Albistea entzun

Izadiari neurria hartzeko indizea

AZTI ikerketa zentroaren jardunean mugarri izan da AMBI indizea; itsas inguruneak zein egoeratan dauden neurtzeko baliabidea da. Toki askotan hartu dute erreferentzia gisara

Arantxa Iraola -

2018ko ekainak 3

Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskunde AZTIk berriki jakinarazi du AMBI indizeak —bertan landutako lanabes bat da— mundu mailako onespena duela; Zeelanda Berrian, Txinan, Mexikon, Kanadan, Txilen, Marokon, Indian, Europa osoan... Toki askotan darabilte. Euskal Herrirako sortu zuten aurrena baliabidea, eta mundu osora zabaldu zuten ondoren; beraz, zentroko ikertzaileen lorpen garrantzitsu bat da. «Ur hondoak ebaluatzeko lanabes bat da: horretarako, sedimentuetan bizi diren bizidunak aztertzen dira: muskuiluak, krustazeoak, zizareak, nekorak, itsas izarrak...», azaldu du zentroko ikertzaile Angel Borjak. Argi izan behar da: bizidun kopuru handia aurkitzeak ez du beti esan nahi egoera hobea denik. «Bai, eta ez», ohartarazi du adituak: neurketa hori baino «konplexuagoa» izaten da.

Betiere, ur hondoko lagin bat hartu, galbahetik pasatu, eta bertan ageri diren espezieen sailkapena egiten dute; hainbat kategoriatan banatzen dituzte, gizakien eraginaren aurrean dituzten erreakzioen arabera. Bost klasetakoak daude. Lehenak: «sentikorrak» dira, gizakien eragin gaiztoaren aurrean desagertu egin daitezke. Bigarrenak: «indiferenteak» dira, oraindik argitzeko dago zer ondorio izaten dituzten. Hirugarrenak: «toleranteak» dira, tolerantzia maila bat dute kutsaduraren aurrean, baina ez erabatekoa. Laugarrenak: «bigarren mailako oportunistak» dira, agertzen dira «toleranteek» ezin dutenean gehiago, eta kutsadura handia jasateko gai dira; halakoak izaten dira, adibidez, muskuilu mota jakin batzuk. Bosgarrenak: «lehen mailako oportunistak» dira, kutsatutako inguruetan egoki bizi dira. «Tankera horretakoa da, adibidez, capitella capitata zizare mota: kutsadura handiko egoeretan oso ondo moldatzen da. Kai inguru zikinetan-eta askotan agertzen dira halakoak. Usu espezie hori bakarrik agertzen da, edo besteren batekin. Bizirik irauten duten azkenak direla esan daiteke». Hortik beherakoak oxigenorik gabeko inguruak dira: «Horietan ez dago bizitzarik».

Itsas hondoetako laginak hartu, eta kategoria bakoitzeko espezieak kontatzen dituzte AMBI indizea ebatzi ahal izateko: portzentajeak atera, eta horren araberako ebaluazioak egiten dituzte. «Esaterako, bizidunen %100 lehenengo mailakoak badira, oso egoera onean dago inguru hori. %100 azken taldekoak badira, oso egoera txarrean. Zerotik zazpirako mailaketa bat egiten dugu: zerok erakusten du oso egoera ona; zazpik oxigeno gabekoa. Tartean, hainbat egoera izaten dira». Baleko notarik bada? «1,2ko arteko emaitzak dira oso onak. 3,3 artekoak, toleratzeko modukoak. Hortik aurrera, berriz, neurriak hartu behar dira».

Hobera egin daiteke

Euskal Herriko padurak eta kosta aztertzeko egin zuten aurrena lanabes hori. «Gero, Europara ere zabaltzen hasi zen. Legerietan dute sartua herrialde askotan». Ebaluazioa interesgarria da ikusteko zein egoeratan dauden inguruak, eta zer eboluzio duten. Euskal Herrian badira, esaterako, hobekuntza agerikoa izan duten eremuak. «Oiartzun ibaian, esaterako, nabarmen egin da hobera. Bilbon, Nerbioin, ere bai. Ibai horietako hainbat toki azooikoak ziren orain dela hainbat hamarkada: oxigenorik ere ez zegoen». Egun, indizearen mailaketaren puntuazio «ertainera» heltzen ari dira horietako asko. «Egoera onera hurbiltzen ari dira».

Arazoen motibo nagusiak izan ohi dira sarritan hondakinak: hirietako isuriak eta industriek egindakoak. «Araztu gabe egindako isuriak; garai batean, esaterako, paper fabrikek halakoak egiten zituzten sarri; zelulosak oxigeno asko behar du, eta ibaietako oxigeno guztia hartzen zuen». Aldagai gehiago badira: «Eragina izaten du, esaterako, itsasoari habitatak kentzeak ere». Euskal Herrian badira era horretako adibide ugari, iragan hamarkadetan desagertu baitira padura ugari. «Itsasoari eremua kendu eta kendu, habitata kendu, eta ingurumena hondatu egiten da. Espezie gutxiago, arrantza gutxiago, itsaski gutxiago...». Eta zer dio indizeak? Lehengora egiten da berriz? «Oso zaila da hori. Bidasoan, adibidez, padurak-eta leheneratu dira, baina ez dira orain dela 150 urte ingurukoak. Ezinezkoa da. Sistemek beste oreka bat hartzen dute; antzekoak izan daitezke, baina ez dira lehengoak», azaldu du Borjak.

