Albistea entzun

Hezkuntza. Ikasleen arteko jazarpena

Prebentzioaren ordez, «probentzioa» xede

Azken urteotan —Jokin Zeberioren kasua, 2004an, mugarri izan zen— ugaritu egin dira ikastetxeetan bizikidetzaren aldeko urratsak. Horiek giltzarri direla diote, jazarpen kasuak guztiz desagerraraztea ezinezkoa denez, aurre egiteko prestatzeko.
BERRIA

Arantxa Iraola -

2015eko maiatzak 31

Irakasleen eta zentroetako zuzendaritza taldeen prestakuntza ezinbestekoa da eskoletan elkarbizitza ona garatu eta bullying kasuei taxuz aurre egiteko. Berritzegune Nagusian —ikastetxeei eta irakasleei hezkuntzaren berrikuntzan laguntzeko Jaurlaritzaren zentroak batzen ditu— gai horien inguruko arduraduna da egun Fernando Muga. Ez du miraririk agintzen. «Gure helburua elkarbizitza proaktiboa sustatzea da, baina bullying kasuak beti agertuko dira». Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio, aparteko jazarpen kasu larririk ez bada ere, eguneroko martxan elkarbizitza egoki baten aldeko urratsetan eskolak sendo murgiltzea. Eta azken urteotan egoera asko hobetu dela uste du. Aurretik hainbat esperientzia abian baziren ere, 2008an, LOGSE legeak halaxe aginduta, bizikidetza planak egiten hasi ziren eskolak, profesionalen trebakuntza hobetu egin da, eta, oro har, gaiaren inguruko «sentsibilizazioa» asko areagotu dela uste du. Irakasleek gaiaren inguruan gero eta prestakuntza osoagoa dutela dio, eta «findu» egin dutela asko gai horietan behar duten ikuspegia.

Mugarri izan zen 2004. urtean eskolan jazarria izan ondoren Hondarribian (Gipuzkoa) bere buruaz beste egin zen Jokin Zeberio nerabearen heriotza, eta haren ondoren jazarpenaren kontrako neurriak orokortzen hasi zirela diote aditu denek: onerako. «Lehen baino askoz ere azkarrago hasten dira gaur egun zentroak kasuak bideratzen», azaldu du Mugak. Eusko Jaurlaritzak kasuak aztertzeko duen protokoloak, esaterako, harrera ona duela pentsatzen du. Onartu du, bete behar diren paperengatik, ekar dezakeen zama administratiboarengatik, eragozpen moduan ikus dezaketela inoiz edo behin profesionalek, baina, oro har, protokoloa, ikastetxeetako arduradunentzat tresna arras egokitzat du.

Hala ere, ez du ukatu: gatazkak atzematea zaila da usu. «Maiz helduak izaten gara azkenak konturatzen». Horregatik eskoletako eguneroko martxan bizikidetzaren alde egiteko premia. «Prebentzioaz aritu beharrean, probentzioaz aritzea gustatzen zaigu; ikasle guztien bizkar zorroetan sartu behar ditugu gatazketatik hobeto irteten ikasteko tresnak». Bide horretan profesionalen trebakuntza giltzarri dela iritzita, hainbat ikastaro atontzen dira Berritzegune zentroen bidez eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren jardunari lotuta.

Nafarroan ere urteak daramatzate eskolek elkarbizitzaren aldeko urratsetan murgilduta. 2010era arte borondatezko hautua zen zentroentzat bizikidetza planak egitea, baina orduan, foru dekretu baten bidez, derrigortasuna ezarri zitzaien egitasmo horiei. «Zentro ia denek dute plana», azaldu dute Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamenduan. «Zentro batzuetan biziagoa besteetan baino». Halaber, profesionalen «trebakuntza» eta «sentsibilizazioa» areagotzeko, hainbat trebakuntza neurri dituzte martxan. «11-12 ekintza egiten dira urtean zehar bullying-aren inguruan».

Ezkutuan, ikusten zailak

Sarean elkarteko —EAEko haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoak batzen ditu— presidentea da Ines Dominguez. Berretsi nahi du askotan jazarpen kasuei erreparatzea zaila dela. «Horrelako gauzak helduen aurrean ez dira gertatzen», azaldu du. «Eta batzuetan ez da erraza ezberdintzea zer den momentuko gauza bat, eta zer zerbait iraunkorrago». Normalean, lehen hezkuntzako 5. eta 6 mailetan hasten zaizkie kasuak agertzen, 11-12 urteko neska-mutilekin. Jaurlaritzak horrelakoetarako eskuragai ipintzen duen protokoloa «egokia» dela pentsatzen du, eta ez dio hari moteltasunik leporatzen. «Behin martxan jartzen duzunean, prozesua azkar joaten da». Elkarbizitzarekin lotutako zenbait arazo, arinak, tutoreak konpontzeko moduak izaten direla esan du, eta zuzendaritzara heltzen direnekin abiatu ohi dela normalean protokoloa: larrienekin. Hori ez da beti ulertzen; zenbaitetan, jazarpen kasuen inguruan familiekin desadostasunak izaten direla onartzen du Dominguezek. «Azken finean, bizipenak dira, eta bizipenak barrukoak dira», azaldu du. «Hala ere, gurasoei beti ematen diegun mezua da denok itsasontzi berean goazela».

