Osasunak beste urrats handi bat egin nahi du, Granadaren aurka

enaut agirrebengoa
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
San Mamesen urrezko garaipena lortu ostean, Osasunak Diego Martinezen Granada hartuko du gaur. 31 puntu dituzte nafarrek, eta, irabazita, bi gauza lortuko lituzkete: espainiarren sailkapenean aurrea hartzea eta salbaziorantz beste pauso handi bat ematea. Ez dira akuilu makalak.

Pizgarriak baliatuta, etxean galdutako distira berreskuratu nahi dute gorritxoek. Garaipen bakarra lortu dute Sadarren jokatutako azken sei partidetan, eta galdu egin dituzte horietatik hiru. Bada, indarberritzen saiatuko dira gaur, indar betean dabilen Granadaren aurka. Espainiako taldea ametsetako sasoia ari da osatzen, Diego Martinez Osasunako teknikari ohiaren lemapean. Ligan, hasieratik urruti izan ditu jaitsiera postuak, eta Kopan, berriz, finalaren atarian da.

Hori bai, azkenaldian oso itxura txarra ari da ematen bisitari moduan: galdu egin ditu etxetik kanpo jokaturiko azken zortzi partidak, eta azken seietan ez du gol bakar bat ere sartu. Hala, Granadaren idortea luzatzen saiatuko da Osasuna. Konfiantzaz iritsiko da, Athleticen aurka atea hutsean utzi eta gero. Horretarako, bost atzelariko sistema erabili zuen Jagoba Arrasatek, eta ikusteko dago gaur apustuari eutsiko dion edo, kontrara, ohiko planera itzuliko den. Haren esanetan, gaurko neurketa «mugarria» izan daiteke.

Entrenatzaile gorritxoak 21 jokalari sartu ditu behin-behineko deialdian. Bertan dira Ruben Garcia, Jose Arnaiz eta Kike Barja, arazo fisiko ezberdinak gainditu ostean. Oier eta Aridane ere zerrendan ageri dira. Ez dituzte asteko saio guztiak osatu, baina jokatzeko moduan egongo dira gaur. Chimy Avila eta Raul Navas dira eskuragarri ez dauden jokalari bakarrak; beraz, daukan ia guztiarekin ariko da Osasuna.

OSASUNA-GRANADA
Osasuna. Sergio Herrera; Vidal, Unai Garcia, Aridane, Estupiñan; Oier, Darko, Torres, Ruben Garcia; Cardona eta Gallego.
Granada. Rui Silva; Victor Diaz, Duarte, German, Neva; Gonalons, Yangel Herrera, Puertas, Machis; Carlos Fernandez eta Soldado.
Epailea. Sanchez Gonzalez.
Lekua. Sadar (18.375 ikusle).
Ordua. 12:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.