Patxi Zabaleta

La RAE, El Cid eta etorkizuna

2020ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Duela aste batzuk legebiltzarrean eta jendartean Hezkuntzako Lege Organikoari buruz izandako eztabaidak gogora ekarri digu Gabriel Arestik bere adiskide Meaberi zinikotasun leunaz zuzendutako poema ezagun hura: «Ez da espainiar ona, Espainiako lau hizkuntzak ez dakizkiena». Eta bidenabar beharrezkoa dirudi eztabaida honetan sartuz Espainolaren Errege Akademiak, RAEkegin duen zoritxarreko esku-hartzea aztertzea eta kritikatzea.

RAEk komunikatu labur bat argitaratu du; eta bertan, lehenik, bere esku-hartzea justifikatzearren bi ustezko zilegitasun aipatzen ditu; baina bien ala bietan harrokeriaren eta errespetu faltaren gogoko bekatuak egikaritzen ditu. Bigarrenik, RAEk kulturako hiru erreferentzia mahairatzen ditu; baina hiruretan RAEk kontzeptu mailako hutsegitea, oreka gabeziako okerra eta etorkizunarenikuspegi falta adierazten ditu.

Ustezko zilegitasun horietatik lehendabizikoa da «ezbaian dagoen lege testuak espainolaren erabilera estatuko lurralde osoan zalantzan jarriko ote duen kezka…». Bigarrena da «legegilea ez dadila espainolari Konstituzioko 3. artikuluak ematen dion babes agindutik desbideratu…». Hara bada, RAEk ez dauka hezkuntzako legea bezalako gaietan iritzi baten alde edo bestearen kontra jarduteko eskumenik; batez ere, ez duelarik pertsonen hizkuntza eskubideen izenean egiten. Gainera —eta hau bereziki larria da—, RAEk bere konstituzioaren aipamenean testu osoa ez azaltzearen iruzurra egiten du; izan ere, nahiz konstituzioko testua ez den guztiz asegarria, hizkuntza hainbaten ko-ofizialtasuna aurreikusten du, eta hori ezkutatzea ez da zuzena. Berriro eta helburu dialektikoekin Arestiren eredua jarraituz, gogoratu behako litzateke RAE ez dela gazteleraren akademia bakarra, eta ezta ere estatuko hizkuntza baten akademia bakarra.

Eta hona beren hurrenkeran RAEren komunikatuak dauzkan kultura itxurako hiru erreferentziak: «600 milioiko komunitate kultural baten zatia gara…». «Gobernuek, eta bereziki espainiarrak, espainolaren ezagutza eta erabilera askea bermatu behar dute».Eta «Espainolak gure nazioarentzat duen garrantzia…». Kontzeptu mailako okerra da lehen erreferentzia hori, XXI. mendeko komunitate kulturalak ezin daitezkeelako elebakarrak izan; aitzitik, gaur egungo jendartea osatzen duten pertsonak eleanitzak dira eta denborarekin gero eta gehiago izango dira. Bigarren erreferentzian ez dago orekarik; izan ere, hizkuntza eskubideek eta askatasunek aitortza, errespetua izatekotan aniztasuneko aukera askea behar dute; eta ez bakarkeria. Hirugarren aipamenak, berriz, nazio bakarraren aipua eginez eta espainolari ematen dion garrantziarekin, RAEren mezuaren irudia osatzen du.

RAEren mezuaren muinak, honela oinarriturik, El Cid-en mitoari ematen dio distira, pertsonen hizkuntza eskubideak eta askatasunak eta etorkizuna aldarrikatu beharrean. Eta hori, nahiz eta El Cid-en benetako historia Iruñea-Naxara erresuma baskoiaren aurka, hiru Santxoen Guduan egindako gerrilari jardunean oinarritzen den… Hizkuntza ingelesak ez dauka eta ez du inoiz eduki akademiarik; baina halere, ingelesa da, gaur-gaurkoz, gazteleraren quid nagusia; eta hobe luke RAEk horretaz arduratzea, hezkuntza legearen eztabaidetako gorabehera eta zertzeladetan sartu baino.

Richelieu kardinala, Frantziako eta Nafarroako errege Luis XIII.aren albokoa izan zen lehen akademia sortu zuena 1635ean; eta haren itxurara jardun dute hurrengo guztiek. RAE bera ia mende bat beranduago Martzillan jaiotako Juan Manuel Fernandez Pachecok sortu zuen, nahiz herri horretan sortu izana bere aita Nafarroako erregeorde kargua hartzera zetorrelako gertatu zen. Euskararen Errege Akademiaren, Euskaltzaindiaren kasuan, ordea, gertatzen da, nahiz Espainiako erresumaren lurraldeetan eskumen akademiko ofiziala duten lau akademietatik bat izan, Frantziako Errepublikako herritarrak, eta euskaltzainburu bikain bat barne, badituela kidetzat.

Europak eta etorkizunak hizkuntzen akademiak bezalako leinu zaharreko erakundeen aggiornamentua behar dute (hitz hori RAEren eta Euskaltzaindiaren hiztegietan sartuko baita berandu baino lehen). Izan ere, Garbitu, Tinkotu eta Distira eman lelo zaharkituak ez die dagoeneko behar bezalako erantzunik ematen gazteleraren benetako erronkei; Ekin eta Jarrai lelo borroka kutsukoak Euskal Herriko biztanleen borondate eta premiei erantzuten ez dien bezala. Seguru aski akademia guztiek autokritika sakona eta berrikuntza behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.