta, azkenaldian ere, militarrez inguraturik dabil. Dagoeneko aurreratu dute bere gobernuan lau edo bost jeneral egongo direla, bozak irabaziz gero.

Hamilton Mourao jeneral erretiratua du politika bikotekidea, 1964ko kolpean garrantzitsua izan zen jeneral baten semea—presidenteorde izango da irabaziz gero—. Bolsonaroren egungo aholkulari Augusto Heleno Ribeiro Pereira, Oswaldo Ferreira eta Alessio Ribeiro Souto jeneralak ere egongo dira gobernuan.

Moura oso aktibo aritu da kanpainan, baina, Bolsonaroren izarra izan aurretik, eman zuen zeresanik iaz, ustelkeriaz ari zela esan baitzuen armadari egokituko zitzaiola arazo politikoa konpontzea. Bolsonaro lehen itzuliko kanpainan labankadaz zauritu zutenean —ospitalean egin zuen kanpaina ia guztia—, berak hartu zuen protagonismoa, eta erreferendumik gabe konstituzioa berregin beharra aldarrikatu zuen. Presidenteordegai gisa egindako lehen agerraldian hauxe esan zuen: «Brasil jota dago indigenen nagiaren eta afrikarren arima gaiztoaren oinordetzagatik».

Esaldi horiek ez dira esan hutsetan geratzen, Tavares de Almeidaren ustez. «Mehatxua erreala da, autoritarismoaren itzulera oso erreala. Ez dut uste, nire lankide batzuek dioten bezala, Bolsonaro kontrolatuko dutenik».

Lopez San Miguelek nabarmendu du diktadura itzultzearen nahia ez dagoela gutxi batzuengan. «Iraganeko gertakariei ez zaie eman behar bezalako irtenbidea, diktaduraren jarraitzaile asko dagoelako. Oraindik ere kale bazterretan daude diktadurak torturatu eta hildakoen gorpuak, eta ez dira epaitu azken diktadurako giza eskubideen urraketak, 1979ko Amnistia Legearen ondorioz. Diktadura uste baino errazago ezar lezakete».

ELIZA EBANJELIKOA



Jair Bolsonarok Messias ezizena jarri dio bere buruari. 2016an, Everaldo Dias Pereira artzain ebanjelistak —PSC Alderdi Sozial Kristauko burua ere bada—, Jordan ibaian murgildu zuen Israelera egindako bisitan. Argazkiak atera zituzten, eta irudi haiek gutxiestea izan zen haren aurkarien hutsegiteetako bat, Tavares de Almeidaren ustez. «Eliza nagusia IURD Jainkoaren Erreinu Unibertsala da, 1977an Edir Macedok eta Romildo Ribeiro Soaresek sortua. Dirua lortzeko sekulako makineria da Eliza hori, eta Record kontrolatzen du, telebista katerikhandienetan bigarrena. Haien babesa du, eta elizen hazkunderako pertsonarik egokiena da». Record telebista kateak esklusibotasuna eskaini dio kanpainan Bolsonarori.

Hainbat Elizatan banatutako ebanjelistak herritarren %29 dira, eta etenik gabe haziz doa jarraitzaileen kopurua eta haien boterea, munduan katoliko gehien dituen herrialdean. Dilma Rousseff Luiz Inacio da Silva Lula-ren ondorenaren gobernuan PTren aliatu sendoa zen, baina, Rousseff kargugabetu zutenean, aldendu egin ziren, eta, gaur egun, PTren aurkaria da, Bolsonarok PTren kontra hauspotu duen antipetismo mugimenduaren bultzatzaileetakoa. Ulisses de Almeida Jainkoaren Batzarreko buruak, lider garrantzitsua hori ere, horrela defendatu zuen Bolsonaroren alde jartzeko argudioa: «Pentsamendu kristaua dauka: familia tradizionala defendatzen du, abortuaren kontra dago, genero ideologiaren kontra, eta hautagai zintzoa da. Horrenbeste urtetako ustelkeriaren ondoren, faktore garrantzitsua da zintzotasuna». Bolsonaroren jarrera arrazista, matxista eta homofoboei buruz galdetuta, «salaketa barregarriak dira», erantzun zuen: «Brasilgo ezkerra izan zen zabor morala defendatu zuena, besteak beste, genero ideologia edo gayen musua arratsaldeko seietako telesailean».

PT-RENHUTSAK



Eskuin muturraren gorakada ulertzeko, ordea, arerioaren gainbehera eta hutsegiteak ere kontuan hartu behar dira. Horretan ere bat datoz Tavares de Almeida eta Lopez San Miguel, baina nork bere ñabardurak dauzka. Tavares de Almeida kritikoa da PTrekin, nahiz eta onartzen duen gauza on asko egin dituela Lularen alderdiak. «Antipetismoa fenomeno sendoa da, krisi ekonomikoaren eta ustelkeria kasuen ondorioz. Lan izugarria egin du PTk herritarren ezberdintasunak gutxitzeko eta zapalduenen aukerak hobetzeko, baina hori eten egin da. PTk 2008ko krisi ekonomiko osteko politikan huts egin zuen, erabat. Hainbat politika betikotu zituenean, moderazio fiskalarekin konpromiso falta izan zuen, eta bera da 2015eko krisiaren erantzule nagusia. Ustelkeria praktiketan ere murgildu zen, alderdi politiko guztietako praktikarekin bat eginez, eta, salaketak iritsi zitzaizkionean, ez zen gai izan onartzeko eta praktikak aldatzeko

Lopez San Miguelek ere ustelkeria jotzen du arrazoi nagusitzat, baina ustelkeria horren egiazkotasuna zalantzan jarriz. «Dudarik gabe Lava Jatoauziak izugarrizko eragina izan du hauteskundeen prozesuan, alderdi guztiak zipriztindu baititu, PT ere bai. Baina Lulari leporatutakoekez dute heldulekurik, eta esanguratsua da justiziak zer eragin izan duen prozesu politikoan. Hauteskundeen prozesu osoa baldintzatu du, PT alderdiaren oposizioak estututa».

LULA ETAROUSSEFF



Lopez San Miguelen ustez, ezin da ulertu gertatzen ari dena orain Lularekin eta lehenago Rousseffekin pasatu dena aintzat hartu gabe. «Lula zen hautagai faboritoa, dudarik gabe. Argi erakusten zuten inkestek, eta espetxeratu zutenean ere, ez zuen babesa galdu». Presidente ohia hamabi urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten ustelkeriagatik eta dirua zuritzeagatik. Espetxean dago apirilaz geroztik. Brasilgo Hauteskundeen Auzitegi Gorenak haren hautagaitza bertan behera utzi zuen irailean, bi auzitegitan epaitu dutelako, 2010eko legeari helduz, baina Lulak salatu zuen lege horrek aukera ematen duela aurkezteko. Dena den, aukera guztiak galdu zituen hautagaitzak aurkezteko epea amaitu aurretik, eta Fernando Haddaden esku jarri zuen presidentetzarako hautagaitza. Modu horretara geratu zen kanpora Brasilek izan duen liderrik karismatikoena.

Lularen hautagaitza zen PT alderdiaren esperantza, Dilma Rousseff presidente ohia kargutik kendu ostean, 2016ko irailean. Sei hilabete luzeko impeachment prozesuaren bidez, Brasilgo lehen emakume presidentea kargutik kendu zuten —mezu misogino eta matxista sorta entzun ostean—, eta PTren hamahiru urteko agintaldiarekin amaitu zuten.

«Estatu kolpe bat zehazteko urrats batera gaude», esan zuen Rousseffek kanporatu zutenean, 81 senatariren aurrean. Senatarien bozketaren aurretik onartu zuten Kongresuan hura botatzea. Prozesu guztia ikuskizun bilakatu zuten. Bozkatzeko orduan diputatuek nahiz senatariek kanporaketaren zergatia aipatzerakoan, batzuek «Jainkoagatik» edo «aseguru etxeengatik» egiten zutela oihukatu zuten, hamaika arrazoi absurdoren artean. Jair Bolsonarok horrela defendatu zuen bere botoa: «Carlos Alberto Brilhante Ustrarengatik!». Brilhante Ustra diktadurako torturatzailerik ezagunenetakoa izan zen; besteak beste, Rousseffen torturatzailea.

Kontu publikoak makillatzea leporatu zioten Rousseffi. Mailegu publikoen mekanismo bat zalantzan jarri zuen hiru abokaturen txostenak, eta hortik abiatu zuten prozesua. Rousseffen defentsaren arabera, ez da delitua banku publikoari dirua itzultzeko epea atzeratzea, eta aurreko presidenteek egin izan duten mekanismoa da. Oposizioaren arabera, ordea, inor ez dago legearen gainetik.

Tavares de Almeidarentzat «oso eztabaidagarriak» izan ziren kargugabetzearen zergatiak, baina ez du uste «kolpe arin bat» izan zenik, PTk dioen bezala; bai, ordea, «hutsegite politiko handia. Krisian sakontzeko balio izan du, eta gizartearen polarizazioa handitzeko». Lopez San Miguelentzat, berriz, «kolpe garbia izan zen, Brasilgo demokraziarentzat zauri izugarria. Salbuespen egoeraren aldia hasi zen, atzerapauso handiak eman dira garaipen sozialetan, pobrezia handitu da, neurri neoliberalak hartu dituzte, eta protesta sozialak kriminalizatu. Joan den martxoan, Marielle Franco zinegotzi feminista eta lesbianaren hilketa paramilitarren errepresio testuinguru horretan gertatu zen».

Michel Temerrek ordezkatu zuen hura presidentetzan. PMDB alderdiko burua da, PTrekin gobernu koalizioan agintean egon den alderdiarena, eta 2011tik 2016ra presidenteorde izan zen, eta, Rousseffen etsai nagusietakoa. Urte eta erdi pasa egin ditu presidentetzan, eta herritarren %3ren babesa du gaur egun. Ustelkeria akusazioek inguratuta egin ditu azken hilabeteak. Rodrigo Janot fiskalak bi aldiz leporatu dio ustelkeria, eta urteetan eroskeria kudeatzen duen erakunde kriminal bateko buru izatea, justiziari oztopoak jartzeaz gainera. Baina Rousseffekin ez bezala, Kongresuak haren kontrako kausak artxibatu zituen, Temerrek berak mugitutako hariei esker. Baina haren kontrako akusazio gehiago daude bidean. Kausa guztiak abia daitezke berriz, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, presidente kargua uzten duenean.

Paradoxikoki, kargugabetzea bultzatu zuten alderdiek, besteak beste Temerren PMDBk eta Fernando Henrique Cardoso presidente ohiaren PSDBk, porrota izan dute hauteskundeen lehen itzulian.

HADDADEN AUKERA



PT alderdiaren oztopoak oztopo, Fernando Haddadek bigarren itzulira igarotzea lortu du, ez meritu txikiz, kanpaina zaila kudeatzea egokitu baitzaio. Sao Pauloko alkate ohi eta Lularen Hezkuntza ministro izandakoak, ez du Lula bezainbesteko indarrik, eta arerio gogorra egokitu zaio, baita PTren kontrako etsaitasuna kudeatu beharra ere, baina haren estrategiak zentro aldera egin du Bolsonarorekin ez dauden gainerako guztiak erakartzeko. Lehen itzuliaren emaitzak jakin bezain pronto elkartu zen Haddad Lularekin espetxean, bigarren itzulia diseinatzeko, eta PTrekin kritiko izan daitezkeen horiek heltzeko saialdiari ekin dio harrezkero, konbentzituak hor egongo baitira bestela ere. Lehen itzulian atzean geratutako hautagaiengana jotzea izan du lehentasuna, eta kostata, baina Marina Silva ekologisten hautagaia gerturatu zaio «mesfidantzaz» bada ere, eta baita Fernando Henrique Cardoso presidente ohia ere, «oso kritiko», Bolsonaroren garaipena saihestearren. Brasilgo eta nazioarteko intelektualek ere Haddad babestu dute, eta ahalegin horretan egon daiteke gaur inkestek eman dutenaren aldaketa.

Tavares de Almeidarentzat, hor dago gakoa. «PT ez da ezker muturreko alderdia; alderdi sozialdemokrata da, erreformista, eta Bolsonaro gainditzeko gaitasuna Cardoso, Ciro Gomes, Silva eta antzeko liderren babesa bereganatzeko aukeren araberakoa izango da. Galdera da lortuko al dituen lider horien atzean daudenen botoak».

Joan den asteartean, lehen aldiz, inkestak bi puntu gehiago eman zizkioten Haddadi, Bolsonaroren kalterako, baina eskuin muturreko hautagaiak oraindik ere %57ren babesa zuen; Haddadek, %43rena. Ostegunean, berriz, azken inkesten arabera, botoen %56 izango lituzke Bolsonarok, eta %44 Haddadek. Esanguratsua da, ordea, Haddaden kontrako arbuioak zortzi puntu egin dituela behera, eta Bolsonarorenak, zazpi gora. Horri heltzen dio Haddadek, eta bozkatzeko azken eskola itxi arte ez duela galdu gogoratzen du. Horregatik, azken egunotan, buru-belarri aritu da Bolsonaroren gotorlekuetan batetik, eta deskontentua areagotu den guneetan bestetik: faveletan.

Haddadek bere alde du ere haziz doan emakumeen mugimendua, Bolsonaroren kontrako kanpaina indartsua egin baitute.

EMAKUMEAK



Bolsonarok aurkariak izan ditu kalean, mobilizazioetan. Izan dira PTren jarraitzaileak, baina horiez gainera, emakumeen erantzuna izan da indartsuena. Brasilgo kaleak hartu dituzte inoiz ez bezala Ele Nao lelopean (Bera ez). Abuztuaren 30ean emakume talde batek erabaki zuen kontu bat zabaltzea Facebooken, Emakumeak batuta Bolsonaroren kontra deklarazioa sinatzera deituz, «faxista horrek ez dezan bigarren itzulirako aukerarik eduki». Ezein hautagairen afixarik ezin zen ezarri kontu horretan, soilik Bolsonaroren kontra egitea helburu. Bigarren itzulian, ordea, Haddaden alde egingo dute helburu berarekin.

Emakumeak mugitu ahala, Bolsonaroren aldekoek berehala erreakzionatu zuten hackerren bidez, eta horrek are haserre handiagoa eragin zuen. Irailaren 13an, idatzi hau kaleratu zuten emakumeek: «Emakumeen kontrako errespeturik gabeko tratuak, beltzen, homosexualen, eta herri autoktonoen kontrakoak, indarkeriari kultuak, oposiziokoen kontrako erasoak, torturaren eta torturatzaileen defentsak… borrokatu behar dituzte gizarte demokratiko eta plural baten printzipioetan sinisten dutenek. Testuinguru horretan, guk emakumeok, hautagaiaren biktima garenok, publikoari erakutsi nahi diogu suharki baztertzen ditugula defendatzen dituen printzipioak, eta herritarrei dei egiten diegu batu eta demokrazia defendatzera, faxismoaren eta basakeriaren aurka». Mobilizaziorik garrantzitsuena irailaren 29koa izan zen, eta hiririk garrantzitsuenak geldiarazi zituzten.

Bolsonaroren garaipena geldiaraztea dute gaurko egitekoa, eta bozkalekuak itxi ostean arnasari eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.