Metal astunek, botikek eta bestelako substantziek ere eragiten dute zenbaitetan kutsadura. Eta badira lehen kolpean hain agerikoak ez diren aldagai kutsatzaileak ere: «Argia, zarata. Hemen ez da hain ohikoa. Baina, adibidez, dortokak dauden tokietan iluntasuna behar dute arrabak egiteko». Petrolioa erauzteko zulaketek-eta eragiten dute, adibidez, leku askotan zarata. «Eta indizea petrolioa erauzteko plataformetan ere erabiltzen da». Akuikultura ohikoa den tokietan ere izaten dira sarri arazoak; horietan ere erabilgarria da.

1997-1998an hasi ziren lantzen baliabidea, Uraren Euskal Agentziarako egiten dituzten lanen barruan. 2007ra arte hobetzen jardun zuten; orduan hasi ziren ofizialki erabiltzen, eta hainbat tokitan hasi ziren ezartzen. Prozesu horrek ez du amaierarik: «Orain, adibidez, Txilen ari gara egitasmo batean». Baita Ipar Amerikan ere. «AEBetan bi indize dituzte, eta bateratu nahi dituzte orain indize honetara. Ikusi dute beste indizeak bezain ona dela, eta bakar bat erabilita errazagoa dela alderaketak egitea».

900etik, 8.500 espeziera

Lanabesaren lehen bertsioa 900 espezie ingururekin egin zuten hemen, Euskal Herrian. «Arazoa da beste hainbat tokitan beste espezie batzuk daudela. Jendeak interesa erdietsi ahala, tokian tokiko adituekin, klasifikazio berriak egin genituen espezie horiek aintzat hartzeko. Txilen, Erresuma Batuan, Zeelanda Berrian...». Egun, indizeak 8.500 espezie barnebiltzen ditu, eta, ondorioz, munduko edozein tokitan erabil daiteke. «Tolerantzia mugak aldatu behar diren ere ikusi izan da tokian-tokian. Nahiko igualak dira toki gehienetan, baina badira aldaketak», adierazi du Borjak.

Klima aldaketa izaten da egun ingurumena aztertzean aintzat hartu behar izaten den beste aldagai bat. AMBIk ez du propio kontuan hartzen. Baina klimak eragindako aldaketa handiko egoeretan ere ongi erantzuten duela adierazi du AZTIko ikertzaileak. Hona, adibidez, Floridako esperientzia. «Bi urtaro dituzte han; hezea eta lehorra. Lehenean euri asko dute, eta gatz kopuruak beherak egiten du; lehorrean, berriz, gora. Ondorioz, arazoak zituzten monitorizatzeko eta jakiteko zenbaterainoko eragina zuen gatzak, edo kutsadurak. AMBI konponbiderako gakoa izan da». Indian ere, montzoiekin, antzeko arazoak dituzte, eta arrakasta izan du lanabesak. Ezagutza sortzen jarraitzeko ere giltzarri izan da. «AMBIk eztabaida zientifiko handia eragin du, eta indize asko sortu dira ingurumari horretan; batzuek arrakasta izan dute; beste batzuek, ez. Beste batzuek indize berriak sortu dituzte, berriz, AMBI aintzat hartuta».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joseba Segura Bilboko apezpiku izendatzeko elizkizuna, 2019ean. ©Miguel Toña/ Efe

Bilboko Elizbarrutia hamalau apaiz ikertzen ari da sexu abusuengatik

Edurne Begiristain

Joseba Segura Bilboko gotzainak baieztatu du elizbarrutian sortutako ikerketa batzordeak hamalau apaiz identifikatu dituela abusuen ustezko egile gisa. Gainera, erabateko sinesgarritasuna eman die biktimen lekukotzei.

Migrante batzuk, Irungo Harrera Sarekoen azalpenak entzuten, atzo, herriko plazan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zeharkaldirako sareak eraikiz

Jone Arruabarrena

Egunero heltzen dira etorkinak Irunera, Lapurdiko muga igarotzeko asmoz. Irungo Harrera Sareko kideek han egiten diete ongi etorria, eta bidaia ahalik eta modu seguruenean egiteko informazioa eskaintzen diete. Aurten, bi gazte hil dira muga Bidasoa ibaitik gurutzatu nahian.
Suteak Akitanian

Ireki dute Biriatuko muga ibilgailu mota guztientzat

Jone Arruabarrena - Oihana Teyseyre Koskarat

Gauean zehar muga igaro ahal izan dute, baina 07:00etatik aurrera berriz itxi diete, Gironda departamenduan piztutako suteagatik. 7.400 hektareatik gora kiskali ditu suak han, eta 10.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte.

Txartelak balioztatzeko makinak Bilboko Metroan ©Marisol Ramirez / Foku

Bilboko Metroak iragarri du deskontuak aplikatuko dituela garraio publikoa sustatzeko

Berria

Bizkaiko Garraio Partzuergoaren erabakiaren zain dago, teknikoki nola egin erabakitzeko

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.