Josu Goikoetxea. Bertso gai-jartzailea

«Faltan sumatzen dut bertsolariak plazan izatea indarra»

Euskara gertukoago egiteko nahiaren ondorioz bertsozaletu, eta ia oharkabean hasi zen gaiak jartzen. Hogei urtetik gora egin ditu haiek sormenez planteatzen. Tramak utzi ditu, dramarik gabe.
MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gorka Erostarbe Leunda -

2018ko irailak 2
«Aspalditxoan» zerabilen buruan bueltaka ideia; baina azken saioa egin baino egun gutxi batzuk lehenago erabaki zuen gai gehiago ez zuela jarriko bertsolarientzat plazan. Ohiko aurpegia izan da oholtzaren gainean Josu Goikoetxea (Gernika, Bizkaia, 1974). Orain, «beste aldean» ariko da, entzule gisa nahiz bestelako zereginetan. «Ez nituzke erabat utzi nahi bertso mundua eta lagunak». Eta, era berean, poesia idazten jarraitu nahiko luke. Udazkenean aterako du lehen liburua.

Noiz egin zenuen azken saioa gai jartzaile modura?

Gernikako San Roke jaietan izan zen; urtero egiten da saio hori, abuztuaren 15an. Harrizko auditorio bat da, oso polita. Halako hurbiltasun bat sortzen da publikoarekin, eta hori izan da nire saio kuttunetako bat... [Etenaldi bat] Orain artean, gurasoak ere beti joaten ziren saioa entzutera. Uste dut gustukoa zutela semea han ikustea, herrian bertan. Azken hilabeteetan biak galdu ditugu, hil egin baitira. Eta hori ere izan da uzteko arrazoietako bat. Azkenaldian arrastaka nenbilen, egia esan, gaiak ateratzeko, saioak prestatzeko eta abar; tentsio pixka bat galdua nuen. Aurten sentitu dut Gernikako saioa zela egokia agur esateko. Ze plaza egokiagorik. Uxue Alberdi, Onintza Enbeita, Amets Arzallus eta Sustrai Colina izan ziren kantuan.

Gai jartzaile jardun aurretik, bertsolari izateko bulkadarik izan zenuen?

Oso bertsolari txarra nintzen; baneukan bertsoak idazteko joera. Bat-batean oso gaizki pasatzen nuen, ordea. Pena daukat. Jakin izan banu modu ludiko baten ulertzen bertsoa, igual lagunartean gai izango nintzen bertso bat kantatzeko, baina ez nuen lortu hori, neure buruarekin exijentzia gehiegizkoa bainuen. Bertsotarako nire zaletasunak zerikusi handia zuen euskaraz egiteko aukerekin. Asko hitz egiten genuen gaztelaniaz Gernikan, eta euskarazko munduan txertatzeko aukera ematen zigun bertsoak. Lagunarte zoragarri bat ere eman zidan; Jon Lopategi irakasle genuela ibiltzen ginen batera eta bestera.

Eta gai jartzen noiz hasi zinen?

Giro horretan gustura nenbilen, eta, aurren-aurrena, bertso biltzaile ibili nintzen, Bizkaiko herrietan barrena. 17 urterekin hasi, eta lauzpabost urte egingo nituen asteburuetan grabagailu txiki bat hartu eta han eta hemengo bertsoak biltzen. Esperientzia ederra izan zen, bertsolariak ezagutzeko, Bizkaia ezagutzeko... Gero, apurka-apurka, bertsolariak lagunak nituelako hasi nintzen gaiak jartzen, saio txikietan.

Nola oroitzen duzu lehen saioa gai jartzaile modura?

Ez dut oroitzen; jolas moduko saioren bat izango zen. Lehen saio serio samarra gogoratzen dut: 18 bat urte nituela, Natxi Aranburuk deitu zidan Ondarroatik, jaialdi bat antolatu behar zutela eta gai jartzaile aritzeko. Hura izango zen lehen saio handia: [Andoni] Egaña eta [Xebastian] Lizaso zeuden. Hainbestean joan zen saioa, ez zen desastre handirik izan, eta hortik aurrera apurka-apurka joan nintzen saio batzuk egiten. Gero, Gasteizera joan nintzen ikastera, eta han sortu zen bertso tramaren kontua... Hari esker, geroz eta gehiago hasi nintzen herriz herri.

Esana duzu gai-jartzailearen figura ez dagoela aintzat hartua. Zergatik?

Nik bertso eskolekin ez dut harreman handirik izan, zoritxarrez. Eta harritu ninduen jakiteak bertso eskoletan ez dela lantzen gai jartzailetza. Bertsoak lantzen dira, gaiak jartzen dira, baina ez da beren-beregi lantzen gai jartzailetza. Entzuten ditugu kexak, gai jartzaile gehiago behar dela, lanketa gehiago behar dela, baina oinarri-oinarritik ez bada egiten, berbok haizeak eramaten ditu. Uste dut bertso eskoletan dagoela gakoa. Teoria badago, esperientzia badago: horiek denak batzea, formulatzea eta egituratzea da kontua. Inork ez du izan nahi gai jartzaile bertso eskolan sartzen denean, baina... nik egingo nuke ahalegintxo bat alde horretatik.

Esan duzu zentzua eta sormena direla bi elementu funtsezkoak gai jartzailearentzat. Zuk gehiago egin duzu sormenaren alde?

Beharbada hasieran bai; gaztexeagoa izanik, ausartagoa ere bai, sormenaren aldeko apustua egin nuen. Baina gero ikasten duzu, hutsetatik ikasi ere, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Batzuetan, gai originalegiak ez du funtzionatzen, bere horretan ixten delako, eta bertsolariak biluzik geratzen dira. Jakin behar duzu gaiak izan behar duela bertsotarako abiapuntu bat, orekatua, bi bertsolariri bazka emango diena. Hori urteekin ikasten da, eta, hasieran ez bezala, azken urteetan zentzua erabili dut gehiago. Beharbada, oso pentsamendu kontserbadorea da, badakit.

Bertso tramarena mugarri moduko bat izan zen?

Bertso tramarekin oso ondo pasatu genuen. Gasteizen hasi genuen, Igorrek [Elortza], Jonek [Maia] eta hirurok. Oso trama zoroak ziren; libreak ginen edozer egiteko. Nik 23 urte nituen, eta 21 inguru pasatu dira lehen saiotik. Tabernetan-eta egiten genuen; giroa oso liberatua zen alde horretatik. Publikoa ere oso espezifikoa zen. Horrek asko lagundu zuen. Euskal Herri osoko ikasleak zeuden, gazteak asko; giro desberdin bat zen. Baina hasieratik ulertu genuen bertso trama ez zela bertsolaritza iraultzeko metodo bat. Jolas modura hasi genuen, eta apurka-apurka zabaldu zen Euskal herri osora. Egia da hasierako zorakeria hartatik leundu egin zela gero. Bestelako publiko bat zen, eta hasi ginen trama nobelatuagoak egiten, publikoarentzako errazagoak izango ziren tramak eratzen.

Arrasto batzuk utzi ditu, ordea: jolastu eta esperimentatu nahi bat.

Baina tramaren aurretik ere egiten ziren halakoak. 90eko hamarkada hasieran, esperimentazioak, jolasak eta abar egiten ziren: Joxerra Gartziarekin, Hitzetik Hortzera-ren boom horretan egiten ziren jolasak... eta beharbada hortik sortu zen bertso tramarena. Gai bati buruzko saio espezifikoak egitea ekarri zuen bertso tramak, hasi eta bukatu gai baten bueltan aritzea.

Bertsolaria gizartearen bat-bateko kronista zen lehen, eta ia figura intelektual bat da orain. Bilakaera horretan zer irabazi du bertsoak, eta zer galdu?

Nik uste dut plazan bertsolariak galdu egin duela indar hori, txapelketak salbuetsita. Uste dut asteroko plazan ez dutela halako pisurik bertsolariek, baina, beren trebetasun eta gaitasunen ondorioz, hedabideetara iristea lortu dute: gidoilari, sortzaile, iritzi emaile, komikilari, idazle... eta horrek bai, horrek eman die itzal handi samar bat. Nik faltan sumatzen dut bertsolariak plazan izatea indarra. Uste dut unea iritsi dela bertsolariak plazan esateko «nik honi buruz kantatu nahi dut»; zenbait espaziotan behintzat, ez akaso beti, eta bat-batekotasunari eragin gabe. Segun eta zein plazatan, gai jartzailearekin hitz egin, eta gero formularen bat egokitu horretaz kantatu ahal izateko, gaiak kezkatzen duelako, interesa duelako edo zernahi...

Bat-batekotasunari ez dio ezinbestean eragingo horrek?

Ez dakit zuzen nabilen; nire iritzia da, baina uste dut iritsi dela horretarako garaia, hau da, autoretza moduko bat garatzeko. Adibidez, Ez da kasualitatea formatua, emakume bertsolariez osatua: hor nabaritzen da ilusioa, tentsioa eta gogoa gauza berri, desberdin edo benetako bat egiteko. Ikaragarrizko saioak egiten dituzte. Zergatik? Badagoelako borondate bat norberetik bidea markatzekoa. Uste dut plazan falta dela hortik... Nik ez diot saio osoak horrelakoa izan behar duenik, baina bai mixtura bat. Gai arantzatsua da, badakit, eskatzen baitu lan bat, eta bertsolariak badu pudore bat...

Zein izan da zure gaiei zuku gehien atera dien bertsolaria?

Ez dakit hori erantzuten. Nik konfiantza handia daukat nire belaunaldiko bertsolariekin; Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jon Maia, Maialen Lujanbio... Haiekin, beharbada, erosoago sentitu naiz, eta batzuetan lagundu egin didate. Batzuetan, konfiantza larregi hartu dut haiekin, eta putada batzuk egin dizkiet, eta zuhurtasun handiagoz jokatu dut beste bertsolari batzuekin. Aitortzen dut: ez da justua.

Zure belaunaldiak zer ekarpen egin dio bertsolaritzari?

Nik uste dut kalitate izugarria ekarri duela, egoteko modu bat eta konpromiso bat izugarria. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu, baina sormen izugarrikoak dira, eta urteetan asko hobetu dute.

Mende laurden igaro da Lubaki Banda literatur taldea sortu zenetik. Hango kide izan zinen. Orain berriro literaturarekin kateatuta?

Ilusioa beti eduki dut. Beharbada, bertso munduarekin eta plazarekin lotuta egotea aitzakia bat izan da beste arlo horretan ez sartzeko. Baina ikusi dudanean bertsolaritzarekiko atxikimendua txikiagoa zela, besteari bidea ireki diot. Poema gutxi batzuk idazten nituen, eta Twitterren zabaltzen nituen...

Udazkenean liburua argitaratuko duzu.

Bai, eskaintza bat egin zidaten. Onartu nuen, eta oso pozik nago. Esperientzia ona izan da. Bertsoak estali dit urte askoan literatur sorkuntzarena. Gero, denbora behar da, umeak ditugu... Beharbada, denak dira aitzakiak orri zuriari kontra ez egiteko.

Elementu kreatibo gisa, bertsoa eta poema oso aldendurik ikusten dituzu?

Nire poemetan bertsoa ez da agertzen, baina seguru nago bertsoak eragin handia izan duela nire poemagintzan; errimaren lanketan, arrazoia kokatzeko orduan... Nik euskaldun izatea bertsoari zor diot, bertsoagatik naiz euskaldun kontziente, praktikante eta eragile. Bitxia da, baina jardunean zabiltzanean ez zara hain bertsozalea askotan; orain, aldiz, utzi eta gero, berriro gogoa piztu zait bertso saioetara joateko...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna