Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Esataria bere futbolean

2020ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Inguruan, poza. Futbola irratiz emateko eta golak ospatzeko irrati esatarien karramistoak beti izan dira eszentrikoak, komikoak… Asteartekoa are estenporaneoagoa suertatu zen, Ipuruatik eskaini zigutena REk zein EIk Josu Loroño eta Rafa Mungiaren eztarrietatik. Esatariak beren estudioetako bakardadean. Kaskoa, hots, estadiotik at bizirik segitzen zuen gizateriarekin harremanetan jartzeko tramankulua buruan, harmailak hutsak, eta begien aurrean han behean, zelaian, hogeita bi jokalari baloi batekin jolasean. Badut jakin mina, ea esatari horiek nola sentituko ote ziren Ipuruan. Pantomima baten antzezle? Baritono gisa, agian? Ala beldur eszenikoak jota ariko ote ziren? Are anakronikoago gertatu zen antzezpen hura, jakinda pozaren adierazpen histrionikoa euskal irrati publikoek emititu zigutela, euskal talde batek euskal talde bati gola sartu zion aldiro.

Boluntarioen premia. Gezurrak sare sozialetan zabaltzeko metodo gero eta sofistikatuagoak erabiltzen dira, eta egunotan ari gara igartzen gardenen. Galdetu bestela fast news-ak detektatzea, kontrastatzea eta desaktibatzea xede duen VostEuskadi taldeko boluntarioei. Halaxe egin zion horietako bati, Kepa Aristi kazetariari Olaia Urtiagak Baipasa saioan herenegun, EIn. Azpimarratzekoa da orotariko boluntarismoaren ekarpena egunotan, eta horiena, nolaz ez, bizi dugun krisi larriak herritarrengan eragiten dituen ezjakintasuna, kezka eta antsietatea ez daitezen histeria kolektiboan bilakatu. Eta badute telefonoa kontsultetarako: 688-69 44 46.

Musika, itxialdirako. Musikaren aldeko apustu sendoa egin du Naiz irratiak makina bat saio zirkulazioan jarrita (ABD-ak, Beste bat, Emen Gonak, Etxeko uzta, Reggae Fever, Revolutionary Grooves, Sateliteak…). Denetariko estiloak eta denetariko esatariak (finkoak batzuk, eta aldizka mikroaren aurrean jartzen diren musikazale eta musikariak besteak). Saio guztien podcastak eskura dauzkagu irrati horren edo Arrosa sarearen web orrietan. Baliabide polita, itxialdiko egunak datozkigun honetan. Urrutira gabe, gaur, 20:00etan, Etxeko uzta saioko Ramonek, Izen Askotariko Emakumeak eta Axi Bukowskik, «Bada umorerik euskal musikan?» galdera izango dute hizpide, Uxoa Anduaga, Gorpuzkingz-eko Big Txiki eta Maite Arroitajauregi Mursego-rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.