BAKARRIZKETA

Interesik gabeko hipoteka finkoak martxan daude

BERRIA.
xabier martin
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
1. Non? Euskal Herrian ez, lasai, Danimarkaz ari gara.

2. Benetan esaten ari zara bankuek etxea erosteko dirua debalde ematen dutela? Espainiako banku sistemaren azpijokoekin ohituta bazaude, ulergarria da harridura hori, baina bai, Danimarkan hogei urterako hipoteka finkoak eskaintzen ari dira %0ko interesarekin.

3. Baina nola da posible hori? Diruaren balioari begiratzea besterik ez dago hori ulertzeko. Gure euriborrak ere lau urte bete berri ditu interes negatiboan, eta joera horrek ibilbide luzeagoa egin du Danimarkan. Hango koroaren interes tasa 2012. urtetik dago negatiboan. Europako Batasuneko lehen estatua izan zen eremu ezezagun horretan sartzen, eta finantza entitate batek pentsatu du merezi duela bezeroei dirua uztea interesik gabe; izan ere, datozen urteetarako ez dute aurreikusi joera aldaketa bat maileguen interes tasa ezartzen duten indizeetan.

4. Ez dago letra txikirik? Badago azalpen txiki bat ulertzeko zergatik utz dezaketen hogei urterako dirua musu truk. Danimarkan, bankuek bitartekari lana egiten dute inbertitzaileen eta mailegua hartzen dutenen artean. Beren irabazia bonu bermatua esaten dioten produktuaren komisioa da. Kontua da, inbertitzaileek toki segurua nahi dutela beren diruarentzat, eta mailegu bat hala izan daiteke, nahiz eta interesik gabekoa izan. Edonola ere, emaitza ez da aldatzen bezeroarentzat: diru kopuru bat lor dezake hogei urtean itzultzeko, betiere %0ko interes tasarekin.

5. Pandemia nola eragiten ari zaie hipotekei? 2008az geroztik, Danimarkan arrakalarik handiena dago orain eskaeraren eta eskaintzaren artean etxebizitzen merkatuan. %0ko intereseko hipotekak eskaini zituzten orain urte batzuk Europako iparraldeko herrialde horretan, eta, orain, analistek uste dute produktu hori berriro eskaintzeko garai egokia dela. Hipotekak babestuko dituzten bonuen prezioak errekorrak hautsiko dituztela uste dute, jende asko ari delako etxebizitza aldatu nahian pandemiak ekarritako aldaketak direla eta.

6. Gerta daiteke horrelako zerbait Euskal Herrian? Gertatzen ari da hein batean, baina ez %0ko interesdun hipotekak daudelako merkatuan, baizik eta %0,5 inguruko asko egin zirelako orain urte batzuk. Mailegu horiek dituztenak ez dira interesak ordaintzen ari azken hilabeteetan; izan ere, urtarrilean interes negatibo errekorrean dago euriborra, -%0,5 inguru. Aurki hipotekaren interesa berritzen duenak zero interes pagatuko du euriborra + 0,5eko interesa sinatu bazuen.

7. Euriborra negatiboa bada, bankuak ez lizkioke ordaindu beharko interesak bezeroari? Europako Banku Agintaritzako presidente Jose Manuel Campak baietz dio, baina epaitegiek bide hori moztu dute Espainian, finantza entitateentzat oso arriskutsua delako. Lau urte bete ditu euriborrak negatiboan, eta negozio tradizionala hondoratu die bankuei. Zoru klausula eta bestelako produktu iruzurgileak hor dauden arren, errentagarritasun handia galdu dute urteotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.