Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Terrazen estalpean

2020ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Salbuespena/kategoria. Zilegia izan liteke prime time-ko albistegi bat (asteartea, goizeko 08:00ak, RE) irekitzea adieraziz onartezina dela bezperan Bilboko zenbait terrazetan ikusi zena. Eta horretarako, autoritate morala daukala sentitzen duenaren tonua erabiltzea eta mozkor batzuen kantuen audioaz baliatzea. Horrela jokatuta, batek pentsa dezake on egiten diola osasun kolektiboari. Baina zilegia ere bada uste izatea albistegi bati diseinu hori ematen dionak, hots, kasik anekdota den gertakizuna (zenbait terrazetan gertatu zen giza pilaketa) kategoria bihurtzen duenak eta albisteen hierarkian goi-goia jartzen duenak…, alarmismoa pizten duela. Pandemiaren eraginez sentimendu eta emozioen bolborategia bilakatu den psikologia kolektiboak piromanoak baizik ez ditu behar oraintxe!

Pagaburuak. Zenbait ideia proiektatu dizkigu alarmismo horrek: gizarteari errieta egin behar zaio ez dakielako kudeatzen ematen zaion askatasun murritz hori. Eta are okerragoa dena, pagaburuak identifikatu nahi izan ditu, haiengana bidera daitezen gizartean errotu diren ezinegona eta haserrea. Eta, bide batez, diluitu dadin administrazioak daukan erantzukizuna. Urrutira gabe, astearteko REko albistegi horretan zehar Arantxa Tapiari, Gorka Urtarani eta Juan Mari Aburtori beren botere-kudeaketa justifikatzeko aukera eman zitzaien; saiakera abila izan zen agintaritzari presioa kentzeko.

Haizerik gabeko putza. Zenbait terrazatako argazki ikusgarriekin entretenitu gaituzte pare bat egunetan. Arduratsuagoak izan gaitezen ez dakit, baina are gehiago aztoratzea, hori lortu dute. Terrazen erabiltzaileengan enfokatu dugu geure amorrua, gaitz guztien erruduntzat jota. Hirugarren egunerako, ordea, terrazek jada ez zuten itzalik egin albistegietan.

Ikasten ez eskarmentutik. Gogoratzen al zarete umeak ordubetez kalera irten ziren lehen egun harekin? Edo helduak kalera paseatzera edo kirola egitera irten ziren lehen egun harekin? Orduan ere alarmismoan eta sentsazionalismoan sakondu zuten komunikabide askok; esaterako baterako, egundoko protagonismoa eman zitzaien Eibarko plazan baloiarekin jokoan aritu ziren haurrei, Euskal Herriko haur guztien ikono bilakatu ziren. Hori izan zen notizia, eta ez gehien-gehien-gehienen jokabide eredugarria. Iragana da agertoki hura guztia jada, pandemiaren historiaurrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.