Koronabirusa. Xose Maria Torres. Farmamundi erakundeko ordezkaria

«Bizitzeko eskubidea ezin da egon merkatu arauen menpe»

COVID-19aren aurkako txertoen patenteak liberalizatzearen aldeko ekinbide herritarraren sustatzaileetako bat da Farmamundi. Patenteei eusteak «prezio handiegia» izanen duela dio Xose M. Torres eledunak.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Farmazia industrialean aditua da Xose Maria Torres (Ortigeira, Galizia, 1958). Farmamundi gobernuz kanpoko erakundeko ordezkaria da, eta Galiziako GKEen koordinakundeko presidente ohia.

Sendagaiek egon behar al dute merkatuen arauen menpe?

Ezinbestekoak direnak ez. Osasun eskubidea, bizitzeko eskubidea... eskubide oinarrizkoenak dira, eta merkatu arauetatik at egon beharko lukete. Oraingo honetan, ez gara ari erekzioaren disfuntzioa sendatzeko pilulez edo alopeziaren aurkako tratamendu batez. Hil edo biziko kontu bat da, eta halako sendagaiek ez lukete patente baten pean egon behar. Ez, behintzat, herrialde pobretuetan.

Han txertoen bertsio generikoak ekoitzi ahal izateko?

Garapen bidean diren estatuetako askotan ezin dira txertoen bertsio generikoak fabrikatu, horretarako industriarik ez dutelako, baina India, adibidez, botika ekoizle handia da, eta txertoen bertsio askeak egin litzake, beste herrialde askotara igortzeko. Patenteen ondorioz, baina, generikoak Indiatik inportatzea ere debekatuta lukete herrialde pobretuek.

Europako Batasuna patenteak kentzearen kontra azaldu da...

Argi dago patenteen sistema sortu zela herrialde garatuen interesen alde, eta bitxia da, herrialde aberatsenek ere, garatze bidean zirenean, ez zituztela patenteak errespetatzen. Suitzan, esate baterako, ez zen sendagaien gaineko patenterik existitu duela 50 urte arte, eta Espainiako Estatuan are berriagoak dira: 1992. urtean ezarri zituzten, Bruselak behartuta. Hortaz, urteetan zeure buruari exijitu ez diozuna orain beste herrialde batzuei erreklamatzea jokabide hipokrita iruditzen zait.

Sendabide eta botika guztiei jar dakieke patente bat?

Ez. Adibidez: teknika kirurgikoak ezin dira patentatu. Nik asma dezaket ebakuntza bat egiteko metodo iraultzaile bat, baina ezinen nuke patentatu, oinarrizko jakintza bat delako. Gauza bera gertatzen da naturan aurki daitezkeen lehengaiez osatutako botikekin. Horrexegatik ezin izan zen patentatu penizilina, adibidez.

Farmazia enpresek argudiatu dute inbertsio handia egin zutela txertoak ekoizteko, eta hori ordaindu beharra dagoela...

Egia da. Sendagai berri bat ekoizteko inbertsio handia egin behar da, baina argudio hori berehala birrintzen da, farmazia enpresen irabaziei erreparatuz gero. Munduko enpresa handienen artean, Volkswagenen edo Inditexen irabaziak %5-10 ingurukoak izan ohi dira urtero, eta sekulako dirutza da, e! Baina Pfizer, AstraZeneca eta Sanofyren gisako farmazia enpresa handienak %15-30 artekoak izan daitezke. Hori obszenoa da. Halako irabazi oparoak badituzte, inbertsioaren arriskua ezin da izan eurek dioten bezain handia.

Enpresek ez dute inbertsioei buruzko informaziorik ematen?

Ez, gardentasuna falta da. Enpresek zifra borobilak aurkeztu ohi dituzte, oso puztuak: 500 milioi, 1.000 milioi, 3.000 milioi... Nik zalantza handiak ditut kopuru horietaz, ez dutelako xehetasunik ematen. Zenbatekoa da ikerketen inbertsioa, eta zenbatekoa, berriz, marketin gastua?

Patenteak kentzearen aldeko mozioek ez dute aurrera egin Europako Parlamentuan. Borroka galdua da?

Ez dut uste amore eman beharko genukeenik. Hiesaren eta C hepatitisaren aurrekariek erakutsi digute patenteei eutsi nahi izateak kostu izugarria duela, jendea hiltzen delako. Ikusteko dago Indiak eta Hegoafrikak MME Munduko Merkataritza Erakundean aurkeztu duten eskaerak izanen duen ibilbidea, gero eta babes zabalagoa lortzen ari baita. Farmamundik eta beste erakunde batzuek aurkeztu dugu herritar ekinbide bat, auzia Europako Parlamentuan bozkatu dadin. Ez dakigu zein izanen den emaitza; argi daukaguna da egungo alternatibak, Covax, kasurako, txalogarriak izanagatik, ez direla aski txertoa bazter guztietara zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.