Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Heliora

2020ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Emakume adintsua zen jada, Heliora zeritzana. Heliodora, seguruenik, baina berak Heliora zioen beti, eta inork ez zion kontra egin. Dendako solas batean esan zuen:

—Zaharrak ez du pentsatu nahi gaztetasuna joan zaionik, eta gazteak ez du pentsatzen zahartuko denik.

—Zahartzaren txarrena hileta askotara joan beharra dun —esan zuen gizon batek, eta Heliorak:

—Ez duk hainbesterako izango, norbera ere hil zitekek eta.

—Heure hiletara ez dun joan beharrik izango —gizonak.

—Inorenera ere zertarako, berarekin hitz egin ezin bada? —Heliorak.

—Jesus, Heliora! —hots egin zuen dendari-andreak—. Zuk esaten dituzu gauza moduak!

—Handiena esateko zaukanat! —Heliorak—. Atzo sator zuria harrapatu ninan.

—Sinesten dinat! —arrazoi eman zion gizonak—. Neuk ere atzo zozo zuria harrapatu ninan.

—Jesus! —oraingoan Heliorak—. Harrigarria denak egun berean gertatzea!

Heliora mendi urrunekoa zen. Aspaldi alargundurik, bakarrik bizi zen. Urtean lau aldiz jaitsiko zen kalera, urtaro bakoitzean behin. Neguan, San Tomas azokarekin, udaletxeak antolatzen zuen herri-bazkarira. Eta bide batez, negurako jenero batzuk erostera.

—Zer moduz bazkaria? —galdetu zuen dendariak.

—Ongi, baina triste samar —erantzun zuen emakume batek—. Gazteak falta ziren.

—Utzi bakean! —agindu zion Heliorak—. Zahartuko ditun, guk adina sufritzen badute.

Heliora emakume pertxenta izana zen, eta zen oraindik, pertxentki orraztua beti. Esan zuen:

—Goazen, datorren urtean etortzeko ere.

—Urtea badoa eta egutegi bat ere beharko duzu —esan zion dendariak, ale bat eskainiz.

—O, ez! —Heliorak—. Iazkoa ere estreinatzeko zaukanat.

Hartan, agure makur samar bat sartu zen dendan, eta hots egin zuen minduki:

—O! Zerbaiten bila etorri naun, ba, ni!

—Joan lasai! —animatu zuen Heliorak—. Etorri haizela gogoratzea ere ez duk gutxi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.