Atzeratutako lehiak jokatuko dituzte asteburu honetan hiru euskal taldeek

Eibarrek Bartzelona hartuko du gaur, eta Athletic Betisen zelaian ariko da. Realak bihar jokatuko du, etxean, Real Madrilen aurka

Eibarreko Arola Aparicio, Sevillako jokalariekin lehian. LA LIGA.
ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
COVID 19ak hainbat neurketa atzeratu ditu Espainiako Lehen Mailan. Hala, asteburu honetan jardunaldirik ez dagoela baliatuko dute horietako batzuk jokatzeko. Hori da Eibarren eta Athleticen kasua. Biek gaur jokatuko dute, Bartzelonaren eta Betisen aurka, hurrenez hurren. Realak, berriz, Real Madrilen aurka neurtuko ditu bihar indarrak. Eguraldiagatik atzeratutako partida da. Lehen itzuliko norgehiagokak dira hirurak.

Eibar izango da jokatzen lehenbizikoa, 10:30ean. Ligako talderik ahaltsuena izango du aurrean, Unben: Bartzelona. Azken hiru neurketak galdu egin ditu Iker Dorronsororen taldeak, baina ilusioz daude. «Gutxitan izango dugu halako aurkari baten kontra jokatzeko aukera. Denbora asko eman beharko dugu gure zelaian, eta baloiaren atzetik korrika asko egin. Baina talde honek erakutsi du badakiela hori egiten. Partida itxia izatea lortzen badugu, gure aukerak izan ditzakegu». Llomporat eta Noko ez dira ariko, txartel pilaketagatik.

Sailkapenaren zuloan dagoen talde baten kontra neurtuko ditu indarrak, berriz, Athleticek: Betis. Espainiarren zelaian ariko da Iraia Iturregiren taldea (17:00). Hiru puntuak urratu, eta behingoz bolada on bati ekin nahi dio talde zuri-gorriak, jaitsiera postuetatik are gehiago urrunduz. Teknikariak argi du: «Ez dut uste final bat denik, baina bai denboraldiko partida garrantzitsuenetakoa. Hau eta hurrengo biak, Rayo eta Sporting Huelvaren kontra. Aurkari zuzenak dira, eta, bederatzi puntuak batuz gero, beste helburu batzuetan pentsatzen has gaitezke. Baina, bestela, mailari eustea izango da helburua». Maiatzetik min hartuta egon eta gero, Ane Azkona aurrelaria deialdira itzuli da.

Madril eta Levante aurkari zuzenen kontra jokatu zituen azken bi partidak Realak, eta puntu bakarra batu zuen. Bihar Real Madrilen kontra jokatuko du, Zubietan (12:00). Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian dauden beste taldeetako bat da, eta Natalia Arroyoren taldeak irabazteko premia du helburu horretatik gehiago ez aldentzeko. «Jardunaldiak aurrera doaz, eta ez dugu nahi soilik aurkari horiengandik gertu egun, baizik eta irabazi eta hor goian egon».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.