«Sinestezina da kalezulo hartan tiro egitea bururatu izana inori»

gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Aste honetan John Finnie Eskoziako parlamentaria egon da Cabacas auziko epaiketan begirale gisa, eta azken-aurreko saioa hasi aurretik adierazi du auzi honetan «galdera serioak» daudela, eta espero duela galdera horietako batzuen erantzunak epaiketa honek ematea. Auzia «sakonean» ezagutzen ez badu ere, aukera izan du Cabacas zauriturik suertatu zen kalezuloa ezagutzeko: «Sinestezina da leku hartan tiro egitea bururatu izana inori», azaldu du.

Urte askoan, Eskoziako Poliziako ofiziala izan zen Finnie. Orain, Berdeen ordezkaria da Eskoziako Parlamentuan, eta aditua da segurtasun publikoaren demokratizazio politiketan. Joan den astelehenean Eusko Legebiltzarrean egon zen, eta agerraldia izan zuen hango Segurtasun Batzordean.

Epaiketan ikusi eta entzundakoaren arabera, Finniek uste du «begien bistakoa» dela gomazko pilota batek hil zuela Iñigo Cabacas, «gizon gaztea, gurasoek eta lagunek maitatua, behar baino lehenago hil egin zena».

Esan duenez, horrelako egoera bat ez litzateke inoiz gertatuko Eskozian, han gomazko jaurtigaiak ez direlako inoiz erabiltzen ordena publikoa zaintzeko edo jendearen kontrako liskarretan. «Badakit hemen ere badagoela horrelako armak ez erabiltzeko erabakia, baina, ulertzen dudanez, badirudi hori erabaki administratiboa dela», erantsi du. «Interesgarria litzateke erabaki hori legearen aldetik ere indartzea, agerikoa baita horrelakoak erabiltzeak arrisku larrian jar ditzakeela herritarren osasuna eta bizitza».

Poliziaren kontrol eta kontu ematerako mekanismoak egotea ere garrantzitsua da, Finnieren ustez, horiek ez dutelako poliziaren jarduera ahultzen, «indartu» baizik. «Poliziak kontuak eman behar izateak sendotzen du herritarren konfiantza», azaldu du. «Gogoratu behar da poliziak herritarrentzat lan egiten duela, eta ez herritarren kontra».

Euskal Herriko egoera politikoa ere hizpide izan du Finniek. «Eskozian jakitun gara egoera politiko berria dagoela eta indarkeria amaitu dela. Hori pozteko modukoa da, baina, gainera, aukera bat ematen du berriz baloratzeko noraino den beharrezkoa poliziek su armak erabiltzea». Finniek gogora ekarri du Eskozian 17.000 polizia inguru daudela, baina horietatik %3k baino gutxiagok eramaten dutela arma. «Doitu behar da poliziak erabiltzen duen indarra, eta indar hori egokia, neurritsua eta kontrolagarria izan behar da», esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.