Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa

«Lorpen gazi-gozoa»

Dozenaka lagun elkartu dira auzitegian gurasoei babesa agertzeko. Oro har, ez dute itxaropen handirik. Aita eta ama pozik agertu dira, «kostata bada ere» epaiketa iritsi delako.

Gurasoak, manifestazioaren buruan, epaitegira bidean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Senide, lagun eta abokatuei eskutik helduta iritsi ziren Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu Bizkaiko Probintzia Auzitegira.Atzetik, Unea heldu da. Justizia Iñigorentzat leloa zuen pankarta. Hari segika, dozenaka lagun, «Justizia Iñigorentzat» oihuka. Babesik ez zuten falta izan Iñigo Cabacas zenaren gurasoek. Saminaren gainetik, poza zuten, ilusioa. «Sei urte eta erdi daramagu hau itxaroten. Inork ez zuen espero iritsiko ginenik. Baina [Jone Goirizelaia] abokatuaren lanari eta gizartearen presioari esker, hemen gaude», esan zuen aitak. Barruan entzungo zituenen beldur zen ama: «Gogorra izango da. Badakit gezur asko esango dituztela. Baina Iñigo guk geneukan bakarra zen, eta kendu egin ziguten. Horregatik, pozik nago gaur [atzo] hemen gaudelako».

Pozik, baina penatuta, operazioaren buruak ez daudelako auzipetuta. Epaiketa «lorpen gazi-gozoa» zela aitortu zuten biek.Gotzon Martinezek uste du gurasoak «torturatu» egin dituztela. Haiei babesa ematera joan zen, beren-beregi, Getxotik (Bizkaia). «Hau antzerki hutsa da. Gurasoekin egin dutena ez al da giza eskubideen aurka joatea? Ez dute justiziarik izan». Martinezek ez du uste epaia bidezkoa izango denik. Hasteko, uste duelako auzipetuak falta direla. Eta, bigarrenik, egotekotan, «zigor txikiak» espero dituelako.

Antzeko «etsipena» erakutsi zuen Fernando Villarrek ere. «Esperientziak erakusten dit ezerezean geratuko dela guztia. Beharbada, zigorren bat jasoko dute, baina ez kartzelan sartzeko bestekoa. Eta, gero, indultua emango diete». Celia Iturriagakaginduak eman zituen ertzaina ikusi nahi zuen auzipetuta. «Bestela zer justizia da hau? Beti gure kontra eta haien alde dagoena».

Jone Goirizelaia abokatuak itxaropentsu egin zuen berba. Aitortu zuen traba asko gainditu behar izan dituela, baina gauzak lortuz joan direla. «Fiskalagatik balitz, epaiketarik ere ez litzateke egingo, baina hemen gaude». Epaiketa bukatu aurretik Cabacas zauritu zen egunean zer gertatu zen argitzea nahi du. Baita «polizia operazioen inguruko inpunitatea bukatzea» ere.

Elkarretaratzera joandakoei eskerrak eman zizkieten Koldo Gutierrezek eta Eneritz Zabalak, lagun eta senideen izenean. «Gizarteak ezin du onartu hau guztia zigorrik gabe amaitzea hiru aste barru», ohartarazi zuen Gutierrezek. «Egiaren aitortza, justizia, erreparazioa eta berriro errepikatuko ez den bermea» izan ziren Zabalak egindako eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.