Golaren elkarte berria

Iaz Munirrek eta Guidettik osaturiko bikote emankorra ahantzarazten ari dira Calleri eta Baston. Launa gol sartu dituzte, eta gehiagoren bila jardungo dute gaur, Getafen.
Borja Baston, Valentziari sartutako gola ospatzen. Jonathan Calleri ere ageri da argazkian.
Borja Baston, Valentziari sartutako gola ospatzen. Jonathan Calleri ere ageri da argazkian. ALAVES

Eñaut Agirrebengoa -

2019ko urtarrilak 18
Ate aurrean fin aritzeak berebiziko garrantzia du Alavesentzat. Ez da gol aukerak erruz sortzen dituen taldea; beraz, dituen abagune bakanei zukua ateratzera behartuta dago. Bada, eraginkortasuna bermatuta dago Jonathan Callerik (Buenos Aires, 1993) eta Borja Bastonek (Madril, 1992) aurrealdean osaturiko elkarte berriarekin. Espainiako Ligako 11. jardunaldira arte ez zuten elkarrekin jokatu, baina azken partidetan finkatu egin dira bikote moduan Alavesen erasoan. Aurrelari fisikoak dira biak ala biak, eta, batez ere, oso argiak dira area barruan. Arabako taldeak orain arte sarturiko 22 goletatik zortzi haienak izan dira. Launa gol sartu dituzte orain arte; hamasei partidatan aritu da Calleri, eta hamahirutan Baston. Azken hori da taldeko jokalaririk eraginkorrena: gol bat sartzen du 140 minutuan behin.

Horiek hala, erabat lausotu da iragan sasoian Munir El Haddadik eta John Guidettik osaturiko bikotearen itzala. Kimika berezia egon zen suediarraren eta marokoarraren artean, eta bien artean hamahiru gol sartu zituzten: Munirrek hamar, eta Guidettik hiru. Ordea, zifra hori hobetzeko bidean dira Calleri eta Baston. Hasieran, zalantza izan zen ea elkarrekin joka zezaketen. Biak dira aurrelari peto-petoak, eta sarri ez da ideia ona izaten halako bi jokalari elkartzea. Ustez, hobeto da errematatzailearen alboan aurrelari mugikor bat ipintzea. Kasurako, hala gertatu zen iragan denboraldian Guidettirekin eta Munirrekin. Batak hutsuneak sortu, eta besteak profitatu egiten zituen.

Ez da hala gertatzen Callerirekin eta Bastonekin. Biak areako harrapakariak dira ororen gainetik. Aurkariaren ate aurrean sentitzen dira erosoen, baina, orain artekoa ikusita, batak ez du bestea zapaltzen. Kontrara, ondo ulertu dute elkar. Alegia, bateragarriak dira; baita osagarriak ere. Izan ere, antzeko ezaugarriak eduki arren, badaude ñabardura batzuk haien artean. Baston lege zaharreko erdiko aurrelaria da. Hots, areako jardunera mugatzen da, eta eragin urria du jokoaren sormenean. Calleri, ordea, taldeari hauspoa ematera jaisten da maiz, eta hegaletara ere jotzen du batzuetan. Gainera, indarrez husten da aurkaria estutzeko lanetan. Borrokarako gaitasun horrek zaleen begiko bihurtu du.

Iraganeko markei so

Azken hiru partidetan, batera jardun dute, eta gol erabakigarriak sartu dituzte arabarrentzat: Callerik Realaren aurka, eta Bastonek Valentziaren eta Gironaren kontra. Hori bai, kosta da biak hasierako hamaikakoan batera ikustea. Calleri merkatuko azken egunetan iritsi zen Gasteizera, eta aste batzuk behar izan zituen egokitzeko. Bada, hura taldearen dinamikan sartu zenean, min hartu zuen Bastonek. Ondo ekin zion ligari, Espanyoli hirugarren jardunaldian sasoiko lehen gola sartuta; aitzitik, hurrengo bost partidak galdu zituen lesioaren ondorioz. Behin osatuta, erritmoa hartuz joan da pixkanaka, eta berriz ere titular da.

Azken bi sasoietan gozakaitz aritu da Baston, Malagan eta Swansean. Orain dela hiru denboraldi, aldiz, hemezortzi gol sartu zituen Eibarrekin. Kopuru horretara hurbiltzen saiatuko da bigarren itzulian, oraindik urruti eduki arren. Callerik, berriz, bederatzi gol sartu zituen aurreko sasoian Las Palmasen, eta honetan erritmoari eusten ari zaio. Biak ala biak finkoak dira Abelardorentzat, eta gaur ere hasieratik arituko dira, Getafen (Espainia). Alavesek bosgarren jardunaldia egin nahi du galdu gabe.

GETAFE-ALAVES

Getafe. David Soria; Damian Suarez, Djene, Cabrera, Antunes; Portillo, Cristoforo, Maksimovic, Samu Saiz; Jorge Molina eta Angel.

Alaves. Pacheco; Martin, Ximo Navarro, Maripan, Duarte; Sobrino, Pina, Manu Garcia, Burgui; Borja Baston eta Calleri.

Epailea. Munuera Montero.

Lekua. Alfonso Perez Koliseoa (17.393 ikusle).

Ordua. 21:00 (Gol)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna