Arregi, Goenaga, De la Fuente eta Oñederra, Kimuak-en katalogoan

Euskara hutsezko bi film labur hautatu dituzte: 'Artiko' eta 'Mateoren ama'. Animazio lan mutu bat da Izibene Oñederraren 'Lursaguak'
Izibene Oñederraren <em>Lursaguak</em> animazio filmaren fotograma bat.
Izibene Oñederraren Lursaguak animazio filmaren fotograma bat. EUSKADIKO FILMATEGIA

Amagoia Gurrutxaga Uranga -

2019ko ekainak 12
Eusko Jaurlaritzak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin antolatu ohi du zinema lan laburrak zabaltzeko Kimuak egitasmoa. 22. aldia du aurten; 65 lan aurkeztu dira, eta horien artean aukeratu dituzte zazpi lanok: Artiko (Josu Venero eta Jesus Mari Lazkano), El Infierno (Raul de la Fuente), Labo (Jesus Maria Palacios), Leyenda dorada (Ion de Sosa eta Chema Garcia Ibarra), Lursaguak (Izibene Oñederra), Mateoren ama (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga) eta Medvedek (Ainhoa Gutierrez del Pozo). Lanotako bi euskara hutsean eginak dira: Artiko eta Mateoren ama.

Jesus Mari Lazkano margolariak Svalbard artxipelagora egindako bidaia erakusten du Artiko dokumentalak, Xabi Payaren testuak lagun. Josu Venero zuzendari eta ekoizlearekin lehenago ere lan egina da Lazkano.

Mateoren ama filmaren egileak, Artiko-koak ez bezala, Kimuak-eko katalogoan egonak dira lehenago ere. Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak egindako lehen fikzio lana dute aurtengo katalogoan aukeratu dutena. Iban Zalduaren Inon ez, inoiz ez liburuko Ama ipuinean oinarrituriko drama da, hain zuzen ere, Mateoren ama. Denboraldi batez ama ikusi gabe egon ostean, indarrak hartu eta hura dagoen zahar-etxera joatea erabakitzen duen gizona du protagonista.

Hainbat genero

Dokumentala zein fikzioa, zientzia fikzioa eta animazioa bildu ditu aurtengoan Kimuak-en katalogoak. Hizkuntza aldetik, euskara hutsezko bi lanez gain, gaztelaniazko bi, euskaraz eta gaztelaniaz egindako beste bat eta ingelesezko bat daude. Zazpigarrena, Izibene Oñederraren Lursaguak (Escenas de la vida), mutua da. Bertan, artistak Helene Cixousen gogoeta bat du abiapuntu: sekula ezagutu gabeko espezie bateko milioika sator milaka urteko kultura baten azpiak jaten ari dira.

Ion de Sosaren eta Chema Garcia Ibarraren Leyenda dorada, berriz, zientzia-fikzio lana da, 16 milimetrotan grabatua. Udako egun batean Extremadurako (Espainia) herri bateko udal igerilekuan gertatzen diren elkarrizketak eta pasadizoak kontatzen ditu, umorea eta kostunbrismoa uztartuz.

Hala ere, aurtengo katalogoan dokumentalak dira nagusi. Minerita lanagatik ikusleen eta kritikarien onespena jaso zuen Raul de la Fuenteren El infierno laburrak, esaterako, Sierra Leonako hiriburuko helduentzako kartzela batean lau urte egin dituen gaztetxoaren bizipenak kontatzen ditu. Labo-n, berriz, memoria historikoa landu du Jesus Maria Palaciosek, Tarragonako (Katalunia) Francisco Franco Unibertsitatea aztertuz. Ainhoa Gutierrez del Pozoren Medvedek-ek, azkenik, Esloveniatik ekarritako bi hartz emeren etorrerak Nafarroako Pirinioetan eragindako aldaketak erakusten ditu.

Kimuak-eko zazpi filmak aukeratzeko batzordea osatu dute: Carlos Plaza (Donostia Kultura), Carmen Serrano (Andaluziako Junta), Garbiñe Ortega (Ikuspuntu zinemaldiko zuzendari artistikoa eta Zineleku proiektuko zuzendaria), Roberto Barrueco (Bartzelonako MECAL jaialdiko zuzendaria) eta Ruth Perez de Anucita (Donostiako Zinemaldiko zuzendaritza batzordeko kidea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: