Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Mercuryren xurgagailua

2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
'Bihotzeko fonoteka'. EITBk uda oro eskaini ohi digun harribitxirik gutiziatuena dela esatera arriskatuko nintzateke. Bazkalosteko dosi egunerokoa, lo kuluxka baztertzeko adinako erakargarritasunez, ekarri digute Nekane Peñagarikanok eta Arantxa Iturbek Euskadi Irratian. Edorta Unamuno hegazti adituarekin hasi eta Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin amaituz. Musikaren aitzakian, gonbidatuak biluztea lortu dute, beren biografietara ezin bidezidor zuzenagotik iristea, arrasto pertsonala utzitako hamar doinurekin. Musika sublimatu digute hainbatek, doinu zehatz batek zer ebokatu dien aitortuz. Musika hizkuntzarik unibertsalena, zer ote litzatekeen gizakia hura gabe, herri minaren sendagarri, emozioak hezurretaraino sartzeko soinua, heriotza baino boteretsuagoa... Kontrapuntu gisa, unerik irrigarriena —eta lurtarrena— Belen Ibarrola diseinatzaile grafikoak ekarri zigun, Freddie Mercuryk xurgagailua eskuetan zuela kantatu zuen I Want to Break Free doinua etxeko garbiketa lanekin identifikatu zuenean. Elkarrizketa guztiak entzungaidaude podcast formatuan.

'Déjà vu'. Plagiatzera noa kasik iazko artikulua, Radio Vitorian Prime time saio goiztiarra (05:00-06:00) egiten duen Pedro Fernandez de Retana aipatzen hasita, kontu amorragarrien atalari dagokionez, behintzat. Esnatze atseginak eskaintzen ditu gizonak; eguraldia, musika, egunerokotasunari buruzko gogoeta txikiak, egunkarien izenburuak... Kadentzia gozoko esataria da, mugagabeko eruditua musikaren eta zinearen esparruetan. Saioan zehar Frantziako, Erresuma Batuko eta AEBetako egunkariak arakatzen ditu maiz, eta, azken minutuetan, Hego Euskal Herriko eta Madrilgo egunkarien izenburuei heltzen die, baita kirol egunkariei ere. Prentsaren leihotik mundura zabaltzeko ariketa horretan, eta saioko gainerako ataletan, euskara edo euskal kulturaren arrastorik ez da sumatzen. Ohituak gaude Fernandez de Retanaren mentalitatera (supremazismoa, kosmopaletismoa...). Gurean, kultura handiko makina bat herritarrek erakusten dute halako bazterkeria gurea denarekin, sikiera esaldi bakar bat ahoskatzeko ahalegintxoari muzin eginez. Eta libre dira horretarako. Ametiezina, hala ere, euskara eta euskal kultura sustatzeko jaio omen zen komunikabide publikoak bere etxean halako jarrerak onartzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.