Poliziaren biktimen legea prozedura azkarraren bidez aterako da aurrera

joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Epeak erdira murriztu nahi dituzte. Poliziaren eta eskuineko taldeen indarkeriaren biktimen lege proposamena aurreko ostegunean erregistratu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak. Atzo, eledunen batzordeak erabaki zuen «prozedura azkarraren» bidez egingo duela aurrera tramitazioan. Horrek esan nahi du ohiko lege proposamen batek egin beharreko bidea erdira murriztuko dela.

Berez, 2015eko martxoan aurrera atera zen izen bereko lege bat, baina PPk helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, eta epaitegiak aurtengo udan ebatzi zuen lege horren eduki nagusiak indargabetzea. Ondorioz, atzo, proposamenak doktrina konstituzionala betetzen duen edo ez zehazteko, PPk txosten bana eskatu zien parlamentuko zerbitzu juridikoei eta Nafarroako Kontseiluari —Nafarroako administrazioaren egituraren barruan, aholku emaile nagusia da—. Erakunde horiek iritzia eman zain, proposamenaren tramitazioa eteteko eskatu zuen PPk, halaber. Eledunen batzordeak aintzat hartu zuen PPk egindako lehen eskaera, baina ez bigarrena; hots, lege proposamenak aurrera egingo du.

EH Bilduko Adolfo Araizen hitzetan, Konstituzionalak «erabat babesgabe» utzi zituen biktima horiek, eta, zigorgabetasun judiziala ezarri bazuen ere, «ezin da mantendu zigorgabetasun politikoa». Horregatik «oso beharrezkotzat jo du» lege proposamena, indarkeria hori egin dutenak «zigorgabetasun politikoan ez geratzeko». Araizen hitzetan, epaitegiek kasu gehienak artxibatu dituzte, eta zigorgabetasun judizial hori konpontzea ez dagokio legeari: «Aurrekoa saiatu zen, baina ikusi genuen zein den estatuaren erantzuna». Hala ere, garrantzitsu deritzo indarkeria jasan dutenek merezi duten aitortza eta erreparazioa izateari. Gaineratu zuen doktrina konstituzionalaren ondorioz «oinarrizko gabezia» izango duela legeak. «Horrek egiaren eskubiderako eta arduraren onarpenerako urratsak egitea eragozten du».

Mehatxuak alderdiei

Egunotan, pintaketak agertu dira Geroa Bai, EAJ eta UPNren aurka —diana baten erdian ageri ziren—. Parlamentuak, adierazpen instituzional bidez, gaitzetsi egin ditu mehatxuok, «gizarte demokratiko batean kritika egiteko zilegitasunaren mugak gainditzen dituelako eta alderdi horien aurkako eraso zuzena delako». EH Bildu eta Orain Bai abstenitu egin dira, eta gainerakoek alde bozkatu dute. EH Bilduk azaldu du mehatxu horien aurka dagoela, baina adierazpenean poliziek erabilitako indarkeria gaitzesteko eskatu du, eta ez da onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.