Gasteizko Koldo Mitxelena institutuko zuzendaria da Amparo Montero. Ez du ukatu: beren jardunean, elkarbizitza arazo ugariri egin behar izaten diete aurre. Nerabezaroan murgildu berri heltzen zaizkie eskolara gaztetxoak, helduak izaten hasteko prozesu zalantzaz josian, eta elkarbizitzarekin lotutako «gorabeherak» ohikoak izaten dira. «Gazte taldeetan, esaterako, gerta daiteke baten bat sentitzea baztertua, beste norbaitek hartu duelako taldeko lidergoa. Eta guraso batzuentzat hori da bullying-a... Baina horretarako ez du balio administrazioak ematen duen erantzunak», ohartarazi du. Protokoloa abian jartzeak prozesu «korapilatsu» bat abiatzea dakarrela uste du Monterok, eta elkarbizitza arazo ohikoak konpontzeko bestelako baliabideak erabili behar dituela zentroak; arinagoak. «Zenbaitetan, gurasoei ulertarazten saiatzen gara hori ez dela bullying-a, baina beti uzten diegu atea irekita, formalki prozesuarekin segitu nahi badute, jarraitzeko. Baina normalean gurasoek ulertzen dute ez dela jazarpena, baizik eta beste kontu bat...».

Protokoloa, ordea, zenbaitetan erabili egin behar dela argi du Monterok. «Bullying-a bada, bai, erabili behar da: komeni da formalagoa izatea; dena idatziz egitea». Esplikatu du ikastetxean Jaurlaritzaren protokoloaren aldaera «sinplifikatu» bat landu zutela —zeinak Hezkuntza Sailaren oniritzia duen— eta huraxe darabiltela premia izaten dutenetan: «Gure erara erabiltzen dugu». Eta familiekin lan egitea, bidean, oso garrantzitsua dela oroitarazi du. «Familiek parte hartzen badute, normalean berehala mozten dira kasuak», azaldu du. Gatazkak bizikidetzaren parte direla oroitarazi nahi du, hala ere; ezin dela hori inoiz ere ahaztu. «Eta, jakina, beti egongo dira ihes egiten diguten kasuak».

Arrasateko (Gipuzkoa) bigarren hezkuntzako Arrasate institutuan, esaterako, ikasturte bakoitzean Jaurlaritzaren protokoloa, batez beste, bi-hiru aldiz abiatzen dutela azaldu du bertako zuzendari eta Bihe institutu publikoen zuzendari elkarteko batzarkide Maite Lasak. «Susmoren bat» izan orduko zabaltzera egiten dutela esan du, eta oraindik bullying kasu baieztaturik izan ez badute ere, bizikidetzan sortzen diren arazo arin horiek ere ondo tratatu behar direla. «Nahiz eta bullying kasu bat ez izan, askotan neurriak hartzen dira, neurri zuzentzaileak, eta jarraipen bat egiten da. Izan ere, askotan izaten dira portaera oso desegokiak, bizikidetzaren aurkako jokaerak». Bidean, beste hainbat neurriren artean, tutoreen lanari ematen dio aparteko garrantzia, ikasle bakoitzarekin egin behar duten «jarraipen bana-banakoari».

Aurrez egin beharreko lana

Hala ere, kasuei aurre egiten ikasteko oinarri ezinbestekoa bizikidetza planak direla argi dute profesionalek. Egitasmoak, eta horien inguruan egiten den lana. Dominguez: «Planek laguntzen digute pila bat; orain hezkidetza planak ere ari gara lantzen, eta horrek ere lagundu egingo du». Lasa: «Oso inportantea da aurretik egiten den lana». Montero: «Era horretan, planen bidez, babes sareak martxan ditugu ikastetxeetan».Gatazkak sortzen direnerako konfiantza ematen die horrek. «Izan ere, ikasleak aktibo nahi ditugu, inor baztertuta badago, egoerari aurre egiteko: probentzioa, horixe da hitz gakoa».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ibaetan duela hilabete batzuk egindako manifestazioa. ©GORKA RUBIO / FOKU

EHUko irakasle batek Ibaetan egindako eraso sexista salatu dute ikasleek

Erredakzioa

Arkitektura Fakultateko irakasle batek ikasleei eraso sexista bat egin ziela salatu dute UIB Unibertsitateko Indar Batasunak eta Arrakalak
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetako arduradunak izan ziren atzo BECen, estrategia soziosanitarioaren aurkezpenean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zaharrak etxean zaintzea sustatu nahi dute instituzioek

Edurne Begiristain

Estrategia soziosanitario berria aurkeztu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek
Hezkuntza eragile ugaritako ordezkariak bildu ziren, atzo, Gasteizko Europa jauregian. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Ikasleen segregazioa nola utzi aparte

Irati Urdalleta Lete

'Euskal Hezkuntza Sistema: Adituekin solasean, herritarren azpimarra' sinposioa egin dute Eusko Ikaskuntzak eta Eusko Jaurlaritzak. Eskola segregazioa landu